M.D.
iruñea

Zerrenda bakarraren kontrako legea onartu nahi du PSNk

Hezkuntza arloko oposizioetan elebidunentzako nahiz elebakarrentzako zerrenda bakarra ezartzeko erabakiaren kontrako lege egitasmoa aurkeztu zuen atzo PSNk Nafarroako Parlamentuan. Modu horretan, irakasle euskaldunek Nafarroan pairatu izan duten bazterkeria historikoa ez konpontzea dute helburu, herrialdearen «izaerarekin bat ez datorrelakoan».

PSNko buru Maria Chivitek egitasmo honetan I-Eren sostengua jasotzeko itxaropena dutela adierazi zuen. Izan ere, Gobernua sostengatzen duen laukoteko kide da I-E eta zerrenda bakarraren kontra sutsu azaldu da.

EH Bilduk, bestalde, zerrenda bakarraren aldeko apustua berretsi zuen, PSNren egitasmoa «hizkuntza bazterkeria mantentzeko egindako saiakeratzat» jota.

«PSNren sektarismoa berriz ere agerian geratu da», esan du Miren Aranoa parlamentariak.

LAB: «Zuzenagoa»

LAB sindikatuak zerrenda bakarra izatea aldarrikapen historikoa lortzea dela nabarmendu zuen atzo.

Bestalde, Nafarroako Irakaskuntzako koordinatzaile Nora Salbotxek adierazi zuenez, «hemendik aurrera funtzio publikorako sarbidea bidezkoagoa izanen da».

LABeko Administrazio arloko koordinatzaile Isabel Artiedak orain arte «salbuespen egoeran» bizi izan direla esan zuen: «Administrazio osoan Irakaskuntza zen hizkuntzaren araberako segregazioari eusten zion arlo bakarra. Beraz, horrekin amaitu beharra zegoen».

Hari horri tiraka, Amaia Aurrekoetxeak, LABeko Euskara idazkariak, Nafarroako «Vascuencearen Legeak» eragiten dituen arazoak nabarmendu zituen, «eskubide orokorren zein langileen eskubideen ikuspuntutik».