Ion SALGADO

HERRITAR EUSKALDUN ELEANIZTUNAK LORTZEKO EREDUA

EH Bilduk eramango du berriro murgiltze ereduari buruzko eztabaida Gasteizko Legebiltzarrera. Pasa den legealdian lege proposamen bat aurkeztu zuen, eta oraingoan hainbat aditu eta elkarteren agerraldiak eskatuko ditu hizkuntza ereduen eztabaida sustatzeko.

Pasa den legealdian EH Bilduk lege proposamena aurkeztu zuen Gasteizko Legebiltzarrean unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan hizkuntza erabilera arautzeko. Hizkuntza ereduen sistema gainditu eta murgiltze eredu gehigarria ezarri nahi zuen koalizioak, derrigorrezko eskolatze aldia amaitutakoan ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialetan ezagutza nahikoa lortzen dutela bermatzeko. «Modu honetan lor daiteke, gutxienik, ikasle guztiek euskaraz eta gaztelaniaz hizkuntza-gaitasun maila nahikoa lortzea eta, ziur asko, oinarrizko hizkuntza gaitasuna hirugarren hizkuntzaren batean», nabarmendu zuten iaz Belen Arrondok eta Xabier Isasik, egungo A, B eta D ereduen sistema «zaharkiturik» dagoela nabarmendu zuten legebiltzarkideek.

EH Bilduk aurkeztutako proposamena hezkuntzako eta euskalgintzako eragile nagusiekin landuta zegoen, eta bat zetorren eskola komunitatearen helburu eta nahiekin. Baina ez zuen jaso Lakuako babesa, eta Legebiltzarreko Mahaiak ez zuen murgiltze ereduari buruzko lege proposamena onartu euskaraz jaso zuelako. Juanjo Agirrezabalak eta Xabier Isasik salatu zutenez, «PPk eta PSEk euskararekiko inolako begirunerik ez izateak ez gaitu harritzen; EAJren jarrerak, ordea, harritu eta kezkatzen gaitu, bere abstentzioak gure lege proposamena ez tramitatzea ahalbidetu duelako. Bere abstentzioarekin EAJk babesa eman dio euskararen eta euskaldunon kontrako eraso larri honi, babesa eman die euskara bigarren edo hirugarren mailan jartzen dutenei».

Pasa den legealdian ezinezkoa izan zen murgiltze ereduari buruzko eztabaida irekitzea, eta orain beste formula bat planteatu du EH Bilduk eztabaida hori mahai gainean jartzeko. Agerraldien bitartez berpiztu nahi du gaia. Hala, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak hainbat agerraldi eskaera aurkeztu ditu Legebiltzarrean. Besteak beste, Maria Jose Azurmendi soziolinguistaren, Iñigo Urrutia eta Lore Erriondo EHUko irakasleen eta Angeles Iztueta sailburu ohiaren agerraldiak eskatu ditu. Baita sindikatu eta erakundeena ere. Kontseilua, Ikastolen Elkartea, Sortzen, Ehige eta Kristau Eskolak elkartearen iritziak entzun nahi ditu koalizio subiranistak, baita Frisia, Madril eta Herrialde Katalanetatik etorritako adituenak ere.

«Badira hainbat erakunde, elkarte eta hezkuntza komunitateko eragile gai honen inguruan proiektuak abian jarri dituztenak edo zeresana daukatenak edo azterketak egin dituztenak. Guztiak entzun nahi ditugu», azaldu du Uberak. Dioenez, Herrialde Katalanetan «argi ikusi da hizkuntza kohesiorako elementu bat izan dela. Eta guk euskara inklusiorako eta kohesiorako tresna bat izatea nahi dugu, gainerako hizkuntzei uko egin gabe». Izan ere, EH Bilduren helburua herritar euskaldun eleaniztunak lortzea da. Aipatutako helburua Euskal Herriaren Eskubideen Kartan horrela jasotzen da: «Euskal herritar orok eskolaren bidez euskalduntzeko eskubidea du. Euskal Herri osoan, edozein hezkuntza eskaintzatan euskaraz ikasteko eskubidea du. Eta hezkuntza prozesu osoan, ikasgune guztietan, euskaraz bizitzeko eskubidea du».

Eztabaida sortu aurrera egiteko

Legebiltzarkideak adierazi duenez, koalizioak argi dauka bidea: «Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin hobeto, baina eredu eraginkorrena bilatu behar dugu, eskualde ezberdinen errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta. Baina horretarako, jakiteko zein izan behar den hizkuntza trataera, eztabaida bat eman behar da eta adituei entzun behar diegu». Haren ustez, legebiltzarkideek adituen iritzia entzun behar dute aurrerapausoak emateko, eta beraiek prest egongo dira beste talde politikoekin ekimenak adosteko. «Gure helburua ez da EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztea. Guk nahi duguna da guztion artean adostasuna lortzea aurrera egiteko. Arazo honi erantzun egokia ematea bilatzen dugu, eta berdin zaigu norena den ekimena», gaineratu du.

Dena den, Uberak ohartarazi du ez dela erraza izango gai honi buruz akordioa lortzea. Deitoratzen duenez, orain arte PSEko eta PPko legebiltzarkideak «nolabait euskalduntzearen inguruan oztopoak jartzen saiatu dira, eta askotan badirudi EAJk gehiago begiratzen diela» aipatutako alderdiei. Azken batean, jeltzaleek EAEko erakunde nagusien gobernuak partekatzen dituzte PSErekin, eta aste honetan akordioa sinatu berri dute PPrekin Lakuako aurrekontuak onartzeko. «Bakoitzaren helburuak zeintzuk diren argi dago eta EAJk erabaki beharko du benetan aurrera egiten duen gizarte euskaldun eleaniztuna lortzeko ala ez. Guk argi dugu», adierazi du euskararen sustapena bultzatzea premiazkoa dela esan ostean.

Dena den, Uberak ez du data zehatzik aipatu. Hezkuntza Batzordearen Mahaian esertzen direnek zehatuzko dituzte adituen agerraldien egunak. «Ez da gure eskuetan geratzen, dena den saiatuko gara ahalik eta azkarren izatea», dio. Amaitzeko, gogora ekarri du ezinbestekoa dela ikastetxeetan eta Lanbide Heziketako zentroetan euskara sustatzea etorkizunean hizkuntzaren normalizazioa lortzeko. «Lan mundua euskalduntzeari begirako neurriak hartu behar dira, eta azken urteetan atzerapausoak ikusi ditugu Lanbide Heziketan».