A. A. DURANGO

Ahotseneak markak gainditu eta egun bakarrean bete du aurtengo Durangoko Azokarako egitaraua

Ahotseneako programazioa izena emateko epea zabaldu den egun berean bete da. Antolakuntza pozik da Durangoko Azokako gune honek duen harrerarekin, eta espazio berria atontzeko lanean ari direla aurreratu dute.

Inork ez zuen zalantzan jartzen Ahotseneak dagoeneko bere lekua egina duela Durangoko Azokan, baina atzokoan pozarren azaldu zen antolakuntza euskal sortzaileen plaza bilakatu den gune horretako aurtengo programazioan izena emateko epea zabaldu den egun berean bete dela-eta: egun bakar batean. Zuzeneko emanaldien kasuan, ordu eta erdi sobera izan zen abenduaren 5etik 8ra bitarteko ordutegiak osatzeko eta, antolatzaileek aditzera eman dutenez, horrek leku gabe utzi ditu hamabost musika talde. Egoera, hala ere, ez da erabat berria: iaz bi eguneko epea besterik ez zen behar izan egitaraua osatzeko.

Ezinbestean, Ahotseneako antolakuntza pozarren azaldu zen espazioak euskal sortzaileen alorrean izan duen harrerarekin. Aurtengo erantzunak «poz handia» sorrarazten diela baieztatu zuten, «Ahotseneak erakusten jarraitzen duelako harrera ezin hobea duela sortzaileen artean eta horrek adierazten duelako badagoela funtzionatzen duen eredu bat». Era berean, inor kanpoan gera ez dadin espazio berria atontzeko lanean ari direla eta itxaron zerrenda osatuko dutela aurreratu zuten.

Beste guneetan epea zabalik

Bestalde, Durangoko Azokatik gogora ekarri nahi izan zuten Ahotseneako programazioa jada osatua bada ere gainontzeko guneetan aurkezpen proposamenak egiteko epea zabalik dagoela oraindik.

Hala, Areto Nagusia, Saguganbara, Irudienea, Kabi@, Szenatokia eta Azoka TB guneetarako aurkezpenak jasotzen jarraituko dutela ekarri zuten gogora horietarako epeak edota lekuak agortzen diren bitartean. Aurkezpen proposamenak egiteko interesa duenak sare bidez egin behar du, Durangoko Azokaren web orrialdean (www.durangokoazoka.com) erregistratu eta gero.