Xole ARAMENDI DONOSTIA
Entrevista
IXIAR ROZAS
Idazlea

«Ahotsa da bakarrak egiten gaituena, bakartasuna ematen diguna»

Urteak daramatza ahotsaren, lengoaiaren eta gorputzaren arteko espazioa ikertzen. Bide horretan urrats berria da «Beltzuria». Bilaketa bikoitza burutu du Ixiar Rozasek: desagertuta edo desagertzear dauden hitzena eta jada desagertu diren pertsonen ahotsena.

Apenas hitzik egiten ez zuela ezagutu zuen aitona Ixiar Rozasek (Lasarte-Oria, 1972). Francisco Elizalde Xamuio etxalartarra zen. Bertsolaria, auzokoa, ez oholtzakoa. Marokoko gerrara joan eta hitzik gabe itzuli zen. Haren hitzak faltan ditu. Haren ahotsa. Eta bila hasi da.

Ahotsekin batera, betirako joan diren hitzen peskizan ere badabil idazlea. Hori da beltzuria, behin entzun eta betirako Rozasekin geratu dena. «Beltzuria hitza entzun nuen lehenengo alditik jakin nuen nire hurrengo liburuaren izenburua izango zela», kontatu du.

Bilaketa, bidea bera da liburua. «Prozesua azaldu baino, egoerak sortzen ditut liburuan, ni eta neure gorputza kasu batzuetan egoera horien erdian jarriz. Performatiboa da», dio.

Gaur 19.00etan aurkeztuko du liburua Donostiako Kaxilda liburu dendan (Arroka, 2). Maite Arroitajauregi, Idoia Zabaleta, Harkaitz Cano, Miren Elizalde eta Bigara izango ditu alboan.

Ahotsaren gaineko lana egiten ari zara. Kontaiguzu haren nondik norakoak.

Badira urte batzuk ahotsaren, lengoaiaren eta gorputzaren arteko espazioa ikertzen ari naizela. Bai arte eszenikoen arlotik begiratuta eta baita arte bisualetatik ere. Ikerketa horrek doktore tesi bat zeharkatu du, orain lau urte amaitu eta aurkeztu nuena. Ikerketa akademikoaren arloa erabiltzeaz gain, praktika artistikoaren bitartez egiten dut ere bilaketa hori. Biak ala biak uztartzen ditut nire lanean, eskutik doaz, osagarriak dira nire kasuan. «Beltzuria» beste urrats bat da bilaketa horretan, besteak beste, ahotsaren espazio politiko eta estetikoaren gogoeta baita liburua. Hainbat geruza dituen lana aurkituko du irakurleak liburu forma duen lanean: narratiba (istorioak egon badirelako), saiakera, dokumentala, testu performatiboagoak eta horren guztiaren azpian badago geruza poetikoa, horren bilaketa bat behintzat. Testu irekia da, irakurketa posible eta geruza anitzekoa. Irakurketa konplexuak dituzten lanak interesatzen zaizkit, ez irakurketa bakarra bideratzen dutenak.

«Ahotsa hotsa da, ez hitza, eta hitzaren beraren esanahia gainditzen du», diozu.

Ahotsa ez baita hitza soilik, lengoaiarekin eta esanahiarekin lotu ohi dugu, lengoaiaren sisteman sartzen da. Hitzak eta esanahiak itzala egiten diote ahotsari, albo batean uzten dute, baztertuta. Hori horrela izan da pentsamenduaren historian, eta pentsamendu unibertsal horretan harrapaturik jarraitzen dugu. Baina hitza esanahiaz gain hotsa ere bada, erritmoa, materia. Eta ahotsa arnasketa da, gorputzetik datorren hotsa, zerbait fisikoa, organikoa. Horrez gain ere, ahotsa da bakarrak egiten gaituena, bakartasuna ematen diguna. Ahotsa modu konplexuan begiratuz eta entzunez gero eremu emankorra irekitzen da. Hala da behintzat niretzat.

Desagertzear dauden hitzen bila abiatu zara. Ardatza «beltzuria» hitza da. Liburuan azaltzen dituzu bere adiera desberdinak. Zergatik aukeratu duzu hitz hau?

Ahotsaren bilaketaz gain, desagertutako edo desagertzear egon daitezkeen hitzak bilatzen ditut liburuan, hori ere bai. Beltzuria hitza entzun nuen lehenengo alditik jakin nuen nire hurrengo liburuaren izenburua izango zela. Hitz sonoroa da oso, eta polisemikoa, beraz, borobila. Dena dela azpimarratu nahiko nuke ez dagoela nostalgiarik, bilaketa ez doa nostalgiaren bidetik. Aitzitik, erabilera berri bat emateko bilatzen ditut hitzak, berriak asmatzeko, edo behintzat daudenei bueltak emateko. Hitzak luzatu, materia bezala erabili, hitzak zeharkatu, modu plastikoan erabili. Lengoaian, hitzetan, gauzetan, pitzadurak sortzea interesatzen zait. Prozesu horrek aukera eman dit ere hitzen desagerpenaren inguruan gogoeta egiteko liburuan. Desagertzen al dira hitzak? Ez al da haien traza eta erresonantzia modu tematian bueltatzen guregana? «Beltzuria»-n, besteak beste, horrelako galderen inguruan barneratzen naiz.

Jada desagertu den ahots baten bila ere bazabiltza, aitonarena.

Francisco Elizalde Xamuio, nire aitona, etxalartarra zen. Antonio Zavalak Axura ezagunaren bertsoak jasotzeko Xamuioren testigantza erabili zuen. Xamuio auzoko bertsolaria zen, baserrikoa, ez oholtzakoa. Marokoko gerran egon zen 1921. urte inguruan. Marokotik hitzik gabe bueltatu zen. Gerrak eta gerora biziko zituen pasarte beltzek, haren hitz egiteko modua baldintzatu zuten. Walter Benjaminek kontatzen du Lehen Mundu Gerratik mutututa bueltatzen zirela soldaduak, izandako esperientziak mutututa, lengoaiaren ahalmenik gabe bueltatzen zirela. Esperientzia eta lengoaiaren pobrezia pairatu zutela idazten du Benjaminek. Gauza bera gertatu zitzaion Xamuiori ere. Hori da behintzat nik neuk, testuan dagoen bilatzaileak, testuan zehar dudan hipotesia, ez baitaukat datu zehatzik.

Ikerketa lanak eraman zaitu aiton-amonengana ala alderantziz izan da?

Ahotsaren espazio politiko eta estetikoari buruz idatzi dut horretarako bizitza istorio batzuk zeharkatuz. Edo beste modu batean esanda, bizitza istorio horiek zeharkatu nautelako idatzi dut ahotsaren espazio politiko eta estetikoari buruz.

Ahots gehiago agertzen dira ere «Beltzuria»-n, horrela osatu dut testua. Aitona pertsona zurruna zen, hitz gutxikoa, ziur aski azaldu dudan esperientziaren pobrezia horregatik. Eta isiltasun horrek eraman nau liburua idaztera ere. Haren hitzak falta zirelako. Mari Luz Estebanek liburuaren aurkezpenean zioen moduan, liburuan bada ere isiltasunari buruzko gogoeta bat.

«Aitonak ez zuen hitz egiten. Haren hitzak falta zirelako hitz egiten dut nik hemen», diozu liburuan.

Ez zuen apenas hitz egiten, horrek ez du esan nahi hitz egiten ez zuenik. Gauza desberdinak dira. Karrikan pertsona ireki bezala gogoratzen dute, pertsonaia xelebrea izan zen herrian. Baina hala da bai, hitz gutxikoa zen, «hori hitzontzikeriak» esan ohi zuen. Eta haren hitzak falta zirelako idatzi dut nik. Haren ahotsaren aztarna fisikoak bilatzen ditut, besteak beste, testuan zehar. Eta horrekin batera bertsotan kantatzen zituen gerraren markak.

«Hitzen artean saltoka ibiltzen zen ahotsak airean uzten zuena. Hori gogoratzen dut», idatzi duzu beste pasarte batean.

Halaxe da bai, txundituta geratzen nintzen hari begira eta entzuten. Urteen poderioz hainbat gauza ulertzen joan naiz, adibidez, haren kantatzeko moduan garrantzitsuena ez zela hitzen esanahia edo esan nahi ziguna. Haren Etxalarko hizkera ere oso musikala zen, hitzen erabilera, eta gainera ahotsaren erabilera berezia egiten zuen. Ez zuen inondik ere hitz edota ahots ederrik erabiltzen. Jarrera bat zegoen, jarrera etiko bat, mundua ikusteko modu bat.

«Axura» bertsolariak Txirritari botatako bertsoa kantatu zion aitonak Antonio Zavalari. Zavalaren transkripzioan hitz batzuk falta dira. Horiek dira azalean agertzen diren puntuak...

Txirritaren bertso haietaz Xamuiok gogoratzen ez zuena puntu etenekin azaldu zuen Antonio Zavalak «Bidasoa aldeko bost bertsolari» liburuan. Harentzat ez zuen inongo garrantzirik memoriaren hutsuneak, niretzat bai ordea. Nola ordezkatu zuen Xamuiok hutsune hura? Ahotsarekin, bertsoaren doinuarekin? Ez dago jakiterik, eta ezin jakin horrek beste ate batzuk irekitzeko aukera eman dit testuan. Ahaztutakoak, memoriak gogoratzen ez duenak, ez dagoenak aukera ematen dit «Beltzuria»-n zehar ez dudanarekin lan egiteko. Ez dagoenaren poetika bat dago liburuan. Gero bai azalean eta bai liburuaren barruko orrialdeetan ere puntu etenen erabilera grafikoa egin dugu.

Pello Elzaburu Pamielako editorearen esanetan oso liburu poetikoa da. Ados al zaude?

Narratibaz mozorrotutako poema, saiakera eta dokumentala da. Aipatu bezala aurpegi eta hainbat geruza dituen testua, oso irekia dena. «Beltzuria» ez da gauza bat bakarrik, gauza batetik bestera igarotzen doa, eta igarotze horretan asko zaindu dut azpitik dagoen geruza poetikoa. Poetikotasuna (eta ez naiz poesiaz genero bezala mintzo) isiltasunez beteta dago, isiltasuna deitzen dugun hori existitzen bada. Poetikoa denak lan bat du atzean, mundua ikusteko modu bat. Eta lan hori guztiz ikusgarria egiten ez bada ere, irakurle, entzule edo hartzailearengana iristen da modu batean ala bestean. Idazten dudanean guztiz kontrolatuta ez dauden eremuetan sartzea interesatzen zait. Eta aldi berean dena dago oso neurtua testuan, isiltasunak, erritmoak, sonoritatea, erresonantziak. Hau da, testuaren barne dramaturgia. Konposizioaren kontzientzia eta ardura bat dago nire lanean, posizionamendu argi bat. Materialak oratu egiten ditut eta gero hartzaileak sortzen ditu esanahiak. Esanahi horiek testu barrutik kontrolatu nahi izatea manipulatzailea dela esango nuke.

Geruzak

«Narratiba, saiakera, dokumentala eta testu performatiboak daude liburuan. Testu irekia da, irakurketa posible eta geruza anitzekoa»

Itzala

«Hitzek eta esanahiek itzala egiten diote ahotsari. Hitza hotsa ere bada, erritmoa, materia. Eta ahotsa arnasketa da»

«Liburua idazte prozesua bera da»

Idazketa prozesua bera azaldu duzu liburuan.

Liburua prozesua bera da. Honek ez du esan nahi prozesua azaltzen dudanik. Egoerak sortzen ditut liburuan, ni eta neure gorputza kasu batzuetan egoera horien erdian jarriz, eta horien inguruan ere gogoeta bat dago testuan zehar. Gertatzen doanak liburua bera eraldatzen du. Zentzu horretan oso performatiboa da. Egoera jartze bat dago, ez eszenaratze bat. Testuaren gidoia ez dago aurretik idatzia, hau da, ez dago asmatutako pertsonaiarik, ez dago amaierarantz garamatzan tentsio narratiborik, eta abar. Fikzioa ulertzeko beste modu bat erabili dut, idatzitakoa fikzioa da testuan nahi dudana egiteko autonomia eman didan heinean.

Liburuaren diseinuak aparteko garrantzia du, ezta?

Garrantzi handia eman diot edukiak berak hala eskatzen zidalako. Edukiak eta formak bat egitea bilatu dut. Lengoiaren erabileragatik, hitzak luzatzeko bilaketarengatik, ez ditudan argazkiak erabiltzen ditudan moduagatik ere... Zentzu horretan Bigarako Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak egin duten lana azpimarratu nahi nuke, liburuari sensibilitate handiz leiho gehiago ireki dizkiotelako.

Aitona

«Aitonak ez zuen apenas hitz egiten. Baina karrikan pertsona ireki bezala gogoratzen dute, pertsona xelebrea izan zen herrian»

Jarrera etikoa

«Haren kantatzeko moduan garrantzitsuena ez zen hitzen esanahia edo esan nahi ziguna. Ez zuen hitz edota ahots ederrik erabiltzen. Jarrera etiko bat zegoen, mundua ikusteko modu bat»

Gidoirik ez

«Egoera jartze bat dago, ez eszenaratze bat. Testuaren gidoia ez dago aurrez idatzia. Fikzioa ulertzeko beste modu bat erabili dut»