Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surf

WSL zirkuituak amaitzear dira: mutilen munduko titulua falta da

WSL erakundeak antolatzen dituen zirkuitu gehienak amaitu dira eta hainbat kategoriatako txapeldunak erabakita daude jada. Mutilen lehenmailako CT kategorian, ordea, aurtengo munduko txapelduna nor izango den erabakitzea falta da.

Egun gutxi falta dira 2017. urtea bukatzeko eta jada amaitu dira mundu mailako itzuli desberdin zenbait. Baina oraindik aurtengo WSL munduko titulua nork eramango duen erabakitzeke dago. Lehen mailako CT itzulia amaitzeko txapelketa bakar bat falta da eta bertan izendatuko da aurtengo munduko txapelduna. Ondorioz, beste behin ere, Pipeline Masters izango da urteko txapelketa garrantzitsuena.

Pipeline Masters txapelketa historikoa da, baina, bere ibilbideaz harago, badira lehiaketari garrantzi berezia ematen dioten beste hiru arrazoi. Baga, lehen mailako itzuliko azken lehiaketa izatea. Biga, Triple Crown itzuliko azken txapelketa izatea. Eta higa, munduko urautsi arriskutsu eta ikusgarrienetakoa izatea.

WSL zirkuituak

Erakunde pribatu bat izan arren, World Surf Leaguek antolatzen dituen mundu mailako itzuliek, Nazioarteko Batzorde Olinpiarraren babesa duen ISA (International Surfing Association) elkarteak antolatzen dituen txapelketek baino arrakasta handiagoa dute. Horregatik, «munduko txapelduna» esaten dugunean, «WSL itzuliko txapelduna» esan beharko genuke, erakunde pribatua izanik, WSLk ez baitu titulu hori emateko eskumenik.

2017ko irabazleak

Nesken lehen mailako itzulia Mauin amaitu zen pasa den astean, eta 2017ko WSL txapela 23 urteko Tyler Wright surflari australiarrak irabazi zuen. Horrela, bigarren aldiz eskuratu du WSL titulua, iaz ere bera izan baitzen «munduko txapelduna».

Nesken bigarren mailako WQS itzulia azaroko lehen astean amaitu zen, Joan Defay frantsesak Australian irabazi zuen itzuliko berrogeigarren txapelketarekin. Defay bera izan da WQS zirkuituko irabazlea, baina ez da garaipen garrantzitsuegia, izan ere, bigarren mailan emaitza onak lortzeak duen balio handiena hurrengo urtean lehen mailan aritzeko pasea eskuratzea izaten da.

Defayren kasuan, ordea, lehen mailako plaza jada eskuratua zuen, aurtengo WCT itzulia bederatzigarren postuan amaitu baitzuen. Bigarren mailan ere lehiatzen dute lehen mailako lehiakideek, urte amaieran haien plazari eusteko adina puntu lortu ez badituzte, bigarren mailan lortutako postuei esker eskura baitezakete lehen mailan jarraitzeko plaza.

Guztira 17 lehiakide dira WCT zirkuituan eta soilik urte amaieran lehen 11 postuetan diren surflariek gordetzen dute hurrengo urterako plaza. Beste sei plazak WQS zirkuituan postu onenak eskuratu dituzten lehiakideek eskuratzen dituzte.

Mutilen kasuan ere gauza bera da. TOP 34 lehiakideek osatzen dute lehen maila (CT), eta soilik urtea lehen 22 postuetan amaitzen dutenek izaten dute hurrengo sasoirako plaza. Beste plazetatik, bi, lesioren bat izan dutenei gordetzen dizkiete, eta beste hamar postuak, QS zirkuituan emaitza onenak lortutako lehiakideek eskuratzen dituzte.

Aurtengoan, Griffin Colapinto 19 urteko gazteak irabazi zuen QS txapela eta horri esker datorren urtean lehen mailan lehiatzen ikusi ahal zango dugu surflari kaliforniarra. QS zirkuituan lortutako postuei esker datorren urtean lehen mailan izango diren beste bederatzi lehiakideak honako hauek dira: Jesse Mendes (Brasil), Kanoa Igarashi (AEB), Wade Carmichael (Australia), Tomas Herbes (Brasil), Yago Dora (Brasil), Italo Ferreira (Brasil), Willian Cardoso (Brasil), Keanu Asing (Hawaii) eta Ezekiel Lau (Hawaii).

2017ko irabazleak

Maila eta modalitate desberdinetako zirkuituak kudeatzen ditu WSL erakundeak, baina lau itzuli dira haien artean esanguratsuenak. Lehen mailako mutilen munduko CT itzulia da zirkuitu izarra, 11 txapelketetan parte hartzen duten 34 lehiakidez osatua. Honen parean nesken lehen mailako zirkuitua legoke (Women’s Championship Tour), hamar txapelketa eta hamazazpi lehiakiderekin. Jarraian, bigarren mailako (QS) nesken zein mutilen itzuliak leudeke, ehunka lehiakidez osatuta, eta, azkenik, olatu handien munduko itzulia, Big Wave World Tour delakoa.

Zirkuitu horietatik gehienak amaitu dira, soilik mutilen lehen mailako zirkuitua eta olatu handien itzulia daude oraindik indarrean. Olatu handietako BWWWT 2017-2018 itzulia otsailean amaituko da.

Mutilen lehen mailako itzulia. ostera, pasa den asteburuan hasi zen eta gehienez abenduaren 20ra arte luza daiteke. John John Florence, Gabriel Medina, Jordy Smith eta Julian Wilson dira aurtengo munduko titulua eskuratzeko aukera duten lehen mailako lehiakide bakarrak.