Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ZARAUTZ
Surf

Euskal Surf Txapela Txiki 2019: Belaunaldi berriak lehia betean

Hemezortzi urtez azpiko lehiakide gazteek Euskal Surf Txiki txapelketa jokatu dute Zarautzen asteburuan. Olatu politak eta giro ezin hobea izan dira. Guztira 88 surflarik parte hartu dute, eta horietatik zortzi neska-mutil izan dira txapeldun.

Eguraldi ederra eta giro bikaina izan dira iragan berri den asteburuan Zarauzko Hondartzan. Lehenengo aldiz, hondartzaren mendebaldean antolatu du lehiaketa Euskal Herriko Surf Federazioak, Munoako plazaren parean, eta asmatu egin du, Euskal Surf Txapela Txiki txapelketa arrakastatsua izan baita.

Lau kategoriatan banatuta, (hurrenez hurren 18, 16, 14 eta 12 urtez azpikoak), 20 minutuko txandetan lehiatu ziren larunbat eta igandean Zarautzen bildutako gazteak. Txanda bakoitzean lau lehiakide aritzen ziren, baita finalean ere, eta bi olatu onenek puntuatzen zuten. Ondorioz, edozein olatu hartu beharrean, olatu hoberena hautatzen nahiko lan izan zuten lehiakide gazteek.

Garai bateko Txiki Surf txapelketa ordezkatzen du egun EHSFk antolatzen duen gaztetxoentzako txapelketa bereziak, eta ez du jarraipenik. Hau da, txapelketa bakarra izaten da, eta, irabazten duenak, urteko txapela irabazten du. Hala ere, Asier Nieto EHSFko kide eta lehiaketako antolatzailearen esanetan, «irabazleentzat oparirik onena uretatik ateratakoan arerio zein lagunek sorbalda gainera igo eta hondartza airean zeharkatzea izaten da».

Eguzkia eta olatu politak

Zarauzko hondartzan olatuek tamaina txikiena izaten duten eremua da Munoa, ipar-mendebaldetik sartzen diren itsaskiek errazago jotzen baitute hondartzaren ekialdera. Hortaz, olatuak handiak direnean, surf egiteko lekurik egokiena izan daiteke Moila ingurua, baina, olatuak txikiak direnean, indar apur bat falta izaten da.

Hala ere, Munoako urautsiak baditu aldeko beste osagai batzuk. Esaterako, haizeaz gehien babestuta dagoen eremua da, eta, horrez gain, hondartza osoan olatuak alderik alde ixten direnean ere, Munoa parean beti izaten da ezker edo eskuin irekitzen duen olaturik. Arrazoi horiek guztiengandik erabaki zuen EHSFk aurten txapelketa hondartzako eremu horretan egitea, eta, olatuak txikiak izan arren, argi geratu zen aukera asko eskaintzen dituen lekua dela.

«Itsaski iragarpenek baldintza txarrak izango zirela esaten zuten larunbatean, baina zortea izan genuen, olatu txikiak baina politak izan genituen-eta: 12 urtetik azpiko nesken zein mutilen txanda guztiak egin genituen», azaldu zuen Asier Nieto txapelketa zuzendariak.

Guztira, 21 lehiakidek parte hartu zuten 12 urtez azpiko kategorian, 16 mutil eta 5 neska. Eder Fuentes getxotarra nagusitu zen mutilen mailan eta bigaren postua Oxel Oregirentzat izan zen. Nesken maila azpimarratu zuten epaileek: «Mutilen kategorian maila altua ikustera ohituta gaude, baina, larunbatean, batez ere 12 urteko neskekin ‘flipatu’ genuen. A zer maila dagoen!». Annette Gonzalez-Etxabarrik irabazi zuen 12 urtez azpiko txapela eta bigarren postuan Laine F. Goenaga geratu zen.

Igande bikaina

Olatu ederrak izan ziren atzo goizean Zarautzen eta lehiakideek ezker-eskuin lehertzen ziren olatu txiki baina garbiekin gozatu ahal izan zuten. Ordea, orduek aurrera egin ahala olatuen tamaina gero eta txikiagoa zen, eta, itsasgora gerturatzen zen neurrian, olatuen indarra ere ahultzen hasi zen.

Edonola ere, itsasgora iristerako, txanda guztiak eginak zituzten, eta arratsaldeko bostak aldera atera zen lagunen bizkar gainean aurtengo Euskal Surf Txapela Txiki lehiaketako azken irabazlea: Iker Amatriain. Zarauztarrak, 18 urtez azpikoen txapela eskuratu zuen, eta, bigaren postua, Tomas Zarraonandiarentzat izan zen. Nesken kasuan ere zarauztar batek irabazi zuen 18 urtez azpikoen txapela: Mikele Beato. Bigarren postua Paula Nietorentzat izan zen.

Goizean zehar, batez ere itsasbeheran egin zituzten txandak. 14 eta 16 urtez azpikoen kategorietako emaitzak honako hauek izan ziren: Peru Zuñiga eta Aitzol Aginagak lortu zituzten lehen eta bigarren postua mutilen 14 urtez azpikoen artean. Nesken kasuan, berriz, Janire Gonzalez-Etxabarri eta Ibone Gomez geratu ziren lehen eta bigarren postuetan.

Markel Bizkarguenaga izan zen mutilen 16 urtez azpikoen kategoriako irabazlea, eta bigarren postuan Xuban Lopetegi geratu zen. Nesken kasuan, berriz, Bianca Tyek irabazi zuen 16 urtez azpikoen txapela, eta zilarrezko domina Alejandra Garciarentzat izan zen.

Irabazi edo ez, itsasoratu ziren 61 mutil eta 27 neskek jaso zuten hondartzara gerturatu ziren ikusle eta lagunen babesa, eta guztiek eman zuten haien onena. Ikusleen artean, noski, guraso asko, eta batez ere giro ederra eta alaia, eguraldiak ere laguntzen zuelako.