Amagoia Mujika Telleria
ERLOJUGINTZA

Mendeetan orduak kontatu dituen kanpandorreko ondarea, ahaztuegi

Han goian daude, kanpandorrean. Baina, nola daude mendeetan ordua eman duten erloju monumentalak? Batzuk txukun samar, beste batzuk geratuta eta gehienak, denboran ahaztuta. Ordua aldatuko den egunean, gora begiratu dezagun, ondare historikoaren parte ahaztuenetakoa diren erloju horietara.

Berako kanpandorreko erlojua. Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS
Berako kanpandorreko erlojua. Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS

Orduaren mende bizi gara. Orduaren kontra, askotan. Gaur gauean, ordua aldatuko da, goizaldeko hiruretan orratzak atzera egin beharko du, ordu biak arte. Aitzakia ederra da patxada hartu eta gure herrietako kanpandorreetara begiratzeko. Han daude, denboratik aparte, hainbeste mendetan ordua eman duten erloju monumentalak. Han goian daude, baina, nola daude? Denetarik topa daiteke, txukun zaindutakoak eta eskailerapean hautsak hartuta daudenak. Izan ere, jakitun al gara kanpandorreetako erlojuak gure ondare historikoaren parte direla?

Herritarrei ordua jakinarazteko sortu ziren kanpandorreko erlojuak. Hasiera batean, hondarrezko erloju batean oinarrituta, herritarrek txandaka orduro kanpandorreko kanpaia jotzen zuten. Kontatzen denez, komentuetan gau osoa esna ematen zuten, goizeko otoitzetarako garaiz iritsi ahal izateko. Horregatik aurrerapauso oso garrantzitsua izan ziren kanpandorreko erloju mekanikoak. Erloju mekanikoak burdinazkoak izaten ziren. Garai hartan metal hori eraldatzeko teknikak errementariek bakarrik ezagutzen zituztenez, horietariko asko erlojugintzan espezializatu ziren, horretarako betiko tailerrak eta tresnak erabiliz (sutegia, ingudea eta mailuak, batez ere).

Euskal Herrian erlojugile abilak eta sonatuak izan dira. Horien artean, yereguitarrak. 1760-1985 urteen bitartean Yeregui abizenak errementari eta erlojugileen bost belaunaldi eman ditu, Leitzatik Zumaiara.

Xabier Alvarez Yereguik eta bere emazte Bego Arruti San Martinek azken urteak erlojugintza klasikoaren bueltan eman dituzte. Xabierrek betidanik entzun izan du etxean yereguitarrak erlojugile bikainak zirela, eta Euskal Herriko kanpandorreetan dauden pieza asko haiek eginak zirela. Hartara, behin jubilatuta, bere arbasoen arrastoa topatzeari ekin dio, Bego emaztea bidaide duela.

«Duela sei bat urte Zumaian bertako historia industrialaren bilketa egiten hasi ginen eta hor talde bat sortu genuen, Ziiz izenekoa –www.ziiz.org–. Duela bi urte inguru, bide beretik Begok eta biok pentsatu genuen erlojugintzaren inguruan ere bilketa egin behar genuela. Ni yereguitarra naiz eta lotura daukat alde horretatik», hasi da kontatzen Xabier.

Eta horrela iritsi dira Beteluko yereguitarrenganaino. Jose Francisco Yeregui Zabaleta (1760-1834) izan zen erlojugintzan abiatu zena. Izatez leitzarra zen, eta arotza. Sutegiko lanaz ez zekien ezer. «Bere kabuz, Leitzan ikusitako erloju bat kopiatzen saiatu zen, eta egurrean erloju bat egin zuen. 1790. urtearen bueltan Iruñeko azoka batera eraman zuen erlojua eta arrakasta izan zuen egurrezko erlojuak. Eta horrela animatu zen errementari ofizioa ikastera». Horretarako, emaztea eta seme-alabak etxean utzi eta bi urtez Arruizko sutegi batean jardun zuen lanbidea ikasten.

Horrela abiatu zen erlojugintzan, ezagun samarra izateraino. «Egin zuen lehen erlojua Betelukoa izan zen. Enkargu berezia jaso zuen 1792. urtearen bueltan. Kanpandorrerako erlojua egin behar zuen, baina berezitasun bat izan behar zuen: arratsaldeko hiruretan, hiruak emateaz gain, hogeita hamahiru kanpaikada jo behar zituen Kristo arratsaldeko hiruretan eta hogeita hamahiru urte zituela hil zela adierazteko. Eta arratsaldean bakarrik jo behar zituen kanpaikada horiek, ez gauean. Egin zuen erlojua, eta herriak ordainetan sutegi bat eman zion Betelun, eta bere familiaren mantenuaren kargu egin zen bost urtez», kontatu du Xabierrek. Eta hor hasi zen yereguitarren historia errementari eta erlojugile gisa.

Beteluko erloju bitxi horrek urte askotan eman zuen ordua, harik eta alkateak, haserrealdi baten ondotik, kanpandorretik behera bota zuen arte. Hala kontatzen da, behinik behin, herrian.
«Jose Franciscoren erloju bat topatu dugu, 1804. urtean egina, Egiarretan (Nafarroa). Erlojua osorik dago, baina geldirik. Principe de Viana erakundearekin harremanetan jarri gara, erloju hori berreskuratzeko eta zaintzeko beharra nabarmentzeko. Iruditzen zaigu ez dela zaila erloju hori berriz martxan jartzea», agertu du Xabierrek.

Egiarretako erlojuak ez dauka esferarik, hasieran kanpandorreko erlojuak halakoak baitziren, esferarik gabeak, kanpaiak bakarrik zituztenak. Elizatik aparte bizi zirenek eta lanera sorora joaten zirenek ez zeukaten akaso erlojua beti begien aurrean, baina zeuden tokitik entzuten zituzten kanpaiak. Eta hori zen helburua. Gerora hasi ziren esferadun erlojuak egiten.

Iruñeko Udaleko erlojua

Jose Franciscoren semeak, Juan Manuek Yeregui Canflancak (1795-1848), aitaren bidea jarraitu zuen eta Iruñeko San Lorenzo elizarako erloju bat egin zuen 1827. urtean. 1849. urtean San Lorenzotik Iruñeko Udalera ekarri zuten erloju hori, eta 142 urtetan egon zen martxan. Alegia, 1849tik 1991ra bitartean yereguitarren erloju batek eman zuen Iruñeko sanferminak hasteko baimena. 1991. urtean erloju hori desmuntatu eta elektriko bat jarri zuten haren tokian.

Geroztik Iruñeko Udalaren lokal batean dago. «Ezin da esan jasota ez dagoenik, jasota dago lokal batean, baina ez oso egoera txukunean. Eta beldur gara edozein egunetan baten bat etorri eta txatarrara botako duela. Iruñeko Udalari eskutitz bat idatzi genion daukan altxorraren jakitun izan dadin, baina, auskalo», salatu du Xabierrek penaz.

Benito Yeregui Goldaracena (1843-1912) 1870 urtearen bueltan Betelutik atera eta Agiñara (Usurbil) joan zen bizitzera. Bertan Martina Manterolarekin ezkondu eta bertako sutegian erlojugintzan segitu zuen. «Nire birraitona hamalau urte zituela hasi zen Beteluko sutegian lanean, errementari eta erlojugile bezala». Guztira 81 erloju egin zituen, «81. erloju hori Aizarnan dago», azaldu du Xabierrek. Eta 81 horietatik 38-40 inguru topatu dituzte Xabierrek eta Begok. «Gure helburua ahalik eta erloju gehien aurkitzea da, eta erloju horiek berreskuratzeko moduak topatzea», segitu du Begok.

Izan ere, orain arte ikusitakoa nahiko «penagarria» dela aitortu dute. «Orokorrean ez dago erloju monumentalak ondarearen parte direnaren kontzientzia eta maiz egoera tamalgarrian topatu ditugu. Belgikan eta Suitzan izan gara bidaian eta beste mundu bat da. Herrialde horietan erloju monumentalak ondarearen parte oso garrantzitsua dira eta kontu handiz zaintzen dituzte. Belgikan, esaterako, bada aditu batzorde bat, Gobernuak berak hautatutakoa, eta erloju monumental guztien zaintza horien esku dago. Inork ezin du erloju bat ukitu batzorde horren zaintzarik edo onespenik gabe», azaldu du Begok.

Esan bezala, Euskal Herrian panorama oso bestelakoa da. Erloju mekaniko zaharren tokian erloju elektrikoak jarri dira kanpandorre askotan, erosoagoak eta zehatzagoak direlakoan. Eta ondarearen parte garrantzitsua diren erloju monumentalak bazter batean botata geratu dira askotan edo, kasurik okerrenean, zakarretan.

Oso argigarria da, esaterako, Altsasuko erloju denda baten erakusleihoan dagoen Benito Yereguiren erloju batek egin duen bidea. Erloju dendako jabea kanpora atera zen egun batean, zigarro bat erretzera. Eta dendaren kanpoaldean zela, han ikusi zuen ijito bat eskorga goraino beteta zetorrela. Erloju dendakoa berehala konturatu zen ijitoak zeraman hura erloju bat zela, eta balio handikoa gainera. Ijitoari aipatu zion eskorgan zeramana erosteko aukera eta hark ezetz, txatar biltzailearekin hitzartuta zuela negozioa, eta ondo ordainduko ziola gainera, “txatarra” ona zelako, brontzea eta burdina tartean. Erloju dendako jabeak, baina, interes berezia zuen “txatarra” harekin, eta urrezko eraztun bat eskaini zion trukean. Horrela lortu zuen erlojua bereganatzea. Garbitu, desmuntatu, txukundu eta bere dendako erakusleihoan dauka jarrita zakarretatik salbatutako pieza baliotsua. «Pentsatzekoa da erloju monumental askok amaitu dutela txatarra artean. Altsasuko adibidea oso esanguratsua da», iritzi dio Begok.

Auzolanean zaindutakoak

Erlojugileak jakintza desberdinak menderatu behar zituen; matematika, mekanika, kalkulua... ez zen lanbide erraza. «Hasiera batean erloju batetik bestera alde handirik ez dagoela dirudien arren, erlojugile bakoitzak bere estilo propioa zuen. Zumaiako Artadin nire birraitonaren erloju bat leheneratzen ari gara, 1901. urtekoa. Berak diseinatu zuen erlojura hurbiltzen ari gara, baina ez da erraza zehatz berak bezala martxan jartzea», kontatu du Xabierrek.


Izan ere, urteen poderioz erlojuak narriatzen joaten dira, «behar ez den olioa eman diotelako, koipea eman diotelako behar ez zen tokian, auzotarrek hau edo bestea konpondu diotelako, 40 kiloko harria zegoen tokian 50 kilokoa jarri diotelako.... Pixkanaka erloju horien mekanika okertzen eta hondatzen joan da ez dituztelako behar bezala zaindu», segitu du.

Izan ere, erloju monumental horien zaintza maiz auzotarrek beren gain hartu dute, borondate onenarekin eta batzuetan ezagutza gutxirekin. Badira garbigailu baten motorraren laguntzarekin funtzionatzen ari diren erloju historikoak.

«Berez erakundeek zaindu eta mantendu behar dituzte erlojuak. Baina, askotan, hala gertatzen ez denez, auzotarrek edo inguruko herritarrek hartu dute beren gain ardura hori. Borondate onenarekin egin dute eta auzolan horri eskerrak martxan jarraitzen dute zenbait erlojuk. Baina pieza horiek zaintzeko gutxieneko ezagutza bat behar da», esan du Xabierrek.

Normalean erloju monumentalei giltza eman behar zaie hiru eta zortzi egun bitarteko maiztasunaz, erlojuaren arabera. Eta herritarrek sistema desberdinak asmatu dituzte giltza emateko tartea luzatzeko. Izan ere, aldiro kanpandorrera igo eta giltza ematea ez da lan makala, are gehiago borondatezkoa denean. Hortik garbigailuen motorrak eta antzeko asmakuntzak.

Yeregui elkartea

Erlojugintza historikoaren inguruan hutsune handiak daude; erlojuak ez dira ondarearen parte bezala hartzen eta altxor gehiegi daude bazter batean botata. Egoerarekin kezkatuta, 2014ko apirilaren bueltan Yeregui Elkartea sortu zuten. «Konturatu ginen erakundeen aurrean pertsonek, norbanakoek, indar gutxi dugula. Indarra egitekotan eta zerbait lortzekotan elkarte bat sortu behar genuela konturatu ginen», azaldu du Begok.

Elkartea kezkatuta dago Euskal Herriko erloju monumentalen egungo egoerarekin eta etorkizunarekin. «Erloju horiek jasotzeaz, berreskuratzeaz eta zaintzeaz arduratu nahi dugu. Orain artean erloju asko galdu dira, eta aurrerantzean halakoak gehiago ez gertatzea nahi dugu», jarraitu du Xabierrek.

Denboran ahaztua eta baztertua dagoen ondarea ezagutu, berreskuratu eta baloratu nahi du Yeregui Elkarteak, «askotan izan dugu ja beranduegi iritsi garelako sentipena. Zenbat erloju galduko ziren dagoeneko. Baina egia da geratuta ere erloju asko daude, kanpandorrean geratuta. Eta hor dauden bitartean ez dira galdu», segitu du Xabierrek.

Horretan jardungo dute lanean: kanpandorreetan gordeta dagoen gure ondarearen zatia berreskuratu, gorde eta herritarrei maitatzen erakutsi.

 

KANPANDORRE ERLOJUAK, GALTZEN ARI DIREN ALTXORRAK BERRESKURATZEKO AHALEGINA

Kanpandorre Erlojuak enpresa berria da. Hernanin dauka egoitza eta begitan hartuta dauzka Euskal Herriko kanpandorreetan dauden erlojuak. Aitor Villak eta Mikel Salbadorrek osatzen dute proiektu berria. Villa erloju konpontzailea da, eta pasioz bizi du bere lana. «Beti izan naiz mainoso samarra eta gustatzen zait trasteekin aritzea. Erlojuen mundu honetan hasi nintzen duela urte asko eta horretan aritu naiz lanean. Jose Antonio Irulegi erloju konpontzailearekin aritu nintzen hamar bat urtean eta hura izan zen nire benetako maisua». Gerora, Lotus eta Festinako zerbitzu teknikoetan lan egin du urte askoan eta bere azken etapan, elizetako erlojuak konpontzen dituen enpresa batean aritu da. Hor sortu zitzaion erloju historikoekiko grina. «Guk erloju modernoekin egiten genuen lan, konpontzen edo zaharrak kendu eta berriak jartzen. Eta ikusi nuen nola hainbat eta hainbat erloju zahar, benetako altxorrak, abandonatuta zeuden».

Kanpandorreetara igoz deskubritu zuen Aitor Villak gure ondarearen zati bat erabat ahaztuta dagoela han goian, zaindu gabe eta ondarea delako batere kontzientziarik gabe. «Erloju mekanikoak dira, indar eragilea harri bat da, gurpil batzuekin eta pendulu sistema batekin lagunduta. Ez dago argindarrik ez beste ezer. Benetan teknologia aurreratua da bere garairako eta erakusten du erlojugileen ofizioa ez zela samurra, jakintza arlo oso desberdinak menderatu behar zituztela», segitu du Villak.

Lilura horretatik eta ondare garrantzitsua bat galtzen ari delako sentipenetik sortu dute Kanpandorre Erlojuak. Eta horretan ari dira saiatzen, herriz herri erloju monumentalen egoera ikusi eta horien mantenuaren ardura hartu nahian. Baina, bidea ez da samurra izaten ari. Eta hori ondo daki herriz herri ate joka dabilen Mikel Salbadorrek: «Arazoa da askotan kanpandorreko erloju zahar hori zaharberritzea ez dela merkea. Askoz merkeagoa da erloju zahar hori kendu eta erloju elektriko bat jartzea. Gainera, krisi garaiotan, erakundeek ez daukate dirurik, eta are gutxiago kanpandorreko erloju zahar horretan inbertitzeko».

Badaude alternatibak. «Beti aitzakia berdina da: dirurik ez dago. Udal bati proposatu genion erloju bat auzolanean zaharberritzeko aukera, Aitorren laguntzarekin eta aholkuarekin. Benetako altxorra daukate kanpandorrean eta benetan merezi du leheneratzea. Bada, auzolanaren aukerak ez zuen aurrera egin. Alegia, diruaren aitzakia ez dagoenean ere, bestelakoak jarri dituztela. Eta horrek erakusten du orokorrean gure herrietan erloju historiko horiek ez direla batera baloratzen», segitu du Salbadorrek.

Berez, erloju monumental bat berreskuratzea ez da erraz samar egiten den lana: lehenbizi, kanpandorretik jeitsi eta toki egoki batera eraman behar da; desmuntatu, garbitu, pieza guztiak ondo ote dauden ikusi, beharrezko tratamenduak eman eta berriz muntatu behar da konponketa tailerrean; ondo dabilen frogatu eta, berriz, kanpandorrera. Eta kanpandorrean berriz muntatu, frogatu eta doitu. «Horrek guztiak 15.000-20.000 euroko kostua izan dezake. Horregatik proposatu ohi ditugu bestelako alternatibak, errazagoak eta merkeagoak. Baina maiz alternatiba horiek ere ez dute aurrera egiten. Erloju horiek ondare historiko garrantzitsua dira, eta hori ez da ulertzen», esan du Villak.

Askotan, udaletara jotzen dutenean erakundeen arteko nahasmena da topatzen dutena. «Askotan gertatzen da: udalak esaten du erlojua Elizaren ardura dela eta Elizak, alderantziz. Inork ez daki oso seguru zein arduratzen den erlojuaz eta maiz auzotarrek edo herritarrek zaintzen dute erlojua borondatez», kontatu du Salbadorrek.

Liskarren gainetik, Kanpandorrek jarraituko du gure herriko ondare diren erloju mekanikoen alde lanean.

BERAKO ELIZAKO ERLOJUA Maider Iantzi Goienetxe

Boluntarioek zaintzen dute 1892ko taupadak dituen makinaren bihotza

Herriko paisaiaren parte inportantea da. Han izan dugu beti eta, agian, horregatik ez dugu ikusi. Berak bai, gure mugimendu guztiak zaindu ditu kanpandorretik, dena ikusten baita han goitik, nahiz eta gu ez konturatu. Kanpotik erran behar izan digute berezia dela Herriko Plazatik 165 eskailera igo eta bisitatu dezagun.

 Bost solairutan barna, “Hugo” Martin Scorseseren pelikulan sentitu gara. Xarma hori sumatu dugu. Andoni Andueza gaztea izanen litzateke 1930eko hamarkadan Parisko erloju baten barrenean bizi den mutikoa, Angel Telletxearekin batera. Andueza herriko albintea da eta Telletxea jubilatua. Biak dira Berako elizako erlojua zaintzen duten boluntarioak.  

Filmean baino atzerago bidaiatuko dugu, 1892. urtera, ordukoa delako erlojua, Francisco Arrieta Elzaurdia alkate zen garaikoa (hala dago idatzita plakan). Gaur egun gure herrietan erlojuak zein egoeratan dauden kontuan hartuta, bereziena martxan egotea bera da. 1892an bezala, bi eguneko bidea egiten du penduluak, bi egun kostatzen zaio jaistea.

Gazteak azaldu duenez, herri aunitzetan ordenagailuak jotzen ditu ezkilak eta antzinatasun eta balio handiko makinak geldirik daude. «Erosoagoa da beitiko bulegotik egitea. Ez dago olioa eman beharrik eta zer edo zer izorratzen bada goititu beharrik». Ezkilak automatizatuta daude eta erlojua bizirik egotea bera da arraroa. Baina bizirik egotetik harago, Cuencan, Motilla del Palancar herrian, Lorenzo Redondo erlojugileak sortu zuen eta Berako Udalarena den ondareak baditu berezitasun gehiago.

Hamabiak pasata sartu gara kanpandorrean eta, lehendabizikoz, barrenetik aditu ditugu 12:15eko kanpaiak. 250-300 kiloko ezkila “ttikiek” jotzen dituzte laurdenak eta 2.200 kiloko handiak puntuak. Ezkila handia 1610-20 urtekoa da. Ezkila ttiki ilarak daude leiho baten ondoan. Bertan, Llorenç Barber artista valentziarrak kanpai kontzertua eman zuen Ertz jaialdiaren barruan, 2006an.

Ekaitza herritik botatzeko ezkilak

Ezkila bereziez solasean, Santa Barbara aipatu du Anduezak. Ekaitzen zaindariaren izena daraman kanpaia jotzen zen garai batean trumoia zenean, hau herritik botatzeko... zehazki, ondoko herrira, Lesakara. Sakristauak ezkila astintzen zuen bitartean, erretorea eliza barrenean egoten zen gurutzea eskuan errezoan. Istorio eta historia zaharrekin segituz, karlistaldian 23 karlista kanpandorrean babestu ziren eta oraindik ikusten dira leiho batean liberalen tiroen zuloak. Munizioa bukatu zitzaien karlistei eta ezkilen sokak baliatuz rappel eginez iritsi ziren mendi kasko batera, gaur gaztetxea den Kaxernara. Bidean tiroketa izan zen eta 23tik bat hil zen.

Baina itzul gaitezen erlojura. Pisu, mailu, gurpil, pendulu eta ezkilek osatzen dute tik-taka. Pisuak indarra ematen dio mailuari. Altxatu eta askatu egiten du ezkila jotzeko. Aldi berean, gurpilek mugitzen dute mailua. Gurpilaren bira batek 75 segundo irauten du, orduan, lau bueltarekin bost minutu egiten ditu. Eta buelta eta buelta dabiltzan paletek ezkila jotzearen abiadura kontrolatzen dute. Udan, beroarekin olioa arinago, urtuago egoten da eta erlojuak erraz jotzen ditu ezkilak. Hain erraz, azkarregi egiten duela. Orduan, paletak nahiko zuzen jartzen dira aireak geldiarazi eta kanpaiak mantsotzeko. Neguan, alderantziz gertatzen da: olioa lodiago dago eta paletak etzan egiten dira pixka bat ezkilak geldoegiak ez izateko.

Informazio hori guztia herritarrok ikusten dugun esferara transmititzen du makinak. Garai batean egurrezkoa zen eta gaur egun zeharrargiari esker arratsez ere ematen du ordua.

Erlojua kokatu aitzinetik lan handia egin behar izan zuten zorua berdintzeko, solairuak guztiz zuzena izan behar duelako. 1996an garbigailu motoreak txertatu zizkioten pisuak altxatzeko. Ordura arte albinteak egin behar zuen.

Bisitatzeko aukera

Alemaniako erloju atomikoak markatzen ditu gure denbora ofizialak eta harekin sinkronizatua dago Berako makina ere. Elhuyar Zientziaren Komunikazioak esplikatzen duen bezala, segundoak zenbat irauten duen definitzeko atomo bibrazioa erabiltzen da: «Segundo bat, zehatz-mehatz, zesio-133 atomoak 9.192.631.770 aldiz bibratzeko behar duen denbora da». Zesioaren bibrazioak kontatzen dituen makina da erloju atomikoa. Denbora neurtzeko sistemarik zehatzena da, segundo bateko errorea besterik ez baitu sortzen 30 milioi urtean.

Ez da erraza torloju eta palanka dantza azaltzea, hobeki da ikusi eta entzutea, eta horretarako aukera dago Beran.

Bisita batzuk egin izan ditu Anduezak eta interesa duenak udaletxera deitu eta ateak irekiak izanen dituela erran digu. Aitortu duenez, beldur pixka bat eman zion hasieran hainbertze palanka artean sartzeak, baina lanik handiena olioa ematea dela ikusi du. Angel Telletxea jubilatuak goiz oso bat hartu eta lasai-lasai egiten du, hilabetean behin. Ordu aldaketaz ere bi boluntarioak arduratzen dira. Bisita normalean erakusten ez den txoko bat ikusiz bukatu dugu, kupula gainetik paseatuz. 1500. urtekoa da, harriz egina. Gaztelu izandako eliza honek bertze aldean zuen antzina dorrea, baina Altzatekoak kexatu egin ziren ez zituztelako ezkilak aditzen. Horrekin batera, tximista bat gainera erori eta lehertu egin zuen dorrea. Egoera horretan, XVII. mendean eliza handitu zutenean, dorrea ere orain dagoen lekura aldatu zuten.

Erlojugilerik bisitan etortzen ez zaion erloju hau tarteka gelditzen omen da. Orduan, boluntarioek giltza askatu eta ezkilak geldituta orduan jartzen dute. Lardaskan ibili eta gero gertatzen omen da, beraz, beratarrek zerbait arraroa ikusten baduzue, badakizue...