Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
SKIMBOARDING

«Skimboarding surf»:urertzeko olatuetan dantzan

Ia mende bat joan da Kaliforniako kostaldean sorosleak zurezko xaflekin urertzean lerratzen hasi zirenetik. Euskal Herriko hondartzetan ereohikoa zen 80ko hamarkadan jendea taulekin irrist egiten ikustea. Egun, horri «skimboarding» deitzen zaio, eta kirol bat da.

AEBetan skimboard esaten diote, eta ondorioz, mundu osoan izen horrekin ezagun egin da kirol hau, baina gurean aspaldi egiten zen, izenik ez bazuen ere. Egurrezko xafla edo “txanpero” bat urertzean jaurti, jarraian taularen gainera salto egin eta zutik ahalik eta metro gehienean labaintzea zen helburua.

Gaur egun, urertzean ibiltzeko taulak zuntz eta poliesterrezkoak dira eta abiadura handiagoa eskuratzeko aukera eskaintzen dute. Gainera, «surflari» trebeenak itsasertzeko olatuetara «igo» eta surf egiteko gai ere badira. Euskal Herrian, kortxozko taulak agertu zirenean desagertzen hasi zen «txanperoa» eta urertzean taula baten atzetik korrika ibiltzen ziren lagun taldeak ere aienatu ziren.

Modalitate honek, ordea, beste ibilbide bat izan du AEBetan; garapen bat izan du, bai materialari bai berau praktikatzeko moduari dagokionez, eta historia bat duela ere esan daiteke. Orain, Kaliforniako ur bazterretatik bueltan etorri da garai batean Euskal Herriko hondartzetan hain hedatua zen jolasa. Lehen ez bezala, orain kirol bat da eta skimboard du izena.

«Pizza board» eta «skidboarding»

Kalifornian duela ia 100 urte hasi ziren zurezko xaflekin ur azalean surf egiten. 1920. urte inguruan hasi ziren Laguna hondartzako sorosleak sekuoia luzez eginiko xafla borobilak erabiltzen. Tex Haines-ek, Victoria Skimboards markaren sortzaileak, honela gogoratzen ditu hastapenetan erabiltzen zituzten taula haiek: «Torlojuekin lotutako egurrezko xafla bat zen, kurbarik gabekoa, bost oineko luzerakoa (metro eta erdi), baina hasieran gehiago erabili ziren ontzi baten bultzadaz lagunduta ur gainean lerratzeko, itsasertzean labaintzeko baino».

Taula borobil hura pizza board deitu zuten, eta hastapenetako taula guztien diseinua hura izan zen, 60ko hamarkada hasieran ohiko skimboard taulak (txikiagoak eta zabalagoak) egiten hasi ziren arte.

Horren ostean, Lagunako surflariek obalo forma eman zioten «pizza taulari» eta hondartzatik oso metro gutxira lehertzen ziren olatuen kontra jaurtitzen hasi ziren. Orduan hasi zen skimboarding modalitatea indarra hartzen.

Sasoi hartan skidboarding deitzen zuten, baina 1976an izena aldatu eta ordutik skimboarding izenaz ezagutzen da. Skidboarda bi modutan erabiltzen zen, batetik urertzean, eta bestetik, trakzio bidez (ontziek bultzatuta).

Urertzeko modalitatea egungo skimboardinga litzateke, eta trakzioko labainketa, ostera, egun beste bi modalitatetan banatzen da. Batetik, wakeboarding deritzona, ibaian egiten dena, eta bestea kiteboarding modalitatea, kometa baten bultzadaz baliatuz itsasoan edo ibaian egiten dena.

«Skimboarding»

Hastapenetan, olaturik gabeko egunetan edo malda handiko lekuetan, itsasgoran denbora-pasa aritzeko aukera bat baino ez zen, baina pixkanaka jolasa zena kirol bilakatu zen. Horrela, jendearen errespetua lortu eta itsas kirolen klubeko kide izatea lortu zuen.

Testuinguru horretan, mundu mailako lehen skimboard txapelketa Aliso Beachen egin zen 1976an, eta orduz geroztik, kirol honekin lotura estuena duen hondartza da. Bertan egiten da The Vic txapelketa, kirol honetan egiten den munduko lehiaketa garrantzitsuena. Urtero, abuztuan, munduko skimboard zale onenak biltzen dira txapel preziatua eskuratzeko eta ikusle andana gerturatzen da Aliso Beacheko ur bazterrera.

1970eko hamarkadaren amaiera aldera, aldaketa esanguratsu bat izan zen materialari dagokionez. Hots, 80ko hamarkadaren hasierarako, surf taulak balira bezala, foam kortxozko taulak egin eta gogortasuna emateko zuntzarekin estaltzen hasi ziren. Horrela, taula arinagoak baina aldi berean gogorragoak izatea lortzen zuten.

Jada ohiko surf taulen ondoan ikus zitezkeen skimboardak dendetan. Denbora gutxian kirol hau Kanada eta Europara zabaldu zen eta indar hartzen zihoan neurrian, jendea ibai, laku, urmael eta hirietako erdiguneetan praktikatzen hasi zen.

Garai onak eta txarrak

1987ko irailean “Sports Illustrated” kirol aldizkari ezaguneko azalean agertu zen Tom Trager skimboard taula baten gainean eta sekulako arrakasta izan zuen erreportajeak. Kirol honen urrezko garaiak ziren, baina ez zuen asko iraun sasoi dirdiratsuak, laster pasatu baitzen aro ilunagoetara.

Gauza asko gertatu ziren aldi berean: kiteboard modalitatea agertu zen eszenan, punta-puntako beste zenbait kirol bezala, surfa telebistan agertzen hasi zen, eta skimboarding modalitatea indarra galtzen hasi zen. Kirol hau egiten zuten kideen kopuruak behera egin zuen, eta horrekin batera, baita taulen salmentak ere.

Garai latzak izan ziren, baina pixkanaka berriz ere burua altxatzen hasi zen skimboardinga. Aldizkari berriak argitaratu ziren eta lehiakide berriak hasi ziren txapelketetan parte hartzen. Skimboard lehiaketa eta itzuliek indarra eta ospea berreskuratu zuten eta pixkanaka ikusle gehiago erakartzen zituzten.

Lerra kirol irmoa

Ez da gauza askorik behar skimboarding kirola praktikatzeko; taula bat eta gutxieneko sasoia izatea nahikoa da. Gainera, urertzean ibili ahal izateko beharrezko baldintzak ere ez dira aurkitzen batere zailak, malda apur bat daukan hondartza bat izatea aski da.

Bestalde, gutxieneko maila lortzeko asko praktikatzea eskatzen duen kirola da, ordea, zeren ez dirudien arren kirol oso neketsua da eta kolpeak hartzeko arriskua ere badago. Horregatik dira batez ere gaztetxoenak kirol hau egiten dutenak. Skimboarding egiten orkatila bihurritzea edo erorketa deseroso bat izatea oso ohikoa da.

Taula batekin olatu gainean egiten diren gainerako kirolekin alderatuz gero, hemen ez da batere liskarrik izaten, ez dago «olatu onena» hartzeko aparteko lehiarik, edo surf egiteko egokiak diren urautsietan sarri gertatzen den bezala, olatu bat hartzeko baimena eskatu behar zaion lekuko talde maltzurrik. Malda apur bat duen hondartza luze batean, adibidez, ehunka lagunek egin ahal izango lukete kirol hau, urertzean taula jaurtitzeko unea itxaron eta behin olatura igotzea lortuz gero, oso metro gutxi egiten baitira olatu gainean. Segundo gutxi batzuetako kontua izaten da.

Skatea eta surfa bezalako kirolekin lotura handia du skimboardingak eta hiru kirolek elkar elikatu dutela esan daiteke. Izan ere, bateko ariketak besteetara eraman izan dira eta horrela, pixkanaka, momentu batean modalitate batean ezinezkoak ziruditen ariketak denborarekin egingarri bilakatu izan dira.

 

Kirol estatusa

Gaur egun, industria aeroespazialeko elementuekin lan egiten da eta skimboard taulak teknologikoki oso sofistikatuak dira. Kirol honetako merkatua hiru enpresa handik partekatzen dute, Victoria Skimboards, Exile Skimboards eta Zap Skimboards-ek. Marka izen hauek dira, hain zuzen ere, skimboarding txapelketa ospetsuenak babesten dituztenak.

ISA Nazioarteko Surf Elkarteak bere baitan biltzen dituen itsasoko lerra kirolen artean aurkitzen da skimboard modalitatea ere, baina ez du inoiz munduko txapeldun aitortu bat izan. Bai, ordea, Ameriketako Estatu Batuetakoa.

Aitzitik, 2006. urtean United Skim Tour (UST) sortu zenetik, munduko skimboard zirkuitu garrantzitsuena da AEBetakoa eta, ez den arren, duen ospeagatik munduko itzulia dela dirudi. Iaz, esaterako, Brasil ere atxiki zuten lehiaketen zerrendan, baina aurten AEBetan egingo dira txapelketa guztiak.