Ariane KAMIO
52. DURANGOKO AZOKA

BI UHARTE OZEANO BAKARREAN

IRLA DESERTU BATEAN EZ, BAINA SORMENAREN OZEANOAZ INGURATUTA BIZI DIRA MIREN GAZTAñAGA ETA ZALDIEROA. HITZAK LOTZEN DITUEN UHARTE BITAKO BIZTANLEAK DIRA, BAINA BADITUZTE ITSASO BERBERAK BUSTITZEN DITUZTEN HONDARTZA PARTEKATU GEHIAGO ERE. PREKARIETATEAREN TIRANIA PAIRATZEN DUTE, BAINA BAITA GUSTUKO LANEAN ARITZEAREN KULUNKA ERE.

“De Rerum Natura”-ren zenbaki berriarekin eta “Stereo” antzezlanaren liburuarekin izan dira aurtengoan Durangoko Azokan Patxi Huarte Zaldieroa eta Miren Gaztañaga. Marrazkilaria eta aktorea. Marrazkigintzaren eta antzerkiaren artean jarri zen arbitro Oier Guillan Gogoetaren Plazako azken jardunaldian. Bi mundu desberdin, bi irla isolatu, sorkuntzaren ozeanoan. «Egingo dizkizuet niri egin izan dizkidaten eta gustatu ez zaizkidan galderak. Batzuetan originala izateko era bakarra da originala ez izatea», hasi zen Guillan. «Zer eramango zenukete irla desertu batera?». Zaldieroak Internet eramango luke, baina ez du gehiegi konbentzitzen itsasoz inguratutako paisaia batean bakarrik egoteak. «Behin, Egipton, txalupa bat alokatu genuen, eta, igeri egiten ez nekienez, hondartzan geratu nintzen. Ez zegoen deus! Ni ez noa uharte isolatu batera ni pa dios!». Gaztañagak mugikorra leukake poltsikoan, «adikzio hutsagatik», eta bestela konpainia ona, «bakardade eternoak bertigoa ematen dit». «Txistea dirudi, antzezleak konpainia nahi du», bota zuen Guillanek ironiaz.

Hastapen galderak antzeko bidetik botata egin zituen beroketa lanak Guillanek gonbidatu eta publikoarekin. Eta haria fintzen joan zen marrazkigintzaren eta antzerkiaren arteko distantziak hain nabarmenak ez direla frogatuz. «Institutuan antzerki obra bat egin genuen, obra on bat. Etorkizuneko zientzialari batzuek futuroaren trazuak erakusten zizkioten publikoari. Ni nintzen etorkizuneko tipo bat. Jendearen artean esertzen ginen. Esertzen nintzen gazteen artean, eta argia pizten zenean aldamenekoak izutu egiten ziren. Altxatzen nintzen eta jende guztia akojonatu egiten zen. Disfrutatu egin nuen hori egiten», aipatu zuen Zaldieroak.

Gaztañagak arte dramatikoko ikasketak egin nahi izan zituen, baina ez zuen etxekoen oniritzirik jaso; «hori ez da karrera bat». Arte Ederretan matrikulatu zen, beraz. «Ez dut gehiegi margotzen, baina badut halako harreman bat marrazkiekin. Erosten ditut koadernoak, margoak...». Eta Zaldieroak kontran: «Bai, horixe da politena!».

Diziplina guztietan izango dira, oro har, krisi egoerak. Gaztañagak eta Zaldieroak, behintzat, bizi izan dituzte haien larruan. «Ni oraintxe krisian nago. Gu gara Erdi Aroan manuskritoak egiten zituzten monjeak bezala, hor gaude, atril batean. Behin gidoia duzula marrazten duzu, gero tinta eman, ordenagailura pasa, kolorea jarri. Oso isolatuta gaude. Oraintxe zurgin batekin egingo nituzke praktikak».

Gaztañaga saiatu izan da antzerkiaren mundua alboratu eta bide berriak urratzen. «Haur Hezkuntzako ikasketak abiatu nituen goi mailako ziklo batean, zerbait terrenalagoa egiteko beharragatik edo. Hogei urteko jendearekin hasi nintzen ikasten eta haize pila bat hartu nuen. Sortzen dira noizbehinka halako krisialdiak, zeren batzuetan nekatu egiten zara. Une oro da agertoki batera igotzea, gure burua jendaurrean jartzea etengabe. Batzuetan baduzu gogoa laugarren plano batean ezkutatzeko, zure gelan, lasai».

Hitza

Hitzarekin batera doaz Gaztañagak eta Zaldieroak osatzen dituzten sorkuntzak. Baina maila desberdinetan bizi dute biek elearen garrantzia. Marrazkilariaren aburuz hitza «dena da». «Irudien aurretik hitza dago. Ez badago hitza agertokian hitza dago gure barruan, baina hitza da hori. Irudiak ere hitzak ateratzen ditu zugandik».

Gaztañagak bestelakoz bizi du hitzaren esanahia sorkuntzan. «Ni hitza baino lehen naiz gorputza. Gorputz espresiotik sortzen dut askotan. Oso hurbil daude bata bestearekiko, batak bestea iradokitzen du, baina sortzerako orduan irudi bat edo gorputza da mugitzen zaidana». «Ez du hitza nik bezala maite!», aurpegiratu zion Zaldieroak publikoaren artetik barre algarak sortuz.

Sorkuntzaren eremura jauzi eginda, aurreikuspen batzuk betetzen direla atzeman daiteke. Prekarietateak haien lanbideetan duen eraginaz mintzatu ziren biak ala biak. «Gure baldintzak ez dira munduko onenak. Nik diot bohemioa naizela. Baina behintzat baduzu bizitzan zerbait polita egiteko aukera. Gazte nintzela kazetari izan nahi nuen, argi neukan ez nuela fabrika batean lan egin nahi. Nire inguruan erreferente nagusia Volkswagen zen. Eguneko eta gaueko txandak egiten dituzte baina ez nuen nire burua gauez autoak pintatzen ikusten. Eta bertako langileek oso ondo kobratzen dute, baina nahiago nuen pobreagoa izan han lan egitea baino».

Gaztañagak ere heldu zion gaiari. «Asko gustatzen zaizun zerbait egiten zabiltzanean, amaitzen duzu gustatzen ez zaizkizun lanak egiten hortik bizi ahal izateko. Diru iturria beste leku batetik etorriko balitz, zer? Horrek antzerkiarekiko interpretazioa aldatuko luke».

Eta kanpoko adibideak ere erantsi zituzten gonbidatuek. Zaldieroak Natxo de Felipe (Oskorri) izan zuen ahotan. «Gutun publiko bat egin zuen esanez nahiz Oskorrin hainbeste urtez aritu, bera guztiz prekarioa zela, emaztearen soldatatik bizi zela. Jaurlaritzak eskua sartu beharko luke hor. Uste dut batzuei eman beharko liekeela soldata bat euskaraz sortzeko. Ez da dirua, konparatuta beste gastuekin». Gaztañagak beste ohartxo bat: «Ni errenta basikoa kobratzen hasi nintzen antzerkian lan egin ahal izateko. Kabalak egiten aritzen zara ea nola iritsi».

Egoera prekarioak euskal sortzaile asko, marrazkilariak bederen, atzerriko merkatuetara joatera behartzen ditu. «Sortzaile euskaldunak dirua ateratzeko kanpoko merkatuetara jo behar du. Frantziak, adibidez, merkatu handi bat du komikigintzan eta euskal marrazkilari askok merkatu horretarako lan egiten dute komikiak koloreztatzen».

Umorearekin edo ironiarekin lanean aritutakoak dira biak, baina bide desberdinetan kokatu dituzte. Gaztañagarentzat erreminta bat da, emaitza baino. Eta Zaldieroa ez dabil oso umoretsu azken boladan. «Nire zintetan haserrea ikusten da giro politikoagatik, krisiagatik, oligarkiagatik... Umoregilea izan naiz, txistosoa... baina ez naiz probokatzailea. Izan ahal nintzen gogorragoa alde horretatik».

Oier Guillan berriro ziztadan. «Eta bakoitzari beka bat emango balizuete orain?». Bi aldiz pentsatu gabe bota du erantzuna Zaldieroak. «Nik zinema egingo nuke. Alex de la Iglesiari mila milioi pezeta eman zizkioten Mexikon ‘Perdita Durango’ egiteko eta begira zer egin zuen! Diru horrekin egingo nuke nik zerbait ganorazkoa! Nik bakarrik egiten dut lan, baina Simpsondarren kapitulu bat egiteko hogei gidoilari daude. Diruarekin atera behar da zerbait ona bai edo bai! Alex de la Iglesia, mesedez!». Eta algarak jarraitu zuen publikoaren artean.

Gaztañagak prozesuak ditu obsesio, eta diplomatikoago agertu zen. «Lantalde on bat bilduko nuke. Hierarkikoak ez diren lan moduak gustatzen zaizkit eta halako infraestruktura bat osatuko nuke. Pelikula bat ere gustura egingo nuke, noski, baina ez ohikoa den prozesu bat jarraituaz».