11/11/2017

Crónica
LURRAMA AZOKAREN XII. EDIZIOA
ETXALDEEN LEIHOA, BIZITZAREN ETA ANIZTASUNAREN MINTZALEKU

EURIA ARI DU, EZ DA GIRO». ASTEBURUAREN ATARIAN KARRIKAKO SOLASALDIETAN OHIKOAK DIREN ESALDIEK BIARRITZEKO IRATI ARETOAN SARBIDERIK EZ DUTE. ATZO LURRAMARA HURBILDU ZIREN HAURREK ERE HORI JAKIN BADAKITE. BEGI BAT ZERUARI SO ETA BESTEA LURRARI BEHA BIZI DIREN LABORARIEN ERAKUSTAZOKA ZABALIK DA IGANDEA BITARTEAN.

Maite UBIRIA BEAUMONT
1111_ek_lurrama1

Marie-Annie Jaury Altzürükütik heldu da Lurramara. Haurren txokoan atzeman dugu, beraien irakasleen begiradapean otordua hartzeko prest diren eskoletako haurrez inguraturik. «Hasi besterik ez dugu egin eta forman gara oraino, hirugarren egunean normalki lasterka eta algara horiek pisuago eginen zaizkigu», aitortu du irribarretsu. Laborantzak itzal handia duen herrialde batetik etorri bada ere, Marie-Annie ez da etxaldeaz bizi. Ingeniaria ogibidez, kostako bide luzea hartzea ez diola axola azaldu digu neska gazteak. «Landa eremu batetik nator eta hemen hirigune handi batean gara, jende gurutzatze horiek atsegin ditut; Lurrama besta handia bada, gainera, herriaren indarra erakusten duen hitzordu ederra», gehitu du altzürükütarrak. Marie-Annie agurtu eta xapitoaren kanpoaldean tixert horiak dituzten haur batzuk lerroa hala-hola gorde nahian atzeman ditugu.

Elena Ustarroz irakasle itsasuarra dute zaindari Ahatsa eta Mendibe herrietako eskoletatik heldutako ikasleek. «Goizean tailerretan izan gara eta esperientzia zinez polita izan da, gu landa eremu batetik bagatoz ere, haur guztiek ez dute nahitaez etxaldearen bizitza ezagutzen eta hemen horren adibide hurbilak xerkatu dituzte».

Patxi eta Leire irakasleari adi-adi begira dira. Biek ala biek bost urte dituzte. Lehenak loriaturik ikasi du «nola egiten den gasna», bigarrenak «behiak eta ardiak» nahiago omen ditu. «Piknika hartu eta geroxeago joanen gara kabalak ikusterat», lasaitu ditu goxoki irakasleak.

Mediterraneoko lagunak

Aurten Lurrama azokak bioaniztasunaz gozatzeko gonbita luzatu nahi izan du. Belaunaldiz belaunaldi euskal etxeetan bertako haziak eta abere arrazak atxikitzeko eginiko transmisio lanaren garrantzia nabarmendu nahi izan du Lurramaren sortzaile nagusietako den Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG).

Bestalde, Lurraman gurutzatzeak etengabeak dira. Laborantza eta hiriko bizimodua era aski naturalean uztartzen dira, kultura eta ingurumena azokaren beste osagai inportanteak dira. Baita herrialde ezberdinetako lagunen arteko adiskidetasun loturak ere.

Mediterraneo aldetik, PACA izeneko eskualdetik 50 bat lagun heldu dira. Gasna, ardoa, olioa edota eztia biltzen dituen mahaiaren bestaldean Sylvain Apostolo, Lorraine Prunet eta Olivier Bel ezagutu ditugu.

Laborantza lurrak ez galtzeko daramaten borrokaz, etxalde txikiak bizirauteko elkarlanaz eta, bereziki, «laborantza jardueraren aniztasuna bermatzearen garrantziaz» mintzatu dira.

Euritan edo euririk gabe, bizitzaren eta aniztasunaren gainean hitz-aspertua egiteko Lurrama baino lur eremu aproposago