Lander GARRO
Idazlea

Presoa bere ziegan

Presoa bere ziegan dago galleta bat esnetan bustitzen, leihotik begira. Bere mahai txikian, azken asteetan jaso dituen gutunak. Animo hitzak idazten dizkiote agur esateko beti, «aberria ala hil», baina dagoeneko ez dago harridura ikurrik. Presoak bere buruari galdetzen dio ea zergatik desagertu ote diren harridura ikurrak gutun amaieretako animo hitzetatik. «Esperantza galdu diagu», esan nahi ote diote denek, esan gabe? Zinez esan nahi dena lerroartean esaten baita beti. Presoak berea ez den bere ohean mihise berriak jartzen ditu, eta ñabardura txiki horrek asaldatzen du nahi gabe: «Nirea ez den ohe hau, nire betirako ohea ote da?». «Nirea ez den ohe honetan lurperatu behar ote naute?». Borrokaren dimentsio domestikoak ematen dio borrokaren ondorioen berri, egunkarietako goiburuek eta tribunaletako ebazpenek bainoago. Mezu abstraktuak dira horiek. Zer dira bi urte, hamar urte, ez dakit zenbat hilabete? Iloba Elurrek gutun-azalean marrazki bat itsatsi du, barku bat. Presoak moztutako marrazkiaren ertzak begiratu ditu gertutik. Iloba irudikatu du bere etxeko guraizeez marrazkia mozten, etxean barna abiatzen ondoren kola bila. Etxea irudikatu du presoak. Ez daukan etxea. Marrazkiaren ertz ihartuetan ikusten da, inork begiratzen ez duen toki horretan. Han dago etxea, hesiaz beste aldera.