Jon LEUNDA
SOKATIRA | Lur gaineko Munduko Txapelketa

Iritsi da amestutako egun handia

Gaurtik igandera jokatuko da Munduko Txapelketa Ameriketako Estatu Batuetako Wisconsin estatuan, Euskal Herria ofiziala dela.

Iritsi da egun handia, eta aurreneko aldiz Euskal Herria ofiziala dela jokatuko da gaurtik aurrera, Ameriketako Estatu Batuetako Wisconsin estatuko Madison herrian, lur gaineko Munduko Txapelketa. Beraz, larunbatean eta igandean jokatuko den selekzioen mundialean, euskal selekzio bezala parte hartu ahal izango dute, eta podiumera igotzen badira, ikurrina jasoko dute. Aldi berean, gaur eta bihar kluben mailan jokatuko den txapelketan ere gauza bera gertatuko da. Parte hartzen duten beste herrialdeek izango duten tratamendu bera izango du.

«Urte askoren ordaina jasoko dugu, eta egun ederrak izango dira. Gu egurra ematera gatoz. Ez dakit nolako dominak lortuko ditugun, baina bakarren bat eramango dugun zalantzarik ez daukat», esan zuen Jone Zarragak, Herri Kirol Federazioko ordezkariak.

Gaztedi, Mutriku eta Goiherri izango dira Ameriketan. Lehenena igandean bertaratu zen, eta azken biak astelehenean. Lehen egun hauetan ordutegira moldatu behar izan dute, sei orduren aldea baitago. Atzo, gainera, pisaketak izan zituzten, eta goizean oso goiz jaiki behar izan zuten horretarako.

Gaztedi da ordezkaritzarik handiena eraman duen kluba. Hiru talde eraman dituzte mutiletan parte hartzeko, eta gero nesken bat eta misto bat ere eraman dituzte. Pasa den Euskal Herriko txapelketak kontuan hartuta ere, talde hau izango da aukerarik handiena duen taldea; izan ere, Euskal Herrikoan maila ikaragarria eman du Gaztedik, eta dominaren bat edo gehiago lortzeko asmoarekin joan dira Wisconsinera.

Mutiletan, Gaztedi A 580ko eta 640ko mailetan arituko da. Gaztedi B ere aipaturiko bi maila horietan neurtuko da, eta Gaztedi C, berriz, 580koan. Nesketan, Gaztedi bi mailatan arituko da, 500ekoan eta 540koan, eta mistoan, aldiz, 600ekoan.

Euren itxaropena pisu txikietan zerbait egitea izango da, eta dominaren bat lortzea, bai nesketan, eta bai mutiletan. Mistoan ere ez dute itxaropen faltarik eraman.

Goiherri azken urte hauetan lur gainean Euskal Herriko talderik onena izan da, baina aurten Gaztedik aurre hartu dio. Erandioko taldea, ordea, dominaren bat lortu eta ekartzeko itxaropenarekin joan da Ameriketa aldera. Mutiletan, 580ko eta 64ko mailetan arituko da lanean, eta mistoan ere arituko da, hor 600ekoan. Maila honetan ere zerbait egiteko itxaropenez joan dira berdeak, nahiz eta jakin oso zaila izango dela.

Mutriku da hirugarren taldea, eta agian aukerarik gutxien izango dituen taldea ere bada, baina ikasi eta eskarmentua hartu, hori izango da gipuzkoarren lehen helburua. Mutiletan 580ko, 640ko eta 700eko mailetan arituko da, eta 600eko mistoan ere neurtuko da.

Faboritoak

Goma gainetik lur gainera alde handi samarra dago, eta garbi dago azken honek duela indarrik handiena. Faboritoak aipatzerakoan, betiko herrialdeak agertzen dira. Ingalaterra, Irlanda, Ipar Irlanda, Suitza, Eskozia, Herbehereak edo Suedia izan daitezke aipagarrienak, baina horiekin borrokan aritzeko moduan Euskal Herria ere agertzen da. Dominak gutxi dira, eta faboritoen zerrenda handia, beraz ez da erraza izango asko lortzea. AEBak ere etxean arituko dira, eta horiek ere kontuan hartu beharrekoak izango dira.

Hasi aurretik, ordea, borroka bat irabazita dago, Euskal Herria ofiziala dela, eta zoritxarrez oraindik oso kirol gutxitan gertatzen da hori. Egoera berri honek, ordea, tiralarien artean sekulako ilusioa piztu du, eta horrek ere asko balio du.

Dominaren bat lortzeko aukerak badira, aurreneko egunetik hasita

Gaur hasiko da Munduko Txapelketa, kluben lehiaketarekin, eta dominak lortzen hasteko aukerak ere izango dira.

Hango 09.30ean mutilen txanda izango da, 700 kiloko lehiaketarekin, eta hor zerbait egitea oso zaila izango da. 13.00etan, berriz, 580koak arituko dira mutiletan, eta hor izango dira aukerarik handienak. Ordu erdi geroago, neskak hasiko dira lanean, 540koan, eta hor ere izango dira aukerak.

Bihar 600eko mistoek hasiko dute eguna, 09.30ean. 13.00etan, mutilak arituko dira 640koan, eta azkenik, 13.30ean, nesken txanda izango da, 500ekoan neurtuta, kluben lehia amaitzeko.

J.L.