Idoia ERASO UZTARITZE

«Hazparneko anderea» lana taularatuko du Iduzkilore taldeak

Iduzkilore antzerki konpainia amateurrak Telesforo Monzonen «Hazparneko anderea» antzezlana estreinatuko du gaur. Ander Lipusen gidaritzapean, XX. mende hasierako euskal gizartea era komikoan erakusten duen obraren bertsio umoristikoena aurkeztuko dute.

«Hazparneko anderea» lanak XX. mendeko lehen urteetara darama ikuslea. Amerikan sosak irabazi ondoren herrira itzultzen den familia baten kontakizuna dugu.

Panpili protagonistaren papera jokatzen duen Xalbat Dagerrezarrek adierazi du obrak egoera «azaltzen eta kritika egiten» duela. «Soiltasunetik abiatzen da Monzon eta testua nahiko garbia da. Gertakariak ondo azaltzen ditu eta horrela garrantzia ematen diot aktoreen jokoari», azaldu du Ander Lipusek.

Lan horren inguruan Dagerrezarrek baieztatu du: «Ander Lipus oso interesgarria da, bakoitzak badu bere nortasuna eta gauzak ikusteko manera ere».

Euskal dramaturgiaren klasiko hau hautatzeko hastapenean zalantzak izan zituela azaldu du Lipusek. «Gai batzuk eta termino batzuk zaharkituak» izan zitezkeela pentsatu bazuen ere, «testua maitatzen eta gauza batzuk aurkitzen» joan zen gero, gaurkotasuna ere baduen gaia dela antzeman arte: «Ameriketatik etorritako aberatsen harrokeriak euskaldunak baino gehiago direla uste izatera eramaten ditu eta frantsesak izatea hobe dela, eta gaur egun batzuk oraindik hala dela uste dute».

«Handinahikeriak eramaten zaitu txorakeriak eta erridikulua egitera», esan du Lipusek tramari buruz. Zuzendariak antzezlana tragediatik irrira eramateko egin duen bidea azpimarratu du Dagerrezarrek: «Komikotasunaren zentzu aski zorrotza badu eta aski irakaskorra da».

Musika sartuz testua arindu nahi izan du Lipusek, beste alaitasun eta tempus bat emateko. «Testuan jada bazen umorearen parte bat, baina eszenografiaren bitartez handitu da, aktoreen jokoan, taula gainean zuzendariak eman dizkigun aginduen bitartez», adierazi du Dagerrezarrek.

Manera esajeratuak, musikaren erabilpena eta sudur gorriak aipatu ditu. Azken honi buruz Lipusek dio: «Ez dira betiko sudur gorriak, gehiago mozkorrarenak lirateke, karikatura bat lortu nahi izan dugu». Zentzu horretan gaineratu du: «Estetika lantzeagatik egin dugu, publikoak jakin dezan komedia bat dela». Izan ere, Iduzkilore konpainiak bere lehen obran gai historiko bat tragedia moduan landu zuen, eta oraingoan komedia bat dakartela nabarmen utzi nahi izan dute.

Iduzkilore antzerki konpainia amateurra proiektu berri batekin heldu da, lehen lanarekin arrakasta bildu ondoren. «Hain ongi pasatu zen lehen esperientzia horretan, non talde sentimendua sortu baitzen, eta ez genuen horretan utzi nahi, horregatik beste zerbait egin dugu», azaldu du antzezleak. Aitzinekoan tragedia historiko bat zen, eta oraingoan, aldiz, komedia batera egin dute salto. «Komedia bat izanik desafio bat zen hori egitea, beste estilo bat hartzea eta irri egitea». Antzezleek hamaika plazatan arituak direla azaldu du Ander Lipusek: «Bixoko (Peio Berrokohirigoien), Maialen (Fauthoux)... urteetan euskal antzerkian ari izan diren jendeak dira, eta ezagunak direnak». Horretaz gain, ia diru laguntzarik gabe egin duten lana nabarmendu du zuzendariak, baita «jendearen konplizitate eta inplikazioa» ere.

Amateurrekin izandako esperientziari buruz, zuzendariak bereziki nabarmendu du lan eta etxeko ardurak (haurrak) dituzten aktoreak entseguetara etortzearen motibazioa, «gauza batzuk eskas» badira ere lanak «beste dimentsio bat» hartzen duela aipatuz. Lapurdi osotik antzezlana egiteko elkartzen dira aktoreak: «Bokale, Sara, Beskoitze, Azkaine, Senperetik... etortzen diren pertsonen arteko lanak asko aberasten du».

Estreinaldia Uztaritzen izango da gaur. Beste hainbat hitzordu ere finkatu dituzte: urriaren 26an, Donibane Lohizunen (18.00etan); urriaren 31n, Orexan (22.00); azaroaren 2an Larresoron (18.30); azaroaren 9an, Baigorrin (17.00); abenduaren 7an, Saran (17.30) eta seguruenik urtarrilaren 31n Biarritzen.