N.BELASTEGI DONOSTIA

«Ez zen diruagatik», diruaz ere mintzatzen den eleberria

Ana Jakak euskarazko lan bat argitaratu du estreinakoz. Bere lehenengo eleberria da honakoa, urteetan poemak idazten aritu ostean. Krisi ekonomikoa agertoki duen emakume baten bestelako krisien berri ematen digu liburuak, sentimentalak batez ere.

Olga 45 urteko emakume bat da. Independentea den itxura eman nahi du, baina nahi baino mendekoagoa da. Ez du lanik eta laguntza sozialetatik bizi da, harreman seriorik ez dauka baina gizonekiko nolabaiteko dependentzia ere badauka; etxean desastre hutsa da. Gazte baten bizimodua eraman du orain arte, baina bat-batean konturatzen da ez dela hain gaztea.

Bakardadearen ikuspuntu eta egoera desberdinak jorratzen ditu Ana Jaka idazleak «Ez zen diruagatik» eleberrian. Diruaz zuzenean ez du hitz egiten, baina atzealdean badago horren usaina. «Sos bat bera ere ez niola pasako esan nion», dio liburuaren lehenengo esaldiak. Sexu harreman bat izan osteko egoera deskribatzen digu horrek. «Diruaren tabua apurtu nahi nuen. Egia esan, dirua ez da tabua, baina zenbait testuingurutan bai. Adibidez, harreman sentimentaletan itsusi gelditzen da diruaz hitz egitea», esan zuen Jakak.

Honakoa bere lehenengo eleberria da, baita euskaraz argitaratu duen lehenengo lana ere. Aurretik poema liburuak idazten aritu da, eta horiek, gainera, gaztelaniaz. «Ez zait zaila egin poesiatik eleberrira pasatzea. Desberdina da, eleberria idaztea lan luzeagoa da. Poesia bat-batekoa da eta eleberriak, berriz, egunero pixka bat egitea ahalbidetzen dizu. Gustatzen zait nire bizitzan poesia eta narrazioa nahastea», aipatu zuen.

Tarteka bere poesiak argitaratzen ditu sarean duen blogean (anajaka.blogspot.com) eta horietatik batzuk euskaraz daude; alegia, Euskalerria irratirako idazten dituenak.

Olgaren bizitza hutsa

Liburuan ahots desberdinak daude eta horiek tipografia desberdinekin nabarmentzen dira. Hala ere, Olga da protagonista. Berak kontatuko dizkigu «bere gabeziak apaingarririk gabe, gordintasunez».

Idazlearen ustez, liburuaren azalak oso ondo laburtzen du nobelaren gaia. «Nahiko hutsik dagoen hozkailu bat ageri da, desantolatuta». Protagonistarena da hozkailua eta bere bizitzak ere deskripzio horri erantzuten dio.

Olgarekin batera Dani eta Mikel pertsonaiek ere pisua dute istorioan. Dani etxean arazoak izan dituen mutil bat da; ihes egiten du eta Olgak babesten du. Mikel gizon serioa da, bikotekide egonkorra duena, baina barruan «zurrunbilo bat» dauka. Hirurek topo egiten dutenean bata bestearen gabeziez eta bakardadeaz jabetuko dira, eta nor bere buruari buruz pentsatzen hasiko dira.