Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Patxa

Nork ez du ezagutzen Baiona Ttipian hain enblematikoa den Patxa plaza? Azken 30 urteotan Lapurdiko hiriburuko auzo zaharrenetakora hurbildu den oro, seguru asko, handik iragan izan da, mobilizazio bateren karietara inguru horretan pote bat (edo bi) hartzera, edota, festen garaian, gazteen ekimenetan edo presoen aldeko bazkarian parte hartzera.

Egia esateko, plaza, berez, ez da oso atsegina. Zaharkitua dago, aspalditik autoen aparkaleku bilakatu da, eta maiz pixa kiratsa dario. Alabaina, joan den hamarkadetan hamaika jazoeraren lekuko eta mugimendu abertzale, intsumiso, ekologista edota alternatiboen bilgune esanguratsua izan da, eta da egun ere. Patxa mugimendu libertarioak 80ko hamarkadan bertan zuen presentziari esker trenkatu zen deitura. Inork gutxi daki, ofizialki, Trinketeko plaza dela. Pentsa, duela hiru urtera arte Baionako auzapeza zen Jean Grenetek berak ere Patxa plaza deitzen omen zion.

Auzotarrek urteak daramatzate plaza eraberritzeko eskatuz, bai auzo bizitza sustatzeko bai gunea berriro ere belaunaldien arteko elkargune bilaka dadin. Eskakizuna, ordea, hutsean geratu izan da… orain arte. Izan ere, Baionako Herriko Etxeak berak babestuta, prozedura parte hartzailea jarri da abian, eta, larunbatean, Patxa plazako kolektiboak, jai giroan, belaunaldi guztietako auzotarren arteko topaketa antolatu zuen gunea nola atondu eta zer erabilera eman erabakitzeko ideiak biltzeko. Maketen bidez egindako planteamenduak txukun jarri eta argazkiak Udalari helaraziko dizkiote, baionarrek bozketa bidez egokiena hauta dezaten.

Bankuak, jolastokia, iturria, arbolak edota argiteriak nola kokatu gorabehera, bi elementu nagusi «ukiezin» izango direla aitortu dute: bertan dauden bi muralak. GALek eraildako Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren eta “desagertutako” Popo Larre eta Jon Anza euskal militanteen potretak irudikatzen dituena bata, eta Frantziako eta Espainiako banderez inguratutako Euskal Herriko lurraldearen mapa erakusten duena bestea. Bai ala bai, atxikiko direla agindu du kolektiboak. Bejondeizuela! Demokrazia parte hartzailearen ariketa eredugarria erakusteaz gain, memoria kolektiboaren jagole izateko asmo trinkoa izateagatik.