Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Ekonomia kolaboratiboa? (2/2): “Wallapop zerga”

Duela bi aste Uber, Airbnb, Deliveroo eta gisako aplikazioez aritu nintzen. Nola eragiten duten zenbait sektoretan. Zehazki, nola eragiten duen aplikazio hauetan ematen den aktibitate ekonomikoaren erregulazio faltak. Eta duela astebete espainiar Estatuan “Wallapop zerga” izendaturiko albistea zabaldu zen: plataforma hauen bitartez bigarren eskuko merkatuan egiten diren salerosketek ogasunean euren isla izan behar dutela. Gauza berria balitz bezala zabaldu da, baina berez Ondare Eskualdaketen Zerga arruntari egiten dio erreferentzia. Hortaz, ez dago ezer berririk.

Baina Wallapop, eBay, Chicfy eta gisako plataformak aipatzean datza, izatekotan, albistearen nobedadea. Zein da plataforma hauen ardura? Ez al dute ardurarik? Bitartekari huts direlako, euren erantzukizunetatik salbuets daitezke? Onargarria al da hori? Aplikazio batzuen kasuan, gainera, salerosketa plataforman bertan egiten da, azken prezioa jakina da, eta salerosketa bakoitzeko komisio bat eramaten du plataformak. Hortaz, salerosketa horren parte da eta irabazi ekonomikoak ditu. Baina ardurarik ez? Ardura fiskalik ez?

Formulak ezberdinak izan daitezke. Plataforma bakoitzak ere bere izaera eta bere negozio-eredua du eta horren araberakoa ere izan behar luke bere ardurak. Eta, hortaz, baita aplikatzen den formulak ere.

Formula bat plataformak berak zerga jasotzea da eta plataforma bera izatea ogasunari edo dagokionari aurkeztuko diona. Esaterako, Parisen, Airbnb-k tasa turistikoa kobratzen du, eta zuzenean udalari bidaltzen dio. Wallapop-en kasuan, salerosketa gehienak aurrez aurre ematen dira eta, hortaz, ordainketa eskura egiten denez, azken prezioa ezin da ziurtatu. Baina negoziaketetan dabil frantziar Estatuan, legeria eguneratzeko.

Plataformaren izaeraren eta rolaren arabera, formula ezberdina aplikatu beharko litzateke. Eta horrexegatik, legeria egungo errealitatera egokitzea da gakoa: legeria ingurune digitalera egokitzea, alegia.