Oihana LLORENTE ARRETXEA

Katakrak

Iruñeko erdigunean «Hau guztia aldatu nahiko genuke» leloak ematen digu ongietorria. Katakrak liburu dendaren parean gaude. Haustura iradokitzen du izenak; eraikuntza eta eraldaketa proposatzen ditu, baina. Liburuak saltzeko gunea izatetik harago, eraldaketarako kantina eta azpiegitura ere baita Katakrak.

 

Guztiak du zergati bat Katakrak liburu dendan. Hausnarketa eta eztabaida motibo da dena, eta soilik hala izatea erabaki delako aurkituko dugu guztia dagoen moduan. Horixe da Iruñeko Alde Zaharreko Kale Nagusiko 54. zenbakiko liburu dendan sartu eta begi kolpe bat eman orduko burura datorkigun ideia. Hala dela aitortu digute, gainera, Nerea Fillatek eta Hedoi Etxartek, Katakraken barrunbetara bisita gidatua egin digutenak.

Kafearen usain gozoak harrapatu eta bizkotxo ederretara egin digu ihes begiradak. Atseden hartzen edo lagunekin gozatzen ari diren pertsonak daude mahaitxoetan barreiatuta, hamaika kolore eta zapore dituzten infusioen bueltan, lasai, patxadaz. Kantina zeharkatuta Katakrakeko bihotzera iristen gara: liburu dendara. Liburuak, bi pisutan barrena, apaletan txukun-txukun daude pilatuta. Jatorrizko hizkuntzaren arabera sailkatuta daude eta guztiek dute zerbait eskaintzeko. Hala ohartarazi digu Etxartek liburu dendan sartu eta berehala: «Liburu berriak badaude, noski. Baina ez daude hemen berriak direlako, guk hautatu ditugulako baizik». Azalera handiko liburu dendetan ez bezala, saiakerak dira nagusi Katakraken. Liburuen artean, pelikulak ere ageri dira berriki zabaldu duten Potemkin filmoteka zabalean.

Eskailerak igo eta goiko solairuarekin egin dugu topo, azken hilabeteotan Iruñeko gaurkotasunaren agertoki bihurtu den aretoarekin, hain zuzen ere. Aretoak jada zenbatezinak diren agerraldi, asanblada, jardunaldi edota poesia errezitaldiak hartu ditu. Gainezka egon da askotan, Katakraken sorreratik gogoan izan duten hipotesia baieztatuz: «Iruñeak halako azpiegitura baten beharra zuen».

Iazko urtearen akaberan ireki zituen ateak Katakrakek, baina La Hormiga Atómica liburu dendan du hazia. 2007ko abendutik 2013ko abendura arteko bidea egin zuen Uria kaleko liburu dendak, eta alokairu kontratuaren amaierara iristen ari zirela jabetuta hasi ziren Katakrak izango zenarekin amesten. Bisita gidatua amaitu orduko, proiektu eta erronka berriak patxadaz azaldu dizkigute paretari ostu dioten terrazari begira dituzte besaulkietan. «Iruñean eragin gehiago izan nahi genuen, Hormigaren hankak mantendu bai, baina gauza gehiago, handiagoak eta iraunkorragoak egin nahi genituen», hasi da azaltzen Fillat. Iazko ikasturte osoa proiektua harilkatzen igaro zuten. Paperean ondo josita zutenean, praktikara egin zuten salto eta ametsa egikarituko zuen dirua biltzen hasi ziren.

Dirua askatasuna eman edo lepotik tira egiten duen lokarri bihur daiteke. Bigarren aukera hori errealitate bihur ez zedin eta erabaki guztietan erabateko autonomia izatea lehenetsiz, ekonomikoki autonomo bilakatu dute Katakrak. Hala azaldu digu Fillatek berak, harrotasunez azaldu gainera: «Gure aurrekontuaren erdia baino gehiago mailegu militante, dohaintza edo crowdfunding bidez lortutakoa da. Bestea, Banku Etikoarekin hitzartutako mailegua da. Izugarri kostatu zaigu aurrekontua ixtea, baina proiektua ekonomikoki autonomoa izatea funtsezko oinarria zen».

Auzolanak ere paper oso garrantzitsua du Katakraken historia laburrean, 300 lagun baino gehiago aritu baitziren iazko udazkenean erauste eta eraikuntza lanetan, baita ostean guztia atontzen eta margotzen ere. «Izugarria izan zen jendearen erantzuna. Batzuetan guk eskatuta bertaratu ziren, baina besteetan euren kasa agertzen ziren, batzuk Nafarroa kanpotik ere», ekarri du gogora Etxartek hunkituta. Egun ere auzolanak presentzia handia du Katakraken.

“Hau dena aldatu nahi genuke”. Aipu horrekin egingo du topo Iruñeko Kale Nagusiko ibiltariak. Esaldi horrek ondo jasotzen du Katakraken filosofia, eta, Fillaten begietara, «normaltzat jotzen diren gauzei buelta asko ematea» da euren sekretua.

Adibide argia ipini digu, gainera. Kapitalismoaren ikono argienetakoa den Coca Colak ez du kantinan lekurik. Haren ordez, EH Kola edo bestelako kola freskagarri ekologikoak dituzte. Fillaten aburuz, elikadura «aukera politiko sendoa» da, eta, hortaz, elikadura burujabearen alde egin duten horiei bidea erraztu eta goxatu nahi die Katakrakek. Gertukoak eta ekologikoak diren lehengaiak erabiltzen dituzte Iruñeko bihotzean dagoen kantinan, bai eta bidezko merkataritzak eskainitakoak ere. «Elikaduraren multinazionalek indar handia dute, eta, beraz, gauza gehienak birpentsatzen ditugu –dio Fillatek–. Azukrea eta kafea bidezko merkataritzaren bidez eskuratzen ditugu; esnea, aldiz, ekologikoa eta baztandarra da. Opilak hementxe bertan eginak edo Lakabeko okindegikoak dira... Eguneko menua, noski, ditugun lehengaien arabera erabakitzen dugu».

Demokratizazio ariketa

Irisgarritasuna ere bada liburu denda honen marka. Ezgaitasunen bat dutenak arazorik gabe sar daitezke dendan eta Katakraken zerbitzu guztiak erabil ditzakete, hiru solairuak batzen dituen igogailua martxan dago-eta hasieratik. Bestetik, langabeek zein soldata miserableak dituztenek bertan bazkaltzeko eskubidea dute, izan ere, hilean 1.000 euro baino gutxiago irabazten dutenek 8 euroko prezioan jan dezakete kantinan. «Erabateko demokratizazio ariketa burutu nahi genuen», dio Etxartek.

Urte osoan zehar mediterranear ukitua duen menua eskaini arren, azken asteotan hondartzako txiringitoen parekoa bihurtu da Katakrak. Goizetan gosaltzeko eta edozein ordutan mokadua jateko aukera eskaintzen du kantinak. Astelehenetan salbu, egunero dago bertan bazkaltzeko parada. Eta ostegun, ostiral eta larunbatetan afariak ere ematen dituzte. Pozarren daude kantinak duen harrerarekin, eta «soziologia oso anitzeko bezeroak» dituztela nabarmendu dute.

Jendetsuak izan dira ere Katakrakek antolatutako ekitaldietako asko. Atzera begira jarrita, memoria demokratikoaren inguruko zortzi jardunaldietan bildutako ia mila lagunak ekarri dituzte gogora. Salhaketa elkartearekin elkarlanean antolatutako “Zigorra eta kartzela” goiburudun hitzaldiak, Silvia Federici idazle feministaren solasaldia edota LOMCE legearen aurkako asanbladak ere ez dituzte ahantzi nahi. Izan ere, guztietan leporaino bete zuten Katakrak.

Hilabete gutxiko ibilbidean hamaika izan dira euren kasa ala elkarlanean antolatutako ekintzak, eta ehunka Katakrakera bertaratutako lagunak. Askorentzat da Katakrak erreferentzia gune. Hala zen La Hormiga Atómica ere, baina, zalantzarik gabe, Katakrak eraldaketa sare zabalago baten epizentro bilakatu da. Hedatze horren gaineko hausnarketa jarri du mahai gainean Etxartek: «Ekologiaren edo feminismoaren gaineko kezka bagenuen lehen ere, orain, baina, sektore asko umezurtz zeudela ikusi dugu. Musika klasikoarekin edo hezkuntzarekin interesatuta dauden herritarrak ere Katakraki begira daude orain; euren beharrak ere asetzen ditugula dirudi».

Irakurketa ibilaldiak eta irakurle taldeak ere antolatzen dituzte. Gaiak elkargune hartuta generoen mugak gainditu nahi dituzte The balde aldizkarirekin batera antolatzen dituzten ibilbideekin. Sei hilero lau ibilbide desberdinen eskaintzea dute erronka.

Lantalde sendoa dago Katakraken atzean. Goranzko joera duen lantaldea da, gainera. «La Hormiga Atómican bi lagun hasi eta sei izaten bukatu genuen. Egun hamaika langile gaude Katakraken, eta hamasei kide gara asanbladan», nabarmendu du Fillatek.

Katrakaken hanka eta besoak martxan zirela iritsi ziren San Fermin jaietara. Hori zuten asmoa, eta helburuak beteta hartu zituzten uztailean aski merezitako oporrak. Merezitako atsedenaldiaren ostean, hurrengo ikasturtean Katakraken zerbitzu guztiak eraginkortzen eta hobetzen jarriko du lantalde osoak arreta.