Dabid LAZKANOITURBURU
donostia

Ekialde Hurbilaren muinak eta ertzak ezagutarazteko hiru kazetariren bidaia(k)

“Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak” liburua aurkeztu zuten atzo Donostian Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetari eta egileek. Kristina Berasainek koordinatuta, Aleka bildumako laugarren lana argitaratu dute “Berria” egunkariak, Elkar argitaletxeak eta Jakin-ek.

«Muinak eta ertzak» lanak Udaberri Arabiarra du ardatz eta abiapuntu, sei urteren buruan «Negu Gordina» bilakatu dena. Horretan ados daude hirurak. Hala ere, nor bere esperientzietan oinarrituta, gatazkak dituen ertz desberdinak jorratu dituzte eta horrek isla du liburuaren egituraketan.

Iranen 2009an piztu zen «Matxinada Berdean» ikusten du Vocento eta EITB-rako lan egiten duen Ayestaranek Udaberri «arabiarraren» aurrekaria. Bidaia ISISen kalifa-herritik pasatu eta Palestinan amaitzen da –azken hiru urteak Jerusalemen eman ditu–. Ez da, beraz, batere harritzekoa bere ikuspegi ezkorra.

Ane Irazabalek (“Berria”, “Argia” eta EITB) bizi izan zituen Egiptoko «kontrairaultza» eta Tunisiako «esperimentu ahula»-ren haritik, nolabaiteko nostalgia, desilusioa –izan zitekeenaren eta izan zenaren arteko amildegia– eta nekea, «nekea eta haserrea», aipatu zuen herritarrek egun pairatzen duten egoera azaltzeko.

GARAko kolaboratzaile Karlos Zurutuzak «Udaberria», hastekotan, 2010ean Saharako Gdeim Izikeko matxinadan hasi zela berretsi zuen eta eskualdean ikusi duen iraultza bakarra kurduena izan dela gogorarazi. Egungo egoera tamalgarria ikusita merezi izan ote zuen galderari beste galdera batekin erantzun zion: «Zer erantzungo zuketen errusiar gehienek 1921-22 urte gogor haietan 1917ko Iraultzari buruz? Ertzek ematen dute perspektiba.