Beñat Gaztelumendi

Bilbi

Igarotako egun bakoitza, gau bakoitza, une bakoitza behin eta berriz bizi dut nire baitan; egunero itzultzen naiz Bilbira, egunero da osteguna baina ez dakit egunero ni naizen edo beste norbait den Alde Zaharretik zubia igaro eta kaleotan galtzen dena, auskalo, bukatu ziren ikasle garaiak eta egunero itzultzen naiz baina ez nintzateke itzuliko, bizitza aurrera egitea zela esan zidan norbaitek eta aurrera goaz, edo atzera, hori ere begiradaren araberakoa izango da, baina gaur nire oinek Bilbira ekarri naute, sekretu bat balitz bezala aipatzen genuen leku honetara, bi silaba eta Bilbi eta plastikozko basoak lurrean eta kaleko saltzaileren bati erositako betaurreko gorriek, moreek, zuriek, berdeek ezin disimulatuzko begi lausotuak eta zigarrokinak lurrean eta jendea errepidean, jendea bankuetan, jendea lurrean, jendea tabernetan, jendea, jendea eta jendea, behinola gu izan ginen jende hori, ostiral goizetan Abandon exekutiboei goitik begiratzen zien jende hori, halakoak izan ginen baina gero eta urrunago daude gure baitan egunero bizi ditugun egun horiek, egunero bizi arren, umetan izarapean linterna piztuta gauari orduak lapurtzen genizkion egunetan bezala gertatzen da, gero eta agortuago daude pilak eta dardarka hasi dira printzak; argiarekin gogoratzen gara baina hitzekin ez, pentsamenduekin ez, eta batzuetan ihes egin nahiko nuke erlojua eskuburdina bailitzan lotuta daramadan garai honetatik; berriz sentitu sabelean lurrikarak pasilloan pausu hotsak entzun eta gurasoek atea zabaltzean gure sekretua deskubrituko duten beldur; udaltzainen batek tabernako pertsiana igo eta bertan harrapatzeak sortzen zuen emozio horretara itzuli naiz gaur osteguna ez den arren, Aste Nagusia den arren eta hemezortzi urteei erloju asko erantsi dizkiegun arren, hona itzuli naiz ordularia Termibuseko takila batean abandonatuta, sugeak bezala azala aldatuta; eta esan dezagun ezetz, ez ginela aldatu, gaur asteko egun anonimo bat dela, asteartea, asteazkena, osteguna, nahi duzuna, ez genukeela hemen egon behar baina hemen gaudela gu ere anonimoak garelako, bihar ez dugulako inor edo ezer zain izango eta oraindik gure barrua aurkitzen segi nahi dugula taberna bakoitzeko barra ertzean; gure barruko “ni” debekatuak izarapean linterna itzali eta ezkutatzen zirenak; aldatu ginen, jakina aldatu ginela, galdera ikurrek ez digute harramazkarik egiten sabelean eta ez dugu ziurtasunik abandonatzen, nola abandonatuko genituen bada aurrera aurrera eta aurrera bagoaz, gu ere gure barruko Bilbi guztiei itxiera ordutegia ezarrita, pertsianak itxita eta oihartzun urrun bat bezala datorkigu Gari, “Zaharra zara Bilbo” baina ez da Bilbo zahartu den bakarra, guk ere ez dugu lorerik baineran jarri aspaldian eta ahaztu zitzaigun ihesari zentzua ematen baina benetan aldatu ginen?, entzun berriz ere entzuten genuen musika bera, usaindu orduko gauei zerien garagardo eta gernu usaina gaua ez den gau honetan –ez dakit eguzkia den edo farolak inoiz baino altuago dauden–; une batez itzuli naizela iruditu zait, berriz ere izen berriak asmatuko dizkiogula gau bakoitzari eta barruko “ni” guztiak deika sentitu ditudala, oihuka, ezer ez bada aldatu nola aldatuko ginen gu?, –beste garagardo bat, mesedez– eta itzuliko gara Termibusera, zabalduko dugu takila eta jantziko ditugu erlojuak, etxeko giltzak, autoko giltzak, agenda, kezkak, lana, astelehenak, iratzargailua, telefonoa, semaforoak, arauak eta gauez linternak itzalarazten dizkiguten gauza guztiak jantziko ditugu eta azkarregi ibiliko gara aurrera aurrera eta aurrera, atsedenik hartu gabe, denboran pentsatzeko astirik gabe, aldatu garela onartzeko astirik gabe, igarotako egun bakoitza, gau bakoitza, une bakoitza, gure baitan behin eta berriz biziaz, pilak agortzen ari zaizkion gauaren erdian. •