Jon Garmendia
Udate

Baionari kolore gehiago ezarri dio Zumetak

Abuztuaren hastapenetik Jose Luis Zumetaren margoak daude Baionan ikusgai, eta irailaren 21a arte izango da haiek ikusteko aukera Lapurdiko hiriburuan. Artistari buruzko filma, bere margo esanguratsuenak, «Gernika» barne, eta «Oi Bihotz» serigrafiak dira erakusketaren ardatz. Arrakastatsua izaten ari da erakusketa eta margolaria kontent bezain harriturik ageri da.

Margoekin hitz egiten du margolariak, hura da bere adierazteko manerarik natural eta libreena, eta bere sorkuntza hitzekin azaldu behar duenean preso sentitzen da, aipamen bakoitza neurtu behar balu bezala, edo bere gogoaren kontra hizketan jardun beharrean bestela. Eta Jose Luis Zumeta esaldi horren adibiderik garbiena da. «Niri ez galdetu noiz sortu nintzen, non eta halakoak, e?». Irribarre batekin hasi eta irri karkaila batekin amaitu du bere lehen esaldia Usurbilgo artista handi honek GARA Baionako Frédéric Bastiat karrikan jaso ostean.

Ostatu bateko terrazan kafe kikaren artean atzeman dugu margolaria, karrika bereko Le Carré aretoan dago bere erakusketa, eta guri azalpenak ematen hasi aitzin, BlackBasque jaialdiaren sortzaile izan zen Jules-Édouard Moustic frantses umorista ezagunaren bisita ukan du, harekin ari da hizketan, edo hari entzuten behintzat, Zumeta Parisen bizi izan baitzen denboraldi batez, 1959. urteaz geroztik, eta oraindik garaian ikasitako frantsesa menperatzen duela iduri du. Umoristak plazer ukan du margolaria ezagutzean, pinturen artea biziki maite duela aitortu digu, musikarena bezala, bada aspaldi irrati propio bat duela, arrakastatsua gainera, nahiz eta Canal Plusen 1990. urtetik aitzina ikusgai den programaren karietara egin zen ezagun Frantzian, eta kontent da berak sortutako jaialdiaren egitarauan Jose Luisen margoak erakusgai daudelako.

Abuztuaren 5ean zabaldu zuten margolariaren erakusketa Baionan, eta irailaren 21a arte publikoaren gozagarri izanen da, nahinorentzat ateak zabalik baititu sarrera ordaindu gabe. Ipar Euskal Herriko Zumeta zaleek, gainera, ez dute usu ukan artista handiaren obra ezagutzeko parada. «Uste dut hau dela bigarren aldia Ipar Euskal Herriko lurretara natorrena nire margoekin, aurrez Biarritzen egin bainuen erakusketa bat, baina orain dela asko izan zen hori, aspaldi, ia ahantzita daukat. Deitzen didaten tokietara gogotsu joaten naiz, eta BlackBasque jaialdia iaz ezagutu nuen, mural batean zerbait marrazten aritu bainintzen, ez zen gauza handirik izan, gainera; Gonzalo Etxebarria pintorearekin batera egin nuen hura, baina aurten jaialdiaren barnean nire erakusketa sartu nahi zutela-eta, gonbidapena luzatu zidaten Baionara etortzeko; hemen nago».

Black And Basque, jaialdi abangoardista

Arte garaikidearen espresio desberdinak, arte grafikoa, argazkiak, zinema eta musika barnebiltzen dituen jaialdia da BlackBasque. Laugarren edizioa beteko du aurten eta irailaren 11tik 13ra ditu finkatuak ekitaldi nagusiak. Ekitaldi horiek biziki jendetsuak izaten dira, hiriko harresi inguruetan eskainiak, La Poterne deituriko gunean; ordea, Zumetaren erakusketari egokitu zaio osotasun horren aurkezpen bandera izatea aurtengoan, eta biziki kontent dira antolatzaileak publikoa ematen ari den erantzunarekin.

Frédéric Bastiat karrikako bederatzigarrenean dagoen Le Carré galerian sartu gara eta erakusketaz arduratzen den Christellek bere poza adierazi digu lehen-lehenik. «Uros ginen Zumetak gure gonbidapena onartu zuelarik, ez baikenuen sobera ulertzen bere mailako artista batek zergatik ez dituen gehiagotan erakutsi bere artearen emaitzak inguru hauetan, eta erantzun bikaina izaten ari gara jendearen aldetik. Gainera, kolorea da jaialdiaren oinarri, eta zer hobe, margolari honek bere obrekin agertzen duen koloreen bizia baino».

Margolariak jarraitu du hizketan hari horri tiraka. «Niri iruditzen zait Hegoaldekook hartu-eman gutxi daukagula Iparraldearekin; beraiei ere antzera gertatzen zaie Hegoaldearekin, edo behintzat, niri iruditzen zait ezagutzeko daukagun lur misteriotsua dela Iparraldea, asko daukagula sakontzeko. Nire lanean zentratzen naiz, ez naiz aritzen zer korronte dabilen edo zer gauza sortzen den beha. Diziplina askotan nabarmentzen direnak ezezagunak zaizkidan gisa, artean ere berdin pasatzen da, pertsonalki Gonzalo Etxebarria ezagutzen dut hemen eta Christine Etchevers ere bai, baina beste margolari gutxi, eta, haien lana, gutxiago».

Asteko egun bat izateko, eta arratsaldeko lehen ordua, aretoan jende anitz dabilela aitortzen diogu orduan, eta hori ikusita zer sentitzen duen. «Poza, noski, poz ematen dit, baina harrituta nago bestalde. Erakusketara jende asko hurbiltzen ari dela esan didate, egiazki, ez nuen espero, inaugurazioan ere jende pila egon zen, eta gero ere hala ibili omen da, ez nuen uste ezaguna izango nintzenik hemen», eta momentu horretan bi emazte hurbildu zaizkio hitz egitera. Grabagailua pause moduan jarri dugu eta haien buruak aurkeztu dizkiote Jose Luisi. Itxaro Borda idazlearen ahizpak dira, hark ezin zuela hurbildu eta bere agurrak jasotzeko esan diote, hunkituak daudela bere margoak ikusi ondoan, eta eskerrak luzatu dizkiote bere erakusketa Baionan jartzearren. Irribarre bat marraztu da orduan margolariaren aurpegian, begiak erdi itxi, eta eskerrak eman dizkie bi emazteei.

Erakusgai jarri dituen lanak azaltzen hasteko eskaera egin diogu margolariari gero, eta galeriaren goiko zatian hasi dugu bisita. Eskailerak igo ahala elkarrizketatzaileak ordez elkarrizketatuak sentitu gara, badirudi interesatuago dagoela gurekin bere bizitzaren berri ematearekin baino. Talentuz jositako artista baten umiltasunaren zantzua iruditu zaigu hori. Usoa alabarekin batera egindako «Oi Bihotz» liburua dago goialde horretan, serigrafiak dira, 38 orotara, Arrasateko Santa Ageda ospitale psikiatrikoan zeuden pertsonen testuetan oinarrituta egindako lanak. «Egia esan ez dakit nola definitu serigrafia horiek, non heldurik ez daukate ilustrazio bezala, hau da, ezinezkoa da testuak esaten duen hori irudiarekin agertzea», eta, lagin gisa, halako baten aitzinera eramaten gaitu. Testua gazteleraz idatzia izan da sorreran eta hala irakurtzen digu: «Siento que mi corazón no se abre como si el invierno prohibiera salir el sol que aún sigue dormido». Ondoren euskarazko itzulpena irakurtzen dugu: «Sentitzen dut bihotza ez zaidala zabaltzen oraindik lo datzan eguzkiari neguak ateratzeko debekua jarri balio bezala». Ingelesezko itzulpena ere ageri du serigrafia horrek, gainontzeko guztiek bezala, eta publikoarentzat liburuxka bat osatu dute frantsesez, esaldi bakoitza Itxaro Bordak itzuli duelarik.

Monika, bere beste alabak talde batekin batera egindako «Izenik gabe 200x133» filma ere ikusgai dago Le Carré galeriako gaineko aldean, Jose Luis Zumetak nola lan egiten duen ulertzeko material ezinbestekoa. «Ordu eta erdi irauten du pelikulak, eta han ikus daiteke nire tailerrean nola aritzen naizen, zer ordutan egiten dudan lan eta abar».

Goiko zatiaren izarra, hala ere, 1967an Euskal Pinturaren Sari Handia irabazi zuen «Gernika» da. «Picassok egindako `Guernica' obraren neurri bera dauka nik egindakoak, baina ez da haren kopia bat, horrek ez bailuke zentzurik, koadro haren interpretazioa baino ez da nirea. Oroitu behar da, bestalde, espazio itxi batean egin zuela Picassok, eta nirea kanpoan egina dela, bonbardaketa bat irudikatzeko, aldaketa eman nahian sartu nion kolorea, eta kontu mitologikoak erabili ordez errealitateko elementuak baliatu nituen».

Munduan, egun, bere «Gernika»-k agertzen duen bonbardaketak eguneroko ogia direla aipatu diogu orduan, eta Gazan, Sirian eta beste hainbat lekutan gertatzen ari direnen aitzinean zer pentsatzen duen galdeturik zehatz erantzuten du. «Gauza originalik ez dut pentsatzen horren inguruan. Gerra da gauzarik okerrena, bizidunak hil behar hori... situaziorik gogorrena da. Gizakiak asmatu duen gauzarik itsusiena da gerra dudarik gabe, kolorerik ilunena daukana».

Azpira jaitsi gara azkenik, eta han dauzka teknologia berriak baliatuz egin dituen lan batzuk. «iPad bidez, marrazkiak egiteko aplikazioekin egindako marrazkiak dira», dio. Azken bi urteotan egin dituen lanetako batzuk ere han daude; zer ordenetan jarri dituen galdetzen diogu, eta zergatik. «Espazioaren arabera jarri ditut, baina ez Oteiza eta halakoek esandako espazioaren arabera, e? Metafisikarik gabe, egokien zeudela iruditzen zitzaidan eran», irriz erantzuten digu, umorea aldi oro baliatzea maite duela erakutsiz.

Haur bat hurbildu zaio orduan, 10 bat urteko neska, haren amak aitarentzat eskaintza lerro bat idatz dezakeen galdetu dio eta neskatilak galdera zailago bat luzatu dio, ea paretako margo batean agertzen dena arrano bat den. Zumetak eskutik hartu du neskatila, eta margoaren parera joan eta baietz erantzun dio. Elkarrizketa amaitzera gerturatu da ondoren, eta guk ezer erran aitzin. «Hegazti harrapari baten burua da, forma hori du margoak, bai, askotan haurrek errazago antzematen dituzte nik egindako irudiak. Freskoagoak dira haurrak, garbiagoak daude, hau da, zuzenago ikusten dituzte gauzak, naturalago», azaldu digu berak. Agurtzerakoan, etorkizunari nola behatzen dion galdegin eta galdera bukatu aitzin erantzun du: «Pintatzen jarraitzeko asmoa daukat, hori egin behar baitu pintore batek hil arte, pintatu».