Idoia ERASO eta Maia MURUAGA
DONOSTIA
Entrevista
ITXARO BORDA
IDAZLEA

«Batzuetan ahalke nintzen idatzi nuenaz, baina behar da asumitu»

Irati Gorostidi eta Arantxa Santestebanen «Euritan» film laburra Kimuak katalogoaren barnean dago. Itxaro Bordak 1985ean idatzi zuen «Klara eta biok» ipuinean oinarritutako filma da, non gaurko egoeratik berrirakurketa egitea eskatzen zaion idazleari.

Nolako esperientzia izan zen garai horretako testua berriz irakurtzea?

Baionan grabatu genuen film laburra, eta erakusten dit testua berrirakurtzen, eta komentarioak egiten, baina ez naiz lekuko bakarra, badira, belaunaldi ezberdinetako emakumeak ere. Nire rola denboraren lekuko izatea da, ez da seinale ona, baina… kar, kar! “Maiatz”-en 11. zenbaki historikoan argitaratua izan zen. Testu hori irakurtzen dut 30 urte beranduago, ikusiz ze pasatu den gure herrian, eta nire bizitzan bertan, nola pasatu naizen “fuck” ideologia suizidariotik, orain are gehiago bizi nahi izatera, eta horrelakoak… Leize bat bezalakoa izan da, filmak leizea erakusten du, hau da, zati batzuk orain, hiru hamarkadaren ondoren, ze zailak zitzaizkidan irakurtzea eta asumitzea, berezia izan zen.

Erakusten dute Casabetten “Une femme sous influence” filmaren zati bat, eta horren inguruan zer hausnarketa dugun galdetzen digute. Filmean, Peter Faulkek bere menean emaztea duen senarraren rola egiten du. Irudi horiek eta nire testuaren berrirakurketak erakusten dute denbora pasatu dela. Euskaldunek badugu denbora pasatuaren iritzi negatiboa, baina orokorki, denbora pasatu da “onerako”, uste dut gure jende harremanen onerako; emaztearen lekua ere Euskal Herriko jendartean hobetu da.

Ez dugu gehiago «gizartea» erraten, gehiago erraten dugu «jendartea», hizkuntza bera pixka bat zibilizatu dugu gai horietan, eta nire ipuinean 1985. urte inguruko salbaitasun lexikala ageri da, sozietatearen salbaitasuna. Bortiztasun horri GALen atentatuak eransten zitzaizkion, euskaldunen mundua arras banatua zen, Iparraldea-Hegoaldea, IKA-ETA… Bazen horrelako moztura soziala, egun ez dena. Testu horren berrirakurtzea horrelako denbora tarte horrekin bitxia zen, eta batzuetan ahalke nintzen idatzi nuenaz, baina behar dut asumitu hala ere.

Irakurketa positiboa zure baitan ala jendartean izan diren aldaketengatik egiten duzu?

Nik uste dut orokorki jendartean aitzinamenduak izan direla alor horietan, nahiz eta txikiak izan. Uste dut azken urte hauetan, euskaldunen artean errazkiago mintzatzen garela, gaiak ere jorratzen ditugu aurreiritzirik gabe, aski dago ikustea feminismoaren inguruan ze lorakada dugun, eta beste. Niretzat orokorrean hobekuntza bada, badakit arazoak gelditzen direla, eta menturaz arazo berriak etorriko zaizkigula eta arazo bakoitzari ihardespen bat eman beharko diogula. 1985. urtean arazoak baziren, eta idatziz eta filmak eginez, borrokan inplikatuz edozein moldez, banaka edo kolektiboki erantzunak aurkitu ditugu. Belaunaldi bakoitzak baditu bere erantzunak, eta niretzat, pertsonalki orokorrean, eta ez nire bizitza pertsonalean soilik, bada hobekuntza ttipi bat.

Iruditzen zaizu belaunaldi berrientzat garrantzitsua dela berrirakurketa hau egitea?

Bai edo ez, zeren eta belaunaldi bakoitzak uste du zerotik hasten dela. Eta hori xantza bat da, mundurat ateratzen garenean. Behar da transmititu belaunaldi batetik bestera, bere topatze ideologikoa, bere oztopatze ideologikoak, bere lorpen ideologiko, kulturalak eta beste, bere dudak, horiek oro transmititzea eta uste dut ‘Euritan’ filmak hori zuela helburuetarik bat, nahiz eta laburra izan, kulturek orokorrean badute transmititze lan horren agerpen bat. Kulturarik ez liteke, ez bagenu transmititzearen beharrik, kultura hori da ere, zer hautatzen dugun transmititzeko, zer baztertzen dugun, ondoko belaunaldiek zer deskubritzen duten aitzineko belaunaldiez, edo aitzineko belaunaldiak gorde nahi zuenaz. Hori guztia fikzioaren bidez pasatzen da, eta horretarako garrantzitsuak dira filmak, liburuak, musikak, denek aztarna horiek ematen dizkigutelako.