Oihane LARRETXEA

Argi-itzalak danborradan emakumearen presentzian

Gaur egun, Donostiako danborraden %90 mistoak dira, baina parte hartzaileen herena baino ez dira emakumeak. Zein garaitan hasi ziren modu aktiboan parte hartzen? Eta zein bilakaera izan du beren presentziak historian zehar? Horrelako hainbat galdera ase dituzte sei ikertzailek, Donostiako Udalak argitaratu duen liburuan. Berdintasunean lorpen handiak izan diren arren, oraindik bada etxeko lanik.

Ezbairik gabe, San Sebastian eguna da donostiarrentzat urteko egunik handiena. Milaka eta milaka pertsonak hartzen dute parte zeharka nahiz zuzenean. Azken hauetatik, alegia, kaleetan barna desfilatzen duten horietatik zenbat dira emakumeak? Horietatik zenbat gizonezkoak? Begibistakoa da egoera berdintasunezkoa balitz galdera soberan legokeela. Tamalez, ordea, ez da hala.

Beatriz Moral, Margaret Bullen, Xabier Kerexeta, Savina Lafita, Silvia Loza eta Luz Maceira ikertzaileak dira; azken urte eta erdian, danborradan berdintasunak duen tokiaren gainean azterketa sakona egin dute: adituekin elkarrizketak, eztabaida taldeak, dokumentu historikoak, argazkiak, hemerotekak... hamaika artxibo aztertu dituzte, eta horietatik ondorio interesgarriak atera.

Emaitza, «Emeki-emeki, berdintasunezko danborradarantz» liburua, atzo aurkeztu zuten prentsaurrekoan Kerexeta eta Moral ikertzaileek, Juan Karlos Izagirre alkatearekin eta Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziarekin batera. Hala ere, aurkezpen ofiziala eta irekia urriaren 16an izango da, batzar aretoan, 19.00etan.

Beteranotasuna eta 19ko afaria

Kerexetak argi esan zuen. «Danborrada mistoak egoteak ez du esan nahi festa parekidea denik, parte hartzaileen herena baino ez baitira emakumeak». Are gehiago, hauei ez zaie postu guztiak betetzeko aukera ematen eta, gaur egun, kasu gehienetan, aginte postuak gizonezkoentzat baino ez dira. Erabakitzeko ahalmena duten ardurekin beste hainbeste gertatzen da: barrutiko ordezkarien artean bakar bat ere ez da emakumea.

Festaren hierarkizazioak ere sexuen arteko desorekan eragina duela ondorioztatu du ikerketak. «Beteranotasuna oso errotuta dago -adierazi zuen Kerexetak-, eta horrek zailago egiten du benetan demokrazia izatea». Hala, urketari nagusiak gehienez upeletako kaboaren maila du, eta ez danbor nagusiarena. Konstituzio plazako oholtzan ere aurrerapenak egon arren, emakumeek gizonek baino toki txikiagoa dutela aipatu zuen. 2006. urtean igo ziren bertara lehen aldiz banderaren igoeran. Gaztelubideko 12 emakume izan ziren. Hala ere, ikerketak adierazten duenez, gau hartan ezin izan zuten elkartean afaldu, kide zituzten gizonekin batera. Gaur egun, batzuetan debekatuta dute sartzea urtarrilaren 19ko gauean. Hortaz, elkarte gastronomikoek ere badituzte gorritzeko arrazoiak.

Erakundeena ere bada erantzukizuna. Adibidez, Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Dominak emateko garaian. Hurrenez hurren, %8,5 eta %21 kasutan baino ez dituzte jaso emakumezkoek errekonozimendu hauek. Honi zegokionez, Izagirrek oharrak hartuko zituela hitzeman zuen.

Kresala, aurreko garaiekin haustura

Gaurko garaira heldu ahal izateko, emakume ausartek urrats garrantzitsuak egin dituzte historian zehar. Hor kokatu zituen Moral ikertzaileak Kresala elkarteko emakumeak, 1980an, danborrada guztiak maskulinoak zirenean, «tradizioa zenari aurre egin eta oztopoen gainetik», makilak joaz atera zirelako. Uniformeari zegokionez, pertsonaia bat asmatu zuten, iturrietara ur bila joaten ziren emakumeen inguruko imajinario historikoan inspiratua: urketaria. Ekimen horrek aurreko garaiak hurrengoetatik bereizi zituen.

Aurretik, emakumeak presentzia izan bazuen ere, oso mugatua zen, eta zailtasunez betea. Esaterako, 1929. urtean Union Artesana elkartearen eskutik danborra joz atera ziren emakumeen argazkiak eta dokumentazioa topatu dituzte -goiko irudian-, baina ondorengo gertaerek, gerra zibilak eta frankismoak kasu, zalantzarik gabe, oztopatu egin zuten emakumeek izan zezaketen parte hartze mailakatua.

Aurrerapenak aurrerapen, ikertzaileen ustez, «behin betiko urratsa ezagutuko da emakumeek bertan egiten dutena, haren kalitatea edota egokitasuna gizon batzuen oniritziaren beharrik gabe gertatzen den egunean». Orduan bai argi-itzaletatik argira jauzi egingo du donostiarren festa kuttunak.