J.O.
Entrevista
MIKEL URRUTIKOETXEA
ASEGARCEKO PILOTARIA

«Ni faborito garbitzat jotzen nauenak ezer gutxi daki pilotaz, oso irekia dago»

Joko bolada izugarrian heldu da Zaratamoko pilotaria Lau eta Erdiko finalera, jokatutako lau partidetan inor ez da berari 15 tanto egiteko gai izan. Hala ere, Mikel Urrutikoetxeak bere betiko diskurtso apal eta neurtua erabiltzen du. Kantxan gozatzen ari da eta nabari zaio, igandean egindako lanaren ordaina jaso nahi du bere laugarren txapela jantzita.

Final egunean goraino beteta egongo den Bizkaia pilotalekuak erraldoiagoa dirudi Urrutikoetxearen entrenamenduaren osteko barealdian.

Hasteko, nola dago hatz hori?

Ondo. Molestiak hor ditut, baina normala da, haustura hor dago eta bere denbora behar du ondo osatzeko. Molestiak baditut baina normal antzean entrenatu ahal dut eta alde horretatik arazorik ez.

Berriz ere final batean, iazkoaren ondoren bazegoen gogoa?

Finalera heltzeko beti izaten da gogoa, azkenean horretarako ari gara lanean eta hori da denen helburua. Egia esan, niri ilusio bera egin dit jokatu nuen lehen finalak, bigarrenak, hirugarrenak, laugarrenak eta honek. Final batera heltzea sekulakoa da, ikusi behar delako zein mailatako pilotariak dauden, oso zaila da.

Inoizko Mikel Urrutikoetxearik onenaren aurrean gaude?

Ez dakit, egia da azken urteetan kantxan gusturago sentitzen ari naizela, fisikoki gero eta hobeto aurkitzen naiz, indar aldetik behintzat, baina ondo dakit badudala hobetzen jarraitzeko marjina handi bat eta horretan ari naiz.

Fisikoan garapena nabaria da, baina joko aldetik ere nabarmen egin duzu gora?

Gero eta erosoago nago eta gero eta gehiago gozatzen ari naiz kantxan. Indarra hartu dudala ikusita, pilotara beste modu batera sartzen naiz eta horrek ere lagundu egiten du teknikoki beste gauza batzuk egiterako orduan.

Kanpotik ikusita sekulako ziurtasuna transmititzen duzu...

Prozesioa barrutik doa. Nire momentu txarrak eta urduritasunak izaten ditut. Baina azkenean kirol honetaz gozatzeko gaude, ahalik eta gehien disfrutatzeko eta argi dago momentu onak eta txarrak izango ditudala eta onak direnean gozatzen saiatzen naiz.

Pronostikoetan zu agertzen zara faborito garbi, hala zara?

Hori esaten duenak pilotaz ezer gutxi daki. Nik final oso irekia ikusten dut, oso argi daukat gauzak oso ondo egin beharko ditudala aukerak izan nahi baditut.

Presioa sortzen du faborito izate horrek?

Presio berezirik ez, nik nirea egiten jarraituko dut. Nire helburu pertsonala egunen batean txapel bat irabaztea zen, hor goian egotea eta horretarako egin dugu lan, baina batez ere honetaz guztiaz disfrutatzeko.

Baina elkarren aurka aritu zaretenetan erraz irabazi diozu. Eskua hartua diozu?

Azkenean nik partida horiek ez ditut erreferentzia bezala hartzen. Duela hiru asteko garaipenak balio izan zidan finalerdietara besteak baino astebete lehenago sailkatzeko, baina oraingoa final bat da, biak hustetik hasten gara eta aurrekoak ez du ezertarako balio, egun horretan, une horretan %100ean izan behar dut, bestela jai dut.

Jokinek arriskuak hartu beharko ditu irabazi nahi badizu?

Nik uste biek arriskatu beharko dugula. Azken batean, tantoak amaitzeko arriskatu egin behar da, partida bat defentsan irabaztea oso zaila da, edo ia ezinezkoa.