A. A. DONOSTIA

Etxepare Sariaren laguntzaz, «Hiltzaileak» album ilustratua argitaratu du Leire Salaberriak

Kalean da jada Etxepare Sariaren laguntzaz Leire Salaberriak osatu duen «Hiltzaileak» liburua. Haurrei zuzendutako beldurrezko istorioa da eta pirograbatuaren teknika uztartuta osatu du andoaindarrak albuma.

Hizkuntzarekiko jolasa, beldurra oinarri duen kontakizuna eta pirograbatua abiapuntutzat hartuta eraiki du Leire Salaberria andoaindarrak «Hiltzaileak» (Pamiela). 6 urtetik aurrerako haurrei zuzenduriko album honetan «intriga eta misteriozko istorioa» kontatu nahi izan du egileak. Beraren hitzetan, «irakurlea detektibe bilakatuko da narrazioan sartzen doan heinean eta `hiltzaile' misteriotsu zein beldurgarri horiek nortzuk diren jakin arte orrialdeetan harrapatuta sentituko da. Urduritasun horri buelta emango dio amaierak, beldurra umore bilakatuz».

Salaberriak Etxepare Sariaren laguntzaz argitaratu du lana eta halako lanetan ohikoa ez den teknika, pirograbatua oholaren gainean, erabili du liburuaren ilustrazio lana osatzeko: «Liburuaren berezitasun handiena liburu objektu moduko bat izatea da. Ez hain ume direnek ere estimatuko dute hori. Kalitate handiko edizioa egin dute Pamiela eta Faktoria K de Librosek eta oso ondo lortu dute ilustrazioak egiteko erabili dudan teknika paperera eramatea». Hala, liburuak egurrezkoa dirudiela nabarmendu du egileak: «Behin eta berriz laztantzeko gogoa ematen du. Egurrean egitearen aukera ere oso lotuta dago istorioarekin, baita erabilitako koloreak ere. Xehetasun bakoitzak du bere zergatia album honetan», zehaztu du.

Arte Ederretan lizentziaduna da Salaberria eta haur eta gazteentzako irudigintzari buruzko graduondoko ikastaro batekin eta diseinu grafikoari buruzko beste batekin osatu zuen bere prestakuntza Bartzelonan. Egun, irudigintzan egiten du lan eta hainbat lehiaketa eta bekatan hautatu dute bere lana. Besteren artean, 2011n ere Etxepare Saria jaso zuen, kasu hartan «Euria ari duenean» lanagatik.