Ramon SOLA

KONTAKIZUNAREN BORROKAN, ETA-RI BURUZKO ZENBAIT EGIA

Mende erdia baino gehiago duen ETA erakundeak 15.000 militante izan dituela uste da. Hori bezain datu adierazgarri ugari bildu du Iñaki Egañak, pasarte ezezagun edota jadanik ahaztutako askorekin batera, borroka armatua erabili duen erakunde politiko baten «historia laburra» osatuz.

PPko EAEko buru ohi Antonio Basagoitiren adierazpen batekin amaitzen da Iñaki Egañak idatziriko ‘‘ETAren historia laburra’’ liburua. Kofi Annan NBEko idazkari nagusiari aurpegiratu zion, honek Aieteko Konferentzia zuzendu ostean, akusazio gisa: «Espainiako errealitate bakarra da ETAk 857 pertsona hil dituela eta Espainiaren batasuna defendatzen dugunok, berriz, bat bakarra ere ez».

«Kontakizunaren borroka» delakoaren adibide gordina da Basagoitiren adierazpena. Askotarikoagoa da, ordea, gatazkaren errealitatea eta zabalagoa ETAren jarduna, eta honi zehaztasunez begiratzen dio Egañak lan berritzaile honetan. Izan ere, orain arte ETAren historia era kronologikoan idatzi izan da; historialari donostiarrak, ostera, atalez atal aurkezten du, oharkabean igarotako alde eta gertaera asko agertuz.

Harreman mamitsuak

Ariketa honetatik ateratzen den ikuspegia, gehienetan baina ez beti, borroka armatua erabili duen erakunde guztiz politiko batena da. Testuinguru politiko ezberdinetara egokitzen joan dena, nazioarteko harreman asko izan duena, 44 elkarrizketa eta hainbat prentsaurreko eman dituena…

Espainiar Armadako 13 jeneral hil dituen erakundea da ETA (bere historia osoan zehar baino gehiago, Egañak aipatzen duenez), baina horretaz gain Jean Paul Sastrerekin bildu zena, eta gero hainbat gobernurekin negoziazio prozesuak abiatu dituena ere bai.

Katalunia guztion ahotan dagoen garai honetan, Josep Tarradellas Generalitateko buruak 1977. urtean ETAren eta Gobernu espainolaren arteko zubi lana egin zuela aipatzen du egileak, esaterako, bai eta 2004an Govern-ean zen ERCko Josep Lluis Carod-Rovirarekin bilera aski sonatua izan zuela ere.

Ñabardura askorekin osatzen da ETAren egia. Beste talde armatuekin izandako harremana laburbiltzen du Egañak: bera sortu zenean DRIL zen Estatu espainolean zegoen antzeko erakunde bakarra; gero Euskal Herrian Komando Autonomo Antikapitalistak, Iparretarrak eta Iraultza izan ziren. Antolakuntza ereduaren bilakaera ere jorratzen du, garai bateko lau fronteetatik 90eko hamarkadako «aparatuen» egiturara. Finantziazioaren arloa eransten zaio (lapurretak, bahiketak, zerga iraultzailea…). Eta armak nola joan den eskuratzen, Txekiako lehen erosketatik hasi eta azken garaietan lehergaiak fabrikatzera helduz, armategietan eginiko lapurreta handiak ahaztu gabe.

Presoak erregimen arruntean zirela

Ekintza armatuak ez ditu bakarrik datuetan bildu Iñaki Egañak, zenbait kanpainaren nondik norakoak ere azaldu baititu: batzuk garai batean bakarrik kokatzen dira, droga trafikoaren aurkakoa kasu, baina beste zenbait historian zehar barreiatzen dira, kazetarien kontrako atentatuak, esaterako.

Basagoitik ukatzen zuen aurkako indarkeria ere ez du bazterrean uzten ‘‘ETAren historia laburra’’-k. Espetxeetan eragindakoa, esaterako: atal horretan, bitxia da ohartzea Carrero Blanco hil arte (1973) ETAko presoek erregimen arrunta izaten zutela, gaur oraindik gertatzen ez dena alegia. Bistan da erakundeari buruz dezente idatzi den arren, badela zerekin harritu eta zer ikasi oraindik.