Idoia ERASO
BAIONA

Zinegin, euskarazko zinemaren Ipar Euskal Herriko plaza

Zinegin festibala bihar hasiko da Hazparnen, eta igandera bitarte dokumental, film labur eta fikziozko film luzeekin batera, bideo-poteoak, master-class-ak eta zinemari loturiko beste hitzordu batzuk proposatuko ditu. Ikusleen kopurua gora doa, 1.000 inguru izan ziren iaz.

«Euskal zinema aitzina doa kalitate mailan, eta guk gure eskaintza xumeki segitzen dugu», baieztatu zuen Kristof Arotzarena Zinegineko antolatzaileak. Hazparneko Eihartzea kultur gelaren eta Ttattola gaztetxearen artean antolatzen duten jaialdian euskara hutsean diren ikus-entzunezko berritasunak aurkeztuko dituzte aurten ere.

«Gure tokia aldarrikatzen dugu. Hego Euskal Herrian bada ahal gehiago hemen baino, baina egindako lanarekin harro gara, ez da zailtasunak izan ditugulako ez dela segitu behar», esplikatu zuen antolatzaileak, hainbat film ezagun Hazparnera eramateko ezintasuna aipatuz. Euskaraz izan den produkzio zabalaren artean «kalitatez beteriko sailkapena» egin dute eta jaialdian izanen diren obra batzuk nabarmendu zituen.

Larunbateko prime-time-erako “Alaba zintzoa” film luzea hautatu dute, eta Zinemalditik zuzenean Lapurdira helduko den “Bi txirula” ere bai. Familian profitatzeko aukera eskainiko du “Nur eta herensugearen tenplua” filmak, lehen aldiz aurkeztuko dena Ipar Euskal Herrian. Jaialdia bukatzeko, “Euskara mundua besteen ahotan” dokumentala eskainiko dute.

Filmak baino gehiago

Jaialdiaren nagusiki Haritz Barne zinema gelan iragaten bada ere, giroa herrira ekartzeko eta zazpigarren artera hurbiltzeko, bestelako ekimenak ere izanen dira. Ttattola gaztetxean bi gaualdi izanen dira, musikari lotua bata, eta lehiari bestea.

1929. urteko “Gizon kameraduna” edo “Chelovek s kino-apparatom” filma aurkeztuko dute larunbat gauean. Errusiako Iraultzaren urteurrenean Dziga Vertoven filmari musika jarriko diote zuzenean, eta horretarako Iñar Sastre piano jotzailea eramanen dute. «Inprobisazioa egitera gonbidatu dugu, filma ikusiko du, pixka bat lantzeko eta gero zuzenean joko du», azaldu zuen Arotzarenak.

Kliklap- Zinequizz gaua ere izanen da. Ostiralean, zinemari buruzko galderei taldean erantzuteko jokoa antolatu dute, eta tarteka ekainean ireki zuten Kliklap bideo lehiaketako bost minutuko bideoak erakusten joanen direla jakinarazi zuen hazpandarrak: «Bideoetan bada denetarik, eta polita da denak ikustea. Gaualdiaren bukaeran gure sailkapena emanen dugu».

Master-class bat eskainiko du Patxo Telleria aktore, zuzendari eta gidoilariak, testuak literaturatik zinemara egokitzeko baliatu daitezkeen tresnen inguruko klase praktikoa. Larunbata literaturari loturiko eguna izanen da, horrela klasearekin batera idazle bati buruzko dokumentala ere aurkeztuko da: “Joseba Sarrionaindia. Han eta hemen”.

Herrian zehar bideo-poteoa antolatu dute, non pote eta pintxoa film laburrekin elkartuko den. Aurten gainera berritasun batekin dator, bertsoak ere izanen baitituzte bidelagun. Aurreko edizioetan izandako arrakasta azpimarratu zuen antolatzaileak, adin guztietako jendearen artean giro ederra sortzen dela erranez.

 

Handiak txikietatik banandu dira aurten

Azken bi edizioetan ez bezala aurten euskal zinemako film “handiak” ez dira Zineginen egonen. Aurreko bi edizioetan “Loreak” eta “Amama” ikusteko parada izan bazen ere, aurten Donostiako Zinemaldian saria irabazi duen “Handia” eta Donostiako Fantasia eta Beldurrezko Zinema Asteko irabazlea izan den “Errementari” ezin izanen dira aste honetan Hazparnen ikusi.

Programazioan dauden beste filmen kalitatea nabarmentzearekin batera, erabaki komertzialek duten eragina deitoratu zuen Kristof Arotzarena jaialdiko antolatzaileak: «Frantzia eta Espainia arteko muga ongi markatua da. ‘Loreak’ aurkeztu ahal izan genuen, lehenago Montpellierreko festibalean aurkeztu zutelako, baina aurten ez da horrelakorik gertatu». Herrialde batean film bat aurkezten duten lehenak izatea eskatzen dute jaialdi batzuek, eta oraingoz Estatu frantsesean ez direnez estreinatuak izan, ez da Zineginen eginen. I. E.