Koldo Sagasti
GASTEIZ ANITZA

6.000 zapata eta hamaika kolore hiri anitza margotzeko

Kultura eta kolore anitzeko hiria maite dutenek Gasteizko erdigunea hartuko dute gaur zortzi. Javier Maroto hiriko alkateak azkenengo hilabeteotan arduragabeki gaiztotu duen elkarbizitza bultzatu nahi du Gora Gasteizek, arrazakeriaren aurka altxatuz eta makina bat ekimen kultural antolatuz.

Zerbait ari da mugitzen Gasteizen azkenaldian. Hilabeteak dira Javier Maroto hiriko alkatea arrazismoaren mamua astintzen hasi zela, hamaika zorigaiztoko adierazpenen bitartez. Datozen udal hauteskundeetan porrot handia jaso dezakeela aurreikusita, populazioaren zati nabarmen baten aurreiritzi xenofoboak elikatzera dedikatu da azken garaiotan, horrek bere alderdi barruko ustelkeria eta miserien gaineko susmoak uxatu eta etekin elektorala emango diolakoan. Eraso horien jomugan Magrebetik etorritako auzokoak daude, batez ere; izan ere, alkateak ondotxo dakienez, Alderdi Popularraren balizko boto-emaileen artean susmo txarrak eragiteaz gain, arabiarrak, oro har, ez dira bozkatzeko eskubidearen jabe. Oraingoan magrebtarren kontrako funtsik gabeko oldarraldiak izan dira: ez dutela lanik egin nahi, gizarte diru laguntzak kobratzearren etortzen direla Gasteizera... eta bazterrak nahastea beste helbururik ez duten justifikaziorik gabeko hamaika adierazpen. Baina ez da lehenengo aldia alkateak horrelako azpijokoak baliatzen dituela hauteskunde estrategia gisa. Aurreko hauteskundeetan ere, Zaramaga auzoan irekitzekoa zen meskitaren aurkako erasoa izan zen bere kanpainaren ardatza. Gauzak horrela, auzapezak eta bere alderdikideak arduragabekeria handiz garatzen ari diren kanpainak dezente gaiztotu du elkarbizitza hiriburuan azken hilabeteotan. Baina Marotoren kanpaina xenofoboa akuilu ere izan da kultura eta kolore anitzeko hiria maite dutenentzat. Horrela, azkenaldian ez dira gutxi izan Gasteizen arrazakeriaren aurka altxatu diren ahotsak. Nor bere esparruan, auzo mugimendua, gizarte eragileak, sindikatuak, eskola komunitatea... indarrak metatzen ari dira kultura aniztasuna eta gizarte eskubideen defentsan, Gora Gasteiz izeneko plataformaren inguruan.

Kultura eragileek ere jarrera aktiboa hartu dute hasieratik herri mugimendu honetan, izan ere, Gasteizko zenbait idazle eta musikarik sostengua eman zioten Gora Gasteiz ekimenaren hasierako manifestuari. Herri ekimenak apirilaren 18a markatu du gorriz egutegian, orduantxe antolatu baitute hiriburuko erdialdeko kaleak hartuko dituen jaiegun erraldoia. Hitzordu horri begira, dudarik gabe, kultura eta arte esparruko eragileek izango dute zer esan.

Artea Gasteiz koloreztatzeko

Kolore anitzeko Gasteizen aldeko aldarrikapenaren babesean, Irantzu Lekue artista arabarrak proposamen berritzailea egin du ospakizun handi horren bezpera egunerako. #6000zpt proiektua Andra Mari Zuriaren plaza eta Plaza Berria hartuko dituen arte instalazio batean datza. Lekuek herritarren parte hartzea ezinbestekoa du, izan ere, 6.000 zapata bildu nahi ditu bere eginkizuna burutzeko. Sorpresa faktorea ez urratzearren artelanaren inguruko xehetasun guztiak argitu nahi izan ez baditu ere, artistak aurreratu du oinetakoz osatutako forma ezberdinek erdiguneko esparru hori hartuko dutela. Halaber, gaineratu du ekimena irekita izango dela une oro herritarren ekarpenetara eta instalazioarekiko elkarreraginera. «Zapata, nire ustez, metafora bat da. Jantzita eraman duen pertsonaren historia darama bere baitan. Gerra guztietan, gatazka guztietan, zapata galdu bat agertu ohi da, jabearen historia lazgarria itsatsita daraman zapata galdu bat. Eguneroko objektu bat bada ere, askotarikoak dira zapatak, hiri hau osatzen dugun jendea bezala. Era berean, aurrera tipi-tapa jarraitzen laguntzen digun tresna da oinetakoa».

Artista gasteiztarra kulturak hirian pairatzen duen egoerak kezkatuta hasi zen bere proiektua mamitzen. Lekueren ustez, Udalak ezarri dituen diru murrizketak eragin zuzena izaten ari dira hiriko bizitza kulturalaren gainbeheran. Iragan abenduan ere salaketa hori plazaratu zuen Krea esparruan burutu zuen artelan baten bidez. Eraikin horretan 18 milioiko inbertsioa egin zuen Udalak, ustez, arte-sortzaileentzat izan behar zuen esparru bat egokitzeko. Hiru urte geroago, baina, eraikinak hutsik eta utzita jarraitzen du. Udal agintarien arduragabekeria salatzeko Lekuek rangoli bat margotu zuen komentu zaharreko atarian, indiar jatorriko kolore askotako margo apaingarria, alegia, «gero eta grisagoa den hiria koloreztatzeko». Ekimenak, baina, ez zuen luze iraun, udaltzainek artista identifikatu eta kaleratu baitzuten. Lekuek artearen aldarrikapena ere egin ohi du bere esku hartze artistikoetan: «Eskolan hizkuntzetan, matematikan eta pentsaera logikoan trebatzen gaituzte; bestelako adimena, berriz, ez da lantzen; adimen espaziala, pertsonala, pertsona artekoa... baztertuta daude. Arteak pentsaera kritikoa garatzen laguntzen digu, gure inguruan gertatzen dena kolokan jartzeko tresna da, eta horrexegatik nahi dute desagerrarazi, ez dutelako pentsalari askerik nahi, jende tentela baizik, jende tentela otzanagoa delako». Gasteiztarrak dionez, artistak, bere lanaren bidez, bere inguruan eragiteko gaitasuna du, «arteak errealitatea eraldatzea ahalbidetzen digu, gauza berriak sortzea, eguneroko grisaren gainean kolore pixka bat jartzea».

Apirilaren 17an Gasteizko erdigunean gauzatuko duen arte instalazioaren bidez, Lekuek herritarren batasuna irudikatu nahi du. «Kolore eta jatorri askotako zapatez osatutako artelanez Gasteizko aniztasuna irudikatu nahi dut, ezberdinak izanik denok batasun bat osatzen dugulako». Oso pozik agertu da gasteiztarra bere ekimenak jendearen artean izan duen harrerarekin, jende asko jarri baita harekin harremanetan, proiektuari bere ekarpena egiteko, zapatak biltzen laguntzeko, edo instalazioa gauzatzen duen egunean bertan nolabait laguntzeko. Bere ekimenak, gainera, beste artista batzuk ere xaxatzeko helburua dauka, egun horretan kalera atera daitezen. Udal gobernuko ordezkariek, aldiz, ez dute horren begi onez ikusi artistaren proposamena: «Uste dut Udalean ez dutela oso ondo hartu nire ekimena, oro har, ez dut uste inongo kritikarik ondo hartzen dutenik. Proiektua iragartzeko prentsa agerraldia egin genuenean, kultura zinegotzia nirekin harremanetan jarri zen zita bat hitzartzeko, baina gero ez dut haren berririk izan. Uste dut traba egin diela proiektuak, are gehiago hauteskundeetara begira daudelako, eta kultur aniztasunaren mezuak haien estrategiaren kontra talka egiten duelako».

Artistak bere kezka agertu du arte-instalazioa kokatzeko behar diren baimenak oraindik ez dizkietelako eman, eta eman ezean ezingo dutelako ekimena gauzatu. Hala ere, gogotsu dago eta dei egiten die hiritarrei zapatak biltzeko jarri dituzten postuetara gertura daitezen, euskaltegietara, auzo elkarteetara, sindikatuetara, eta abar. Gainera, ohartarazi du, jasotzen dituen zapata guztiak artelanean erabili ostean ongintzako erakunde bati emango dizkiola. Lekuerena Gasteizko erdialdea okupatzeko helburua duen jai eta aldarrikapen egitarau oparo baten hasiera baino ez da izango, eta berak espero du Gora Gasteizen ekimenaren aitzakian beste artista asko ere kalera aterako direla hiriak bizi duen egoeraren inguruko kezka plazaratzera.

Nazio Batuen babesaren eske

Baina Lekue ez da bakarra izan. Beste artista askok ere baliatu izan dute haien lana Gasteizen bizi den giro gaiztotuaren gaineko kezka azaltzeko. Eta zenbaitek larrutik ordaindu dute, Udalaren zigorrarekin, haien ausardia. Horixe da Marta Gil eta Juan Ibarrondoren kasua. Bata artista plastikoa da, eta, bestea, idazlea; elkarrekin “Pertsona migratuen inguruko aurreiritzien detektagailua” izeneko proiektua jarri zuten abian 2013an. Erakusketa-tailerrak bataren marrazkiak eta bestearen testuak biltzen zituen, eta jendartean hedatutako etorkinen inguruko zenbait estereotiporen gaineko gogoeta sustatzea zuen helburu. Ekimena Oihaneder kultura zentroan egin zuten, eta hain izan zen arrakastatsua ezen Gizarte Gaietarako Sailak gizarte etxeetara zein auzo elkarteetara zabaltzea proposatu baitzien. Diru laguntza ere eskaini zieten Argituz erakundearekin elkarlanean proiektua gara zezaten, eta gerora Norabidek (kulturarteko ekintzak kudeatzen dituen Udaleko Sailak) erakusketa-tailerra ikastetxeetara hedatzea ahalbidetu zien.

Gasteizko Udal Gobernuak etengabe elikatzen dituen aurreiritzi xenofoboak kolokan jartzen dituen egitasmo artistiko-literarioak, hortaz, oihartzun handia izan behar zuen, 400 ikaslerengana ere iritsi behar zen, baina, azkenik, asmoa ezerezean geratu zen. Mercedarias eskolan jarduerari ekin baino ordu batzuk lehenago egileek dei bat jaso zuten Udaletik, proiektua bertan behera geratuko zela esateko. «Gizarte Gaietarako Sailekoek ez ziguten inongo azalpenik eman», dio Ibarrondok, «agindu politiko bat zela baino ez». Zenbait eskolatan ere hitzartuta zuten tailerra egitea, eta, era berean, jarduera bertan behera uzteko deia jaso zuten irakasleek Udaletik. Argituz elkartearen ustez ez dago inolako irizpide teknikorik proiektua bertan behera uzteko, helburu bakarra Gasteizko Udal Gobernuaren kanpaina xenofoboaren sasiargudioak desmuntatzen dituen ekimen bat aurrera eramatea oztopatzea baino ez da. Halaber, ez dute uste gertaera hori kasu isolatua denik eta erakundeen kanpaina orokor baten baitan kokatzen dute.

Gauzak horrela, eta beste babesik ezean, gora jotzea deliberatu eta Nazio Batuen Erakundera helarazi nahi izan dute auzia. «Badira batzuk agintzera eta besteak isilaraztera ohituta daudenak», dio idazleak, «baina bagara beste batzuk isilik geratzen ez dakigunok». Egunotan, Genevan Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzarreko 28. bilkura egiten ari da. Bertan arrazismoa da eztabaidagai nagusietako bat, hori dela eta, Argituz elkartekoek babes-eskaera helarazi diete bertan bildutako giza eskubideen kontalariei Gasteizko aferan esku har dezaten. Ibarrondok neurri hori hartu izanaren arrazoia azaldu du: «Asmoa ez da izan migrazioaren inguruko tailerrekin gertatutakoa salatzea bakarrik, harago joan gara, Gasteizen etorkinen giza eskubideen aurka gertatzen ari diren jazarpen guztiak biltzen dituen txostena helarazi diegu kontalariei. Iragan uztailean alkatea, inongo daturik eman gabe, magrebtarren gaineko susmoak eta aurreiritziak pizten hasi zenetik, giroa dezente gaiztotu da hirian, eta hori kezkagarria da. Arduragabekeria handiz jokatzen ari da alkatea, berak piztutako txinparta hori benetako jendarte gatazka baten abiapuntu izan daitekeelako, eta horrelako egoerak ikusten hasiak gara Gasteizen». Idazleak salatzen duenez, gainera, euren ekimena ez da izan Udalak bertan behera utzi duen bakarra. Aurreiritzi arrazistak deuseztatzea edo kultura aniztasuna xede duten beste ekimen batzuek ere pairatu dituzte murrizketak; hala nola, Goian egitasmoak, Alde Zaharrean bizi diren kultura eta jatorri anitzeko haurrei zuzendutako heziketa proiektuak; edota etorkinak alfabetatzen jarduten duten proiektuek. Salaketaren bultzatzaileek ondo dakite Nazio Batuetako kontalarien balizko ebazpen bat ez litzatekeela loteslea izango udal mailan, baina balio dezake auzia plazaratzeko, eta, akaso, Nazio Batuen Erakundeak gomendio bat egin diezaion espainiar Estatuari.

Horrez gain, Ibarrondo oso kritiko agertu da zenbait hedabide hauspoa ematen ari zaizkiolako udal gobernuaren kanpaina xenofoboari. Haren ustez, informatu beharrean etorkinen inguruko estereotipoak elikatzen ari dira komunikabideak. «Hirian gehien saltzen den egunkariaren ildo editoriala immigrazioa estigmatizatzen ari da, eta hori oso larria da, gizarteko sektore ahulena bazterketara kondenatzen ari direlako».

Indarrak metatzen

Gauzak horrela, kultura arloan, beste zenbait esparrutan bezala, asko izan dira azken boladan Gasteizen gertatzen ari den elkarbizitzaren gaiztotzea salatzen ari direnak. Eta zerbaiterako balio izan badu Marotoren kanpaina xenofoboak ahots horiek guztiek aurrerapauso bat eman eta indarrak meta ditzaten izan da. Iragan udan alkateak bere hauteskunde aurrekanpaina arrazista berezia abian jarri izana akuilu izan da kultura aniztasunaren eta elkarbizitzaren aldeko sare oso bat josteko, Gora Gasteiz ekimena. Kultura eta gizarte arloko pertsona ezagunak izan ziren Gora Gasteizen hasierako manifestua kaleratu zutenak, eta, geroztik, milaka herritar, auzo elkarte, gizarte eragile, sindikatu, langile batzorde, etorkinen elkarte edota eskoletako guraso elkartek egin dute bat sarearekin. Gainera, aurretik ez bezala, mugimendu horrek balio izan du hirian isilean bizi diren jatorri anitzeko auzokoen komunitateak ikustarazteko; jatorri ezberdinetako herritarren arteko harresi ikusezinak birrindu, eta elkarlanean hasteko. Horren adibide, iragan martxoaren 27an, Barrenkaleko meskitako atarian auzotar talde batek egindako ekitaldi xumea. Auzo Komunitateak, eskolako guraso elkarteak, gaztetxeak, Zaharraz Harro jai batzordeak, Hala Bedi irratiak eta beste zenbait eragilek deituta, auzokide magrebtarrekiko adiskidetze ekitaldia egin zuten, «ospakizun apala baina elkarbizitzaren bidean lehenengo urratsa», antolatzaileen ustetan. Jarduera horren bidez auzokideen babesa eman nahi izan zieten azkenaldian eraso politiko eta mediatikoen jomugan dauden auzotarrei.

Hilabeteak daramatzate lanean Gora Gasteiz plataformako kideek Udal Gobernuak elikatutako aurreiritzi arrazisten aurrean kolore eta kultura askotako hiria aldarrikatzeko, hamaika ekitaldi antolatuz. Azken asteotan eztabaida jardunaldiak prestatu dituzte. Horietan itzal handiko adituek, datuak eskuan, alkateak baliatutako funtsik gabeko argudioak kolokan utzi dituzte. Arlo askotako adituek hartu dute parte; besteak beste, Arcadi Oliveres ekonomialaria, ekonomia kritikoaz aritu dena; Brigitte Vasallo idazlea eta Hajar Samadi Bidaya elkarteko kidea, islamofobia eta generoaren inguruan aritu direnak; eta Iñaki Uribarri eta Elo Mayo gizarte diru laguntzen inguruko gezurrak desmuntatzen aritu direnak. Jakin-min handia piztu zuen ekitaldietako bat Gasteizko egunerokotasuna jorratzen duten kazetarien arteko mahai-ingurua izan zen. Topaketa horretan hedabideek pertsona migratuei ematen dieten trataera izan zen mahaigaineratutako kezka. Halaber, kultura, kirol eta gastronomia jarduerek ere lekua izan dute plataformaren egitarau oparoan. Eta hilabeteetako lan horri datorren apirilaren 18an jarriko diote ginga, kultur ekitaldiz beteriko jai egun batekin. Gora Gasteiz egunak hiriko erdialdeko kaleak hartzea du helburu, nor bere ghettotik atera eta tradizioz kolore eta pentsaera bakarrekoak diren erdialdeko kaleak hamaika koloretan margotzeko. Maroto eta bere alderdikideek estigmatizatu nahi dituzten gutxiengoek usadioz betatuta dituzten esparruak hartzea da xedea, giza taldeok ikusarazi eta aitortzeko. Horretarako esku asko beharko dituzte; kaleak koloreztatzeko; plazak hamaika jatorritako zapatez eta pertsonez betetzeko; askotariko historiak gordetzen dituzten zapatekin milaka koloretako mosaiko bat osatzeko... eta kolore, pentsaera eta hizkuntza bakarreko hiria nahi dutenak isilarazteko.