Idoia ERASO
Udate

Buhameak eta Xaho, pastoralean elkartuta

«Petti buhame» izenburua du aurtengo pastoralak, eta aski ezezaguna den ijitoen historian barneratuko du ikuslea. Horrez gain, Agosti Xahoren borrokak ere bilduko ditu bihar Garindainen estreinatuko den antzerki tradizionalak.

Aurten ere ikusten dugu zuberotarren pasioa trajeria edo antzerki zahar horren alde», nabarmendu du Pier-Pol Berzaitzek. «Petti buhame» pastoralaren idazleak Garindaineko herriak bihar estreinatuko duen antzezlanaren prestakuntzari buruz mintzatu da: «Niretzat izugarria da ikustea horrelako herri ttipi batean zer mobilizazio sortzen den eta nola zuberotarrek maite duten pastorala eta nola den pastorala». Izan ere, Zuberoako biztanleentzat «gertakari artistikoa eta gai artistikoa» izateaz gain, gizarte eta ekonomia mailan duen garrantzia ere azpimarratu du.

Herriak lotura estua du pastoralarekin eta gaiak ere hark erabakita eta maitatuak direlako izan dira hautatuak. «Petti buhame» du izenburu antzezlanak, protagonista ijitoa dela agerian utziz. Buhameen historia ezagutarazi nahi izan dute herriko gazteek, eta horrela galdegin zioten idazleari. Baina azken honek bere ukitua ere ezarri nahi izan dio, herriaren maitasunetik abiatuta, beste gai bat ere bertan sartuz: «Nola zuberotarrek anitz miresten dugun Agosti Xaho agerrarazten dut ere bigarren partean».

Ongia eta gaizkiaren arteko dikotomia da pastoralaren oinarria; bikoiztasun hori landutako gaietara ere zabaltzen da. Bi errealitateak beste bi mundutan barna eramanen dute ikuslea, historia eta fikzioaren artean. «Petti Garindaineko gazte bat da eta hango etxeko alaba batekin amodiozko istorio bat bizi du. Hori eskema klasikoa da, baina erreala ere bai. Bigarren aldetik Xahoren historia ere kontatzen dugu»; horrela laburbildu zuen idazleak pastoralaren mamia.

Tziganoen presentziak, historia erakusteaz gain, gizarteko arazoak lantzeko parada ere eman dio Berzaitzi: «Kontatzen du Garindaineko istorio bat, alde batetik izaten ahal dena historikoa, bai eta fikzio bat ere. XIX. mendean anitz buhame bazen herri horretan, bai beste herri zenbaitetan ere. Beraz, idatzi dut trajeria soziala, erran nahi baita buhameen eta etxeko jaunen arteko istorio bat nola gertatzen ahal izan zen garai horretan».

Zentzu horretan, XIX. mendean kokatua den pastoralak gaurkotasun handia ere baduela nabarmendu zuen idazleak: «Gaur egun ere guti edo aski ikusten ahal dugu nola diferentziak edo pobreziak sorrarazten duen hainbat jende aparte egoiteko ideia hori. Ez dut uste anitz aldatu denik; bada beti gure baitan horrelako gibeltasun bat eta estigmatizatzen ditugu beti jende pobreak eta desberdin bizi direnak».

Bazterketa soziala da, zalantzarik gabe, pastoralaren gai nagusietako bat, eta Berzaitzek buhameek integratzeko ahalegina egin zutela azpimarratu zuen: «Euskara ikasten zuten eta herritarrak bezala bizi ziren». Hala ere, horrek ez zuen etxeko jaunen eta ijitoen arteko nahasketa ahalbidetzen: «Istorio horretan kontatzen dugu nola adibidez ezkontza bat ez zen posible eta nola erra sortzen zen horrelako zerbait pasatzen bazen; bakoitza bizi zelakotz aparte».

Garindaineko errealitatetik eta fikziotik harago doa pastorala: «Agosti Xahok izan zuen Zuberoako lagun bat, eta nik horri egiten diot lotura beti buhameekin». Berzaitzek gaineratu zuenez, Xaho Baionan izan zen 1848ko iraultzaren alde, «karrikan oldartu zen».

Pertsona historikoaren borroka eta zuberotar artzainen alde izan zen «oldartze handia» ere ikusgai izanen dira bihar Garindainen; garai horretan «mendia eta bortua nahi zutelakotz zatikatu eta artzainek hori ez zutelakotz soportatzen ahal».

Buhame, tzigano edo ijitoen historia nahiko ezezaguna da Euskal Herrian, nahiz eta azken urteotan Zuberoan aski indar hartu duen gaiak. Nicole Lougarotek «Les bohemiens» liburuan Zuberoako kulturan ijitoek izan duten eragina defendatu du, eta zeresan handia eman du, bereziki lurraldeko kulturaren ezaugarri nagusietako bat den maskarada tziganoek sortua dela erraten duelako.

Lougaroten liburutik abiatuta, horren irakurketak pastoralean ere izan du bere tokia Mixel Etxekoparrek joan den urtean zuzendu zuen «Ederlezi» antzezlanean.

Berzaitzek ez du liburu berritzailetik gauza handirik baliatu: «Nicole Lougarotek egin du bilduma ederra, bai eta ikerketa handia ere. Pastoralean hartzen ditugu gauza zonbait, baina gehiago kontatzen dugu garai bateko giroa. Erromantizismo puska bat sartu nahi dut beti pastoraletan eta bistan dena buhameen inspirazioa izan dudala Lougaroten liburuan, baita agoten historian. Hala ere, hainbat aske eta libro egoten naiz gauza historikoez».

Irakurketa librea nagusia baldin bada ere, gaiaren gaineko ezagutza hedatzea izan da hautaketaren arrazoia: «Garindainen izan da beti hamar bat buhame familia. Hamar, gero bost eta gero integrazioa pasatu da, baina izan dira anitz, eta egoten dira gogoetan buhameen eta jendeen arteko istorioak. Gazteek nahi zuten berriz hori biziarazi, berreskuratu beraien herrian».

Urte berezia dugu 2014a pastoralei dagokienez, Zuberoako herri baten esku gelditzen den tradizionalaz gain, beste bi izan baitira. Lehena Jean-Michel Bedaxagarrek egin duen «Akitaniako Alienor», emazteen pastorala bezala ezaguna egin dena, arizale guztiak emakumezkoak izan baitira. Bigarrena, iraultzarako toki gehiago izan duena, Itxaro Bordak eta Beñat Achiaryk sortu duten «Gerezien denbora» da. Azken hau «hiritarra» izendatu dute, Baionan estreinatua izan baita, hiriko portuko lantegien historia eta langileen borroka kontatzen duelako.

Pastoralaren aberastasun honi buruzko iritzi epela du Berzaitzek: «Uste dut batekin nahikoa dela, baina ez dugu erran behar gaizki dela, hobe baita hiru batere ez baino». Hainbeste pastoral izan diren urte honetan «Petti buhame»-k jaso duen izendapenaz ere mintzatu da: «Batzuetan deitzen dute `ofiziala'. Hitz hori ez dut hainbeste maite, baina guk egiten dugu urte guztiz eta behar den bezala herriko pastoral tradizionala».