Maider IANTZI
IRUÑEA

Hatortxu Gune Segurua xede, pauso bat harago joateko deia, era positiboan

Heldu den abenduaren 16an eginen den Hatortxu21 musika jaialdian benetako gune seguru baten alde lan eginen dute, era positiboan, prebentzioan eta heziketan eraginez erasorik ez gertatzeko. Horretarako denen inplikazioa eskatu dute antolatzaileek.

Hatortxu20 jaialdian mediku eta erizainen txandak osatu zituzten, sei ordukoak, eta hagitz ongi atera zen, lau egunetan une oro zerbitzu hori egotea lortu zuten. Behin hori beteta, modu berean bertze erronka bati heltzea pentsatu zuten.

Eraso sexisten kontrako kanpaina egin ohi dute. Ikusgarri egoten dira kartelak, zerbait gertatuz gero deitzeko telefonoak... «Baina zergatik ez goaz pauso bat harago?», galdetu zioten antolatzaileek beren buruari.

«Zergatik ez dugu erasoaz baino gehiago aurreko lanaz hitz egiten? Erasoa salatu behar badugu salatuko dugu, baina izango da ez dugulako lehenengo pausoa ongi bete. Aurretik jendearekin prebentzio eta heziketa lan bat egitea erabaki genuen. Berritasuna da ez goazela erasoen kontua lantzera soilik, pauso bat harago goazela. Ez dugu itxarongo telefonoak noiz joko eraso bat gertatu dela abisatuz. Ez gertatzeko aurre hartu nahi diogu eta horregatik badu kutsu ilusionante hori».

Horretarako brigada antzeko batzuk osatzea pentsatu zuten, bikoteka, eskuorriak eta pegatinak banatzeko, une oro ikusgarri, ongi identifikatuta, jendeak erreferentzia bat izan dezan beste txanda mota batena, beste jende mota batena lanean ari dena xede zehatz honetarako. «Informazioa banatzeaz gain, atxikimendua lortzea izanen litzateke euren lana, azkenean denon artean lortu behar dugulako gune segurua: langileak, musikariak, ikusleak...».

Ideia azaltzen saiatzen ari dira, baina aitortu dute ez dela erraza, jendeak ez baitu oraindik ongi ulertzen zer den egin nahi dutena. Lehenengo aldia izanik, kostatzen da ongi irudikatzea.

«Txanda berezi batzuk lortu nahi ditugu lan hau egiteko. Aipatutako brigada horiek osatzeko. Behatzea ere izango litzateke beren lana, ez polizien gisa. Hori ere ez dugu nahi, zerbait normalizatua izatea nahi dugu, jendeak erreferentzia gisa izan ditzala kontzertuan bertan zerbait gertatuz gero eurengana joateko», nabarmentzen dute.

Informazio puntu bat ere jarri behar dute, kaseta txiki bat. Zereginok betetzeko boluntarioak behar dituzte. Jendea apuntatzen ari da, baina gehienbat neskak. Eta mutilei ere dei egin nahi diete. «Brigada mistoak egin nahi ditugu, gizon-emakumez osatuak, aipatu bezala gune segurua denon artean sortu behar dugulako».

Lortzen dutenean jada ez da brigadarik beharko, baina bitartean gune segurua helburu jendearen inplikazioa behar dutela diote, ahalik eta hobekien atera dadin aurten eta datorren urtean hobetu dezaten.