GARA
IRUÑEA

Euskal Herri osora hedatu nahi den telekomunikazio kooperatiba sortu da

Izarkom Euskal Herriko Teleoperadore Kooperatiboa aurkeztu zuten atzo Iruñeko Katakrak liburu-dendan. Telekomunikazio operadore gisa herrialde osora hedatzeko asmoa du egitasmo berriak, euskal lurraldeko edozein puntutan Internet konexio irisgarria eta eskuragarria emateko helburu nagusiarekin jaio baita.

Xede hori betetzeko azpiegitura partekatu, ireki, libre eta neutralak erabiliko dituzte. Bestetik, herrigintza sustatuta naziogintza helburu duen irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimeneko kooperatiba integralaren egitura duela azpimarratu zuten, «ekonomia sozial eraldatzailean oinarrituta».

«Gaur egungo eredu ekonomiko kapitalista gainditzeko ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako alternatiba errealak plazaratu beharraz jabetuta» erabaki zuten Izarkom sortzea. Kooperatiba gisa eratu dute; izan ere, ekimen honetan parte hartu nahi duten kide nahiz erakunde guztien artean modu demokratikoan kudeatutako proiektu parte hartzailea izatea nahi dute eta «irabazi ekonomikoak lehenesten dituen enpresa eredua atzean utzi».

Hori helburu, bazkide izateko prozedura beraien estatutuetan jaso dute eta hiru bazkide mota daudela azaltzen dute: bazkide langileak, bazkide kontsumitzaile-erabiltzaileak eta bazkide kolaboratzaileak. Langile bezala jarduteko argitzen da autonomo gisa izena eman behar duela norbanakoak, kooperatiban onartua izateko eskatzen duten lan-zerbitzua emateko gaitasuna izatearekin batera. Hori egiaztatzeko, sei hilabeteko frogaldi bat egin beharko dute interesatuek.

Beste bi bazkide motei dagokienez, bazkide izateko kapital sozialerako hasierako derrigorrezko ekarpena egin behar dute eta adin nagusikoa den edonork bete dezake eskaera-orria. Bestalde, bazkide kolaboratzaileen kasuan onarpena Kontseilu Errektoreak egingo du.

SIAN lizentzia

«Izarkomek eraikitako eta sustatutako sare telematiko guztiak SIAN lizentzia prokomunari lotuta egongo dira ezinbestean»; hala dio webguneko azalpenak, «azpiegituren bikoizketak ekiditen ahalegindu eta, ahal den neurrian, gizarte nahiz ingurumen eraginak txikiagotzeko baliabideen erabilera partekatua bultzatuz».

Izarkomen baliabideekin bat datorren lizentzia da SIAN; izan ere, parekideen arteko interkonexioan oinarritzen da: mundu guztiari irekita dagoelako, askatasuna bermatzen duelako eta neutrala delako.

Era berean, telefonia mugikorrera, finkora eta Internet konexiora zuzenduriko zerbitzuak eskainiko dituzte. Dagoeneko tarifak plazaratu dituzte eta mugikorren zerbitzua eskaintzeko Orange sarea erabiltzen du kooperatibak Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Iparraldean, aldiz, hiru lurraldeetako legedia aztertu eta zerbitzua emango dien hornitzailearen bila dabiltza.

Internet zerbitzua sare libre baten bitartez eskainiko dute eta telefonia finkoa Volp teknologia baliatuz.