Jose Angel Oria

Lehorterik larrienaren ondorioak Rio de Janeiro estatura ere iritsi dira

Brasilgo agintariek ura eta energia aurrezteko eskatu behar izan diete herritarrei. Rio de Janeiro eta Minas Gerais estatuak ere herrialdeko hego-ekialdea kaltetzen ari den lehortearen ondorioak jasaten hasiak dira. Sao Pauloko egoera da larriena, bertan ez baitu aspaldi honetan ia euririk egin (normalean egiten duenaren heren bat azken hilabetean) eta ur-biltegiak hutsik daude.

Izabella Teixeira Ingurumen ministroak berak onartu du Brasilgo hiru estatu populatuenak 1930az geroztik izan den lehorterik larriena jasaten ari direla. Horregatik eskatu zaie herritarrei ura eta energia aurrezteko (%30 murriztea da helburu ofiziala), Brasilia hiriburuan egindako larrialdi bilera batean erabaki bezala. Krisia «kezkagarria» dela erantsi zuen, «era delikatuan» kudeatu beharrekoa.

Begirale batzuek asteotako lehorteak eragin ditzakeen kalte ekonomikoak nabarmendu dituzte, industriak eta nekazaritzak jasan beharko lituzketenak batez ere, bestela ere herrialdeko ekonomia arazoz beteta dagoelako. Baina oraingoz herritarrentzat arazorik larriena lehorteak energia horniduran eragin dituen kalteak dira, zentral hidroelektrikoek ezin baitiote betiko lan erritmoari eta eskaintzari eutsi.

Nazioarteko hedabideek gogorarazten dute urtaro honetan eurialdia izan beharko luketela Brasilen, estatu horietan bederen, ia eguneroko euria alegia, baina hego-ekialdean ia ez du euririk egin eta lehortea larriagotu baino ez da egiten ari. Tunelaren bukaerako argirik ez da ikusten oraindik.

Azken 84 urteetako okerrena

Urtaro honetan hego-ekialdeko brasildarrek energia asko kontsumitzen dute, udako hilabeteetako beroari aurre egiteko. Aurten, ordea, ohiturak aldatu beharrean dira. Teixeira ministroak esan du Brasilgo eremu horietan orain 84 urte batez besteko prezipitazioak erregistratzen hasi zirenetik, ez dutela hain egoera kezkagarri eta delikatua ezagutu. Bat etorri ziren Brasiliako bileran elkartu ziren beste bost ministroak ere.

Lehorteak eragindako krisia Sao Paulon (hiriak 12 milioi eta metropoli eremuak 22 milioi biztanle dituzte) hasi zen. Ehunka mila herritarren etxeetan askotan urik gabe geratzen ziren. Ez da harritzekoa, Cantareirako urtegiak ia hutsik baitaude: zortzi milioi laguni ura eman behar dien azpiegiturek beren edukieraren %5,2eko ur kantitatea dute, nahiz eta azken egunotan euri pixka bat egin duen, Globo telebista kateak eman dituen datuen arabera. Cantareirako eremuan azken hilabetean egin duen euria normalean egiten duenaren herena baino ez da. Edonola ere, Sao Paulo estatuak tankerako arazoak izan zituen orain urtebete ere, eta badirudi fenomenoari aurre egiteko moduko neurri eraginkorrik ez dela hartu.

Sao Pauloko gobernadorea

Geraldo Alckmin Sao Pauloko gobernadoreak ura aurrezteko helburuarekin hartutako neurri batzuen berri eman du: ura garestitu egingo zaie asko kontsumitzen dutenei, eta merkatu, kontsumoa murriztea lortzen dutenei; industriak eta nekazaritzak ibaietatik har dezaketen kantitatea mugatu egin du... Hala ere, oposiziokoek plangintzarik ez izatea leporatu diote Alckmini, eta krisiaren aurrean oso motel ibili izana, 2014ko urrian egindako hauteskundeetan emaitza hobeak lortu ahal izateko ez baitzitzaion komeni herritarrak aztoratzea. Gobernadoreak, jakina, ukatu egin ditu akusazio horiek.

Saqbesp saneamendu konpainiari ere plangintzarik eza leporatu zaio. Orain, etsi-etsian, arazoa nola konpondu asmatzen saiatzen ari omen da, giroa erabat gaiztotuta dagoela. Ur garbirik ez edukitzeak eragiten du giro hori, eta Sao Pauloko ibaiak erabat kutsatuta daudela jakiteak. Ibaietatik ez da berehala etorriko konponbiderik, arazo bihurtuta baitaude.

«Dilma Rousseffen Gobernua da egoeraren erantzule nagusia plangintza egokirik egin ez duelako eta azpiegiturak hobetzeko nahikoa inbertsio egin ez duelako», adierazi du Alexandre Gouveia Brasiliako Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak.

Rio de Janeiroko egoera ez da hain larria, baina bertako urtegirik garrantzitsuena erabat lehortu da, eraiki zutenetik inoiz gertatu ez dena. Andre Corra Ingurumen idazkariak onartu du historiako krisirik larriena jasaten ari dela Rio, baina bere ustez beste urtegietan oraindik badago nahikoa ur. Hurrengo sei hilabeteetako hornidura bermatuta omen dago. Sao Paulo «gu baino askoz ere okerrago dago», adierazi zuen. Herritarrak kontsolatzeko argudio tristea, batez ere ondoren ura eta energia aurrezteko eskatu behar denean.