Jon GARMENDIA
Idazlea

Indioaren kazooa

Tú decir que si te votan, tú sacarnos de la OTAN, tú convencer mucha gente. Tú ganar gran elección, ahora tú mandar nación, ahora tú ser presidente». Hitz horiekin hasten zen «Cuervo Ingenuo» abestia, 80ko hamarkadan Javier Krahe musikari madrildarrak Felipe Gonzalez presidenteari eskainitako satira musikatua. Kopla haiekin ekidistantzia egozten zion, presidente izan aurretik egindako promes guztiak zakarrontzira bota izana presidente izanda. PSOE alderdiak ez zuen gustuko izan Kraheren kritika, ordurako, publizitate agentzia bateko lana utzita La Mandragora aretoan hasitako bardoa, Georges Brassens handiaren antzekotasuna zeukana, biziki ezaguna zen, eta jendartea zeukan zain eta adi, zer esango. Aldaketa garaiak ziren Espainian, diktaduraren agurra eta trantsizioaren etorrera; baina desira bizien artean aldaketa gutxi ikusi zuten artista eta intelektual batzuek; sistemari beren pentsaera saldu ez ziotenek kezkak plazaratzen segi zuten, eta boterearen zapalkuntza astintzen; gehienak ustezko demokraziarekin lerratu baziren ere, Javier krahe, ez. Alderdi sozialistaren eskutik, TVE telebistan zentsuratu egin zuten abestia. 1986ko otsailaren 23an emititu behar zuten Joaquin Sabinaren kontzertu batean grabatutako doinua, igande batez, eta NATO bai edo ez, erreferenduma zegoen martxoaren 12an; beraz, interes gutxi PSOErentzat egiak aurpegira esaten zizkion abestia entzungai emateko. «Tú detener por diez días en negras comisarías donde mal trato es frecuente: ahí tú no ser radical, no poner punto final, ahí tú también muy paciente», euskaldunentzat hain ezaguna egin den esaldi hau ere bazuen kantuak. Krahek ez du laguntza publikorik izan geroztik, areto txikietan kantatzen jarraitzen du, hori bai, norbait izaten. Orain gutxi, berarekin kantatu du Pablo Iglesiasek kantu madarikatua, Galileo Galilei aretoan, musika instrumentu txiki bat eskuetan, kazoo bat (ez turuta); ederki asko moldatu da. Iglesias presidente izan daiteke laster, eta Krahek, «Cuervo Ingenuo» kantatu ahal dio gero. Kasu.