GARA GETXO

Komiki Azoka Getxon azaroaren 21etik 23ra

Getxoko Komiki Azokaren hamahirugarren edizioa egingo da azaroaren 21etik 23ra, eta komikia erabateko protagonista bihurtuko da. Ohikoa denez, artista ospetsuak bilduko dira Getxon, horietako asko nazioartean ere ezagunak, eta hitzaldi eta aurkezpenetan ez ezik, euren lanak sinatzen ere arituko dira. Aurten, besteak beste, Kevin O'Neill ilustratzaile britainiarra izango da, Alan Moore gidoigile famatuarekin batera «The League Of Extraordinary Gentlemen» sail ospetsua egin zuena. Halaber, Jordi Bernet ere izango da, nazioartean izen handia duten espainiar sortzaileetako bat; Bernetek «Torpedo 1936» sailarekin lortu zuen ospea.

Bernet bera izango da, hain zuzen, azokan komikiaren munduko profesionalei urtero egiten dieten omenaldiko protagonista. Horretan, Ikastolen Elkarteak sustatutako «Xabiroi» aldizkaria ere omenduko dute, euskarazko komikiak hedatzeko egin duen lanagatik. Horiez gain, gonbidatuen zerrendan izango dira, besteak beste, Emma Rios, David Rubin, Sonia Pulido, Guillermo Zubiaga, Mamen Moreu, Bernardo Bergara eta Raquel Alzate.

Komiki erakusketak ere ez dira faltako Getxon. Hala, azokako karpan «Mafalda: 50 urte» erakusketa ikusi ahal izango da. Beste erakusketa bat Emma Riosen gainekoa izango da; Rios Estatuko etorkizun handiko ilustratzaile bat da, azokaren aurtengo kartelaren egilea.

Euskal komikiaz gozatzeko aukera emango du Guillermo Zubiagaren «Joanes edo baleazale euskalduna» lanaren gaineko erakusketak; trilogia hori euskal baleazale baten abenturei buruzkoa da, eta lehen euskal-amerikar komikia dela diote.

«Blanca, Rosita, Barcelona» erakusketa egongo da karpan, Miguel Gallardoren komikiari buruzkoa. Bizkaiko Zubian «Alvaroscopio» izango da ikusgai, Alvaro Ortegaren unibertsoari buruzko atzera begirako erakusketa, pop estetikan oinarritua.