GARA DONOSTIA

Legatzaren eta antxoaren arrantza kuotak %11 eta %10 igo dira, hurrenez hurren

Bi egunetako negoziazioen ondoren, Europar Batasuneko 28 kideek lortu dute azkenean akordio bat: Kantauri itsasoari dagokionez, legatza arrantzatzeko kuota %11 handituko da, eta antxoarena, aldiz, %10.

Europar Batasuneko 28 kideak 2015eko arrantza banatzeko akordioa adostu zuten atzo, bi egunetako negoziazioen ondoren. Euskal arrantzaleei eta Kantauri itsasoari dagokienez, iparraldeko legatza arrantzatzeko kuota %11 igo da, eta antxoarena, aldiz, %10. Aipatutako igoera horiez gain, Cadizeko golkoko zigalek ere %15eko igoera izango dute 2015ean. Hala, hasiera batean Brusela murrizketak proposatzen ari zela kontuan hartuta, emaitza ez dela hain negatiboa nabarmendu zuten Arrantza ministroek.

Estatu espainolak espezie horiei eman zien lehentasuna eta garrantzia Bruselan egindako negoziazioan. Izan ere, EBk %4ko murrizketa proposatu zuen iparraldeko legatzaren kasuan, eta gauza bera Cadizeko golkoko eta Galiziako mendebaldeko zigalarentzat (%9 kasu horretan). Halere, Estatu espainolak legatzaren kasuan eskatzen zuen %26ko igoera oso urruti geratuko da hitzarmen honekin.

Bestalde, akordiora iritsi eta ondoren emandako informazioen arabera, Kantauri itsasoko eta Cadizeko golkoko oilarra arrantzatzeko %39ko murrizketa ezarriko dute, hasieran Bruselak %55ekoa proposatu arren.

Seihileko honetan Italiak gidatzen duen EBko presidentetzak egindako bigarren konpromiso-proposamena oinarri hartuta lortu zuten azkenik ados jartzea. Hori bai, estatu ordezkaritzen eta Europako Batzordearen artean negoziazioak ugariak izan dira astelehen eta astearteko jardunaldietan.

«Arrantza Politika Komunak bere benetako proba pasa duela esan dezakegu gaur, eta gainera Europar Batasuneko kide guztien babesa izanda. Instrumentu hobeekin, emaitza hobeak lortuko ditugu», adierazi zuen Karmenu Vella Arrantzako komisario europarrak. Haren iritziz, «irizpide zientifikoa arau bihurtzen ari da kuoten banaketen erabakiak hartzeko garaian», aipatu zuen.

Eskaerak eta etenaldia

Europar Batasunak atzo goizean aurkeztutako lehen proposamenak atzera bota zituzten Arrantza ministroek, eta berandu arte ez zuten akordiorik adostu. Estatu espainolari dagokionez, hobekuntza batzuk bazituen, baina ez zela nahikoa aipatu zuten.

Kontseiluak etenaldia egin behar izan zuen eguerdian Estatu espainol eta frantsesa, Portugal, Irlanda, Belgika, Britainia Handia, Herbehereak eta Danimarkak aurkeztutako eskaerak aztertu ahal izateko. Gauzak hala, negoziazioak tarteko, azkenik aipatutako akordiora iritsi ziren.