Anartz BILBAO DONOSTIA
Udate

Toshiko Akiyoshi: «Jazz musikari legez, emakumea izateagatik kritikak izan nituen AEBetara heltzean»

Toshiko Akiyoshiri ez zitzaion pianoa jotzea baino modu hoberik bururatu atzo Donostia Jazzaldia Saria ospatzeko. Ez zen gutxiagorako; hogei urtean hogeita sei lagunek jaso dute saria eta guztietan Shirley Horn genuen atzo arte emakume bakarra. 1982An, bere big-band propioa gidatuz, Jazzaldian parte hartu zuen musikariak aitzindari izateagatik eskuratu du saria.

Txinan jaio zen japoniarra dugu Akiyoshi (1929an). 84 urteko emakumeari Donostiako alkateak eman zion saria atzo BCC Basque Culinary Center-en, piano saio batez aretora sartzea lortu genuen pribilegiatu gutxi batzuen belarriak gozotu baino lehen. Tarteka, zutitu -publikoari txaloak eteteko eskatu- eta pianoan ukondoa jarrita, azalpenak ematen ditu ingelesez, zer eta zergatik jotzen duen azaltzeko.

Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariaren aburuz, «sari hau jaso izan duten guzti-guztiek merezi izan dute, baina balio artistikoari erreparatuta, profesional gisa eman izan diegu Donostia Jazzaldia. Eta kasu honetan, balio musikalei, eta baditu, gizatasun arloko balioa erantsi behar zaio, Toshiko Akiyoshi eredua baita belaunaldi berrientzako».

«Akiyoshi gai izan zen Japonian musikari gisa nabarmendu eta jazz-aren herrialdeari aurre egiten, AEBei», jarraitu du Martinek. Ameriketan izen handiko eskola batean ikasi eta «ibilbide bikain bat garatu zuen, ez bakarrik hirukotean -formazio ohikoena omen du-, big-band propioa eratzera ausartu baitzen, horrek dakartzan buruhausteei, bai artistikoei bai finantziazio arlokoei, aurre eginez». Akiyoshi-ren big-band-a, gainera, XX. mendeko bigarren erdian erreferente bihurtu zen.

Martinek, bestalde, bukatu eta japoniarrari hitza emateko, emakume japoniarrak eta euskaldunak parekatu zituen. «Itzal handiko psikiatra batek dioenez, bizitza luzeko emakumeak izan ohi dira biak ala biak, zer eta berba asko egiten dutelako. Hau da, badute zer kontatu eta... kontatzen dute».

Akiyoshik musika du komunikatzeko modu ohikoena, baina atzo prentsaurrekoan kontatu zizkigun kontutxo batzuk, jada aulkian jesarrita, eroso. Harrituta zegoela aitortu zigun saria jaso eta eskerrak ematean. «Bitan baino ez dut jo Estatu espainolean, eta behin Donostian -1982ko Jazzaldian egona zen, big-band-arekin hain zuzen ere-; ez nuen uste nire lana ezagutu eta estimatzen zenik hemen».

Nazioarteko solasaldian -lau galdera egin genizkion japoniarrari, bana euskaraz eta gazteleraz eta bi ingelesez-, bere ibilbideko hastapenak ere kontatu zizkigun, jazzean nabarmendu den emakumea den aldetik. «Kuriosoa da, Japonian bizi nintzela musikari gisa ikusten nuen neure burua, emakumea izateari garrantzirik eman gabe. Eta AEBetara jo nuenean jabetu nintzen neure emakume izateaz eta horrek zekarrenaz; kritikak izan nituen hasieran -hori zela-eta, Boston utzita New Yorkera aldatu zen-. Aitzindari izateak dakartzan kontuak».

«Jazza kultura krisol ikaragarria da», Akiyoshi-ren ustean. Bere kasuan, hasieran ez baina gerora bere musikan japoniar ukitua jarri duela onartu zuen «japoniar enperadorearen etxeko tradizioa». Izan ere, Duke Ellington hil berritan erreportaje bat irakurri ei zuen, beltza izatearen kontzientzia musikara ere eraman zuela zioena. Eta bera japoniarra izanik, bere izatea musikara eraman beharra zuela ohartu bide zen.

Saritutako musikariak Lew Tabackin senarra du ondoan egunotan, saxofoi eta flauta jotzaile bikaina bera. «Berarekin jotzen dudanean ez dut nire senarrarengan pentsatzen, musikari handi batengan baino. Ni baino hamar aldiz musikari hobea da, oso saiatua. Gura nuke pentsatu berak gauza bera esango duela nitaz» -barre egin gabe dio, emakume atsegina baina serioa baita-.

Bukatu baino lehen, euskal sukaldaritza aipatu zion norbaitek, lan egiteko modua jazzarekin alderatu nahian, eta «saria onartzearen arrazoietako bat izan da bertako gastronomia ezagutzeko aukera aprobetxatzea», onartu zuen herabe. Japoniarrarekin alderatu asmoz, «gurean ez da oliorik ez berakatzik erabiltzen», azaldu zigun, desio (edo bekatu) txiki bat aitortu baino lehen. «Irrikaz nago aingira txiki horiek probatzeko -angulez hari da!-, baina entzuna dut Gabonetako kontua direla hemen».

Basque Culinary Center-en bakarka pianoa jo eta gero, Kursaal aretoan emanaldia du gaur Toshiko Akiyoshik Lew Tabackin senarrarekin, Darryl Hall (baxua) eta Mario Gonzi (bateria) musikariekin laukotean (18.30ean eta 15 euroren truke). Azken bi artista hauek osatzen dute Eric Reed Trio-ren sekzio erritmikoa ere -bihar 12.30ean doan joko dute BCCn-.

«Jazza swing-a da! -dio Akiyoshik- klasikoarekin alderatuta konpasak jotzean denborari aurre egiteko moduan dago giltza».

Euria

Asteazkenean Clinton eta Davies agureek ireki zuten jaialdiak -dei dakieke agure «You Really Got Me» idatzi edo hondartza dantzarazteko gai diren morroiei?- umeentzako programazioa abiatu zuen atzo, Txikijazz. Trinitate plazan, bestalde, helduak bildu oi dira eta, beraz, gazteak zer? Herenegun izan zuten txanda Delorean-ekin. «Deli»-tik «Destitute Time»-erako bidea egin eta The Wire zein Echo & The bunnymen-i eman zieten txanda zarauztarrek. Guri gehiago gustatu zitzaizkigun lehenak -distortsio ozenaz gortu gintuzten arren; horixe zuten asmoa- Ian McCulloch gidari duen talde iluna baino. Azken hauek 6.000 laguneko jendetza erakarri ei zuten, Deloreanek bi mila gehiago; hauek jarduna bukatu eta lehen tantak bota, dena bat. Jazzaldiak aspaldiko laguna du euria ere. Zurriola hondartza gaineko eskaintza gaur itxiko da, Austra -kanadar hirukote elektronikoa- eta Vintage Trouble -blues-rock laukote estatubatuarra- taldeekin.