Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Gipuzkoak garapenerako aukera ikusten du turismo jasangarrian

Gipuzkoako Aldundiak eskatuta, ikerketa bat egin dute lurraldeko hamar udalerri turistikoenetako herritarren kezka eta iritziak jasotzeko. Gipuzkoan eta, oro har, Euskal Herri osoan turismoak gora egin du azken urteetan eta, joeren arabera, hala izaten jarraituko du.

Azken urteetan gero eta turista gehiago erakartzen ari da Gipuzkoa, eta Euskal Herria orokorrean. Joerek diote hala jarraituko duela lurraldea erakargarria suertatzen delako turismoa egiteko eta, era berean, Asiako –Txina, bereziki– herritarrak bidaiatzen hasi direlako. Horren aurrean, jendetzak Gipuzkoan nola eragin dezakeen aztertu nahi du Aldundiak, turismoa jasangarria izan dadin. Hasteko, ikerketa bat egin du Alternativas fundazioak hamar udalerritako herritarren inkestak batuz. Honela, turismoaren inguruan dituzten kezka eta iritziak batu dituzte.

Egun turismoari BPGaren 7,4% dagokio eta 27.000 lanpostu sortzen ditu. Kultura, Turismo eta Ingurumen diputatua den Denis Itxasok esan zuenez, turismoa garatzen ari da eta etorkizunean «kalitatezko 30.000 lanpostu» sor ditzake. Oporraldiez kanpo lanpostuak ziurtatzeko, urtean zehar ekimenak prestatu behar direla nabarmendu zuen.

Ikerketarako, Donostia, Hondarribia, Pasaia, Hernani, Getaria, Zumaia, Azpeitia, Tolosa, Segura eta Oñati hautatu dituzte nolabaiteko interes turistikoa badutelako. Donostiaren eta gainerako udalerrien arteko desberdintasunak aurkitu dituzte turismoaren aurreko jarreran. Izan ere, Donostian turismoa urte osoan zehar mantentzen da eta horregatik, donostiarrentzat nekeza izan daitekeen jende fluxua herrientzat aukera bat da. Herrietan turismoa elementu positibo gisa ikusten dute; Donostian ez dute hain argi.

Tasa turistikoa

Bestalde, tasa turistikoaren aldeko apustua egin zuen Itxasok agerraldian. Honen ustez, «1,50 euroko zergak ez lioke inori Gipuzkoara etortzeko asmoa kenduko», baina, era berean, dirua bilduko zen turismoak eragindako kalteak konpontzeko.

Muturreko adibide gisara, ikerketaren koordinatzailea izan den Ana Belen Sanchezek esan zuen Amsterdamen «low cost» turismoa murrizteko (parrandan joaten direnak) tasa handia jarri dutela. «Tasa turismo mota kontrolatzeko modu bat da».