Nagore BELASTEGI

PAUSO TXIKI BAT, ANIZTASUNEAN ELKARREKIN BIZITZEKO BIDEAN

Duela 50 urte Euskal Herrira Estatu espainoleko hainbat lekutatik jende ugari etorri zen. Horietako gehienak euskal herritarrak sentitzen dira gaur egun. Orain beste migrazio mota bat jasaten ari gara. Urrunagotik datoz, baina beso zabalik hartuko ditugu.

Elkarbizitzarako bidean pauso bat eman du Elorriok. Atzo “Elorriotik mundura, mundutik Elorriora” dokumentala aurkeztu zen; zortzi pertsona migratzaileren bizipenak biltzen ditu. Film xumea den arren, etorkinak herrian integratzeko garatu duten proiektu handiago baten parte da.

«Elorrion bi komunitate nagusi ikusten ziren; bat jatorriz euskalduna eta bestea duela 50 urte lanera etorritakoa. Gaur egun denak elorriarrak dira. Azken urteetan beste migrazio bat egon da. Ez da oso handia, baina agerikoa da. Pertsona hauen seme-alabak eskolaren bidez integratzen dira, baina gurasoei pixka bat gehiago kostatzen zaie», azaldu zuen Txus Arrieta zinegotziak.

Hori dela eta, giza baliabideen gida bat jarri zuten horiek eskuetan, Elorriok dituen hizkuntza eta kultura azalduz, eta eska ditzaketen laguntzak eskainiz. Bestalde, “Ongi etorri Elorrixora” harrera egiteko protokoloa garatzen ari dira. Azkenik, ikerketa bat jarri zuten martxan diagnosi bat egiteko. Lehenik migratzaileei galdetu zaie Elorriori buruz, eta ondoren elorriarrei galdetuko diete migratzaileei buruz. Lehenengo fasearekin egin dute filma.

Dokumentaleko bi protagonistekin hitz egin dugu. Awa Sagma senegaldarrarekin eta Adac Mendoza nikaraguarrarekin. Sagma 2006an iritsi zen Euskal Herrira, hemen lanean zegoen senarraren pausoei jarraituz. «Nik sekula ez nuen pentsatu hona etortzea eta nahiago nuen berak oporrak zituenean Senegalera joatea. Haurrak izan nahi genituen, baina bisitan etorri zen aldietan ez genuen lortu, eta adineko batzuek etortzea gomendatu zidaten, berarekin egoteko. Gainera, esan zidaten haurrak izateko arazoren bat bagenuen, hemen medikuek lagundu ahal izango zigutela. Orduan animatu egin nintzen eta bi ume izan ditugu», kontatu zigun.

Krisiarekin senarrak lan egiten zuen enpresak arazoak izan zituen eta emakumeak curriculumak bidaltzea erabaki zuen; egun biek dute lana. Haurrak gainerako haur elorriarrekin batera joaten dira eskolara, eta elorriarrak diren heinean euskara beste guztiek bezalaxe dakite. Gurasoei kosta egiten zaie, baina hitz batzuk, behinik behin, ikasi dituzte.

Sagmarentzat migrazioa oso zaila da, ezin delako familiarekin egon: «Nire aita hil egin zen eta ezin izan nuen ikusi. Baina bizitzan gehien nahi nuena seme-alabak izatea zen, eta hori lortu dut. Noizbait etxera itzultzea gustatuko litzaidake, baina zer egingo dut umeekin? Nik sufritu dudana sufriaraziko diet beraiei ere? Hemen jaio dira, hemen dute beraien bizitza. Ni hara joanez gero, galdu egingo ditut».

Euskara, integrazio bide

Mendoza maitasunak bultzatuta etorri zen Euskal Herrira. Mediku internazionalista da eta Ekuadorren zegoela ezagutu zuen bere bikotekidea, irundarra. «Nikaraguan urtebete egon ondoren berari Elorrion mediku plaza eman zioten. Nik ez nuen ulertzen plaza haren garrantzia, baina azaldu zidanean ulertu nuen eta etorri behar genuela erabaki genuen», aipatu zuen. Jendaurrean aurkezten dutenean diskriminazioa nabaritu ohi du, norbaitek medikua dela esaten duen arte. Hala ere, baikorra da eta uste du belaunaldi berriek desberdin jokatzen dutela.

Elorrioko egoera soziolinguistikoa kontuan izanik, euskara ikastea garrantzitsua da berarentzat, denbora faltagatik eskolak utzi behar izan zituen arren. Emazteari ere kosta egiten zaio berari euskaraz hitz egitea, ohituragatik. «Niretzat euskara ikastea ez da nahi bat, behar bat baizik. Frantziara joanez gero ez dut espero gazteleraz hitz egitea. Hemen bilinguismo bat dago eta gazteleraz hitz egitea erraza egiten zait, baina herri hau euskalduna da. Nire pazienteekin pixkanaka saiatzen naiz; ikasteko jendearekin aritzea gustatzen zait. Halako hizkuntza ederra ikasi egin behar dugu, gure integraziorako onuragarria ere badelako», azpimarratu zuen.