GARA
ZUMARRAGA-Urretxu

451 erakustokik Zumarraga eta Urretxuko erdialdeko kaleak beteko dituzte

Santa Lutzi egunean, ohiko abere eta nekazaritzako tresnen feriekin bat egingo dute egun modan dauden bestelako azoketako joerek, esaterako «show cooking» delakoak, hau da, zuzeneko sukaldaritza saioak.

Gaur ospatuko dute Urretxu eta Zumarragaren artean antolatzen duten urteroko azoka, Santa Lutzi feria. Bi herrien arteko mugak desagertu egingo dira prestatu dituzten 451 erakustokiei esker. Baserriko produktuak, ganadua, gozogintza eta artisautza izango dira, abereekin batera, Euskal Herriko azokarik zaharrenetarikoan.

Azokak eskualdeko zein lurraldeko milaka bisitari erakartzen ditu urtero, baina era berean herriaren eta baserriaren arteko lotura ezartzen du bertako produktuak kontsumitzera animatuz.

Aurten 297 postu jarriko dituzte Zumarragan, eta Urretxun 154. Horietan erosi eta dastatu ahal izango dira frutak eta barazkiak, ahatearekin egindako produktuak, erroskilak, gazta eta esnekiak, loreak eta landareak, ogia, taloak, turroia edota eskulanak.

Ohi bezala, Zumarragan kokatuko dute nekazaritzako tresnen feria La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan, 8.00etatik aurrera. Alboan izango da ikusgai abere azoka, 14.00ak arte, baina komeni da goiz pasatzea baserritarrak salerosketan hasi ohi direlako eta, animaliarik erosi nahi ez badugu ere, eguerdi parterako abere gutxi gelditu ohi dira.

Gastronomia eta ohiturak

Baina Urretxun ere izango dira animaliak, kapoiak eta oilaskoak kasu honetan. Areizaga plazan, 9.00etatik 14.00etara, kaioletan ikusi ahal izango dira hegazti dotoreak. Kasu honetan, sariketa egiten dutenez, animaliak berandura arte ikusi ahal izaten dira.

Ardozaleek euren txokoa izango dute, Urretxuko Iparragirre plazan. Bertan egingo dute Arabako Errioxako XXVI. Ardo Azoka. Sukalde lanetan aritzea nahiago dutenek, ordea, zita bat dute 12.00etan Urretxuko Areizaga plazan, bertan «show cooking» delakoa izango baita, alegia, zuzenean kozinatzeko saioa.

Pintxoa eskuan, 13.30ean Urretxuko Zubimusu plazan artzain-txakur erakustaldia ikusteko aukera egongo da. Baina “artzainak” gidatu beharko dituen animaliak ez dira ardiak izango, antzarak baizik. Ordu horretan egingo dute baita ere egunean zeharreko lehiaketa guztien sari banaketa.

Giro ezin hobea egongo da Ederrena pilotalekuan ere, eguerdi partean herri kirolak izango baitira: aizkolariak lehenengo, eta harri-jasotzaileak ondoren. Sarrera doakoa da.

Arratsaldean, ordea, pilotaleku berberean profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dituzte. Lehenengo partiduan Mendizabal III.a eta Erostarbe Jakaren eta Tolosaren aurka lehiatuko dira. Binakako txapelketan, ordea, Urrutikoetxea eta L.Galarza Irribarriaren eta Merino II.aren kontra arituko dira.