Lander GARRO
Idazlea

Love factory

Mahaian denak altxatu arte eusten dutenetakoa zara. Banaka-banaka, aitzakiaren bat jarrita, erretiratu egiten dira beste guztiak, baina zu izu zara, ez ote duzun aspaldiko lagun hura, zurekin batera irmoki eusten diona, minduko. Jada ez zara garai batekoa, gauerdia jo orduko begiak lainotzen hasten zaizkizu eta aharrausiak disimuluan pasarazi behar dituzu, eskua jarrita. Artea behar da horretarako ere, aharrausi egitea kasik alde egitea bezalakoa delako, edo okerragoa, zure asperdura ezkutatzen ari zarelako, sinpleki altxatu eta joateko adina konfiantzarik ez bazenu bezala. Eta zer da adiskidetasuna, konfiantza ez bada? Baina askotan egin duzu, eta badakizu erori den zerbaiten aitzakian makurtu eta mahaipean aharrausi egiten. Gero, irribarre eskuzabalena jartzen duzu berriz, eta pailazokeriatan segitzen duzu. Pailazokeriak egitea zeuri dagokizulako, zu bereziki pozten zarelako besteen konpainian, besteek bereziki zoriontsu egiten zaituztelako, eta gustuko duzulako zorion zaratatsu hori nabarmen gera dadin. Nabarmenduz gero, denek eskertuko dizute hain enpatikoki besteak ongi sentiarazi izana, horretarako zaudelako hor, besteen emozioen zerbitzu betierekoan. Emozioen gobernuz kanpoko erakunde bat zara. Emozioen desfibriladore bitaminikoa. Baten bati bihotza zimelduko balitzaio, badaezpada ere.