Jon GARMENDIA
Idazlea

Arratsaldeko sareak

Maya Derenek «Meshes of the Afternoon» film labur ezagun horrekin garbi uzten zuen eguneroko gauza arruntak zein misteriotsu bilakatzen ahal diren

Lurrean lore bat pausatu, eta badoa. Hori da zure begiek ikusiko duten lehen imajina. Itzal bat hurbilduko zaio loreari, eta sandaliak dituen emakume bihurtuko da. Lorea eskuetan hartu eta eskaileretan gora abiatuko da, baina atea itxita aurkituko du, orduan, giltza zorrotik atera, eta lurrera eroriko zaio; barnean, aldizkari orriak ikusiko ditu lurrean, sofa bat, oker ezarritako koadroa, eta itzalitako tximinia kortina koloretsuen artean. Sukaldeko mahaiaren gainean kikara bat dago, eta ondoan, labana sartuta daukan ogi zatia. Begiratu orduko, mahaira erortzen da labana. Eskegitako telefonoa, hutsik dagoen logela, leiho ireki bat, eta dabilen haizea; disko aparailua itzali eta sofatxo batean etzango da emakumea, kristaletik beha lo hartzeko, amets egiteko. Guztiari zentzu bat atzemateko. Hau da «Meshes of the Afternoon» 1943an Maya Deren artistak filmatutako laburraren hasiera, 14 minutuko arte obra bat. AEBetan underground zinemaren aitzindaritzat hartutako emakumea Kieven sortu zen, ordea, Errusiar iraultzaren urtean, 1917an, Eleanora Deronkowsky izenarekin, beraz, abizenaren lehen hitzak baino ez zituen atxiki Sirakusan. Aita, Leon Trotskiren jarraitzaile zen, eta horrek eraman zuen familiarekin AEBetan amaitzera. «Poeta izan nintzen zinemagile baino lehen, biziki poeta pobrea nintzen, ordea; ikusitako imajinekin eraikitzen dut pentsamendua, eta poesiak imajina horiek testu bihurtzen laguntzen dit». Hala aitortzen zuen Maya Derenek, eta bere film labur ezagun horrekin garbi uzten zuen, eguneroko gauza arruntak zein misteriotsu bilakatzen ahal diren ametsetan. Zuk, ordea, aspaldian, inertziaz egiten duzula lo pentsatu duzu, amesteko desirarik gabe, hurrengo egunean esnatzeko helburu soilarekin. Jakinik, ametsak direla errealitateari beste dimentsio bat eskaintzeko modu bakarra. Eta alaiagoa.