Martxelo DIAZ ARISTIZABAL

ETB-n, «Napartheid»

ETB ezin da Nafarroan digitalean ikusi. Gainontzeko tokietan bukatutzat eman den sistema analogikoa erabili behar da horretarako. UPNk aitzakia ugari erabili izan ditu telebista euskaraz ikusten ez uzteko, baina Nafarroan euskal hizkuntzaren normalizazioa oztopatzeko duen interes politikoak azaltzen du argi eta garbi egoera.

UPNk  EiTB eta euskara itzali nahi du
UPNk EiTB eta euskara itzali nahi du

Analogic» dioen botoia dator telebista pizteko urrutiko kontrol batzuetan. Orokorrean, dagoeneko ez da erabiltzen. Digitalizazioaren ostean «telebista analogikoa» desagertu egin baitzen. Baina Asterixen komiki bat izango balitz bezala, bada lurralde bat non digitalizazioari aurre egin dioten eta sistema analogikoa oraindik ere bizirik dagoen: Nafarroa.

Analogikora jo behar da behintzat telebista euskaraz ikusi nahi bada. Lurreko telebista digitalaren bitartez kate ugari ikus daitezke Nafarroan: Tele 5, Antena 3, La Sexta, TVE, Neox, Nova, Discovery Max, FDF, eta abar. Baita era Navarra Televisión 1 eta Navarra Televisión 2, telebista autonomikoaren «lanak» egiten dituen kate pribatua. Baina ETB1 eta ETB2 ikusteko analogikora jo behar da, sistema zaharrera. Digitalizazioak agortutzat eman behar zuen sistemara. Eta ETB3 ikusteko modu bakarra dago: autoa edo autobusa hartu eta Gipuzkoara, Bizkaira edo Arabara joatea. Bestela, Nafarroako haurrek marrazki bizidunak euskaraz ikusteko duten aukera bakarra gurasoek (edo osaba-izebek) erosten dizkieten DVDak dira. Ez dago besterik.

Hau guztia, noski, telebistaren mandoan «Analogic» dioen botoia badugu. Izan ere, telebista berriek ez dakarte jada horrelakorik, 2014an dagoeneko erabil behar ez zen sistema zelako. VHS bideoak bezala zaborrera botatzeko teknologia zen, kalitate hobearen mesedetan. Sonyk edo Samsungek ez dute Nafarroaren berri Tokion edo Seulen. Botoi famaturik ez badugu, gauza dezente zailtzen da ETB ikusteko. Telebista atzeko kableak aldatu beharko genituzke, sintonizazio berri bat egin eta dena ongi bukatzen den ala ez itxaron... Gehiegizko lana behin eta berriz emandako kamera ezkutuko saioa edo tango lehiaketa ikusteko. Traba gehiegi. Errazagoa da «¡Mira quién baila!» ikustea!

Nafarroa, beste behin, mundu mailan lurralde arraro bat izatearen arrazoia, nola ez, herrialdeko gobernuan den alderdian, UPNn, topatzen dugu. UPNrentzat Nafarroak Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin dituen loturak etetea estrategikoa da. Eta euskararen normalizazioa oztopatzea, are estrategikoagoa. Hezkuntzan zonifikazioak ekarritako arazoak adibide garbi dira. Euskaraz aritzen den telebista modu normalean ikusten ez uztea estrategia horretan kokatzen da.

Haur txikien modura

EH Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezek UPNko sortzaile izan zen Jesus Aizpunen hitzak ekartzen ditu gogora: «Que se vea la ETB en Navarra es como meter a la zorra en el gallinero». Hau da, ezin da onartu nafarrek gainontzeko euskal herrialdeetan gertatzen diren berriak euskaraz jasotzea, beharbada Euskal Herria delako zerbaiten parte direla ohartuko dira eta! Herritarrak haur txikiak bezala tratatzen dituzte eta UPNren baitan erabakitzen da telebistaz ikusteko zer den egokia eta zer ez.

Ramirezek nabarmentzen duenez, egoeraren arrazoia politikoa da eta UPNk aitzakiak baizik ez ditu erabili, bata bestearen atzetik, ETB Nafarroan modu normalizatuan ikusten ez uzteko.

Eguraldiaren mapa izan da aitzakia historiko horietako bat. ETBren iragarpenetan Tafallan euria egingo zuela aurreikustea arriskutzat jo izan da gobernuan den alderdiko bulegoetatik. «Gure inguruan zer eguraldi egingo duen jakitea ere ez dute nahi», azpimarratu du Ramirezek. Arazoa Nafarroa Euskal Herriko beste herrialdeekin batera mapa berean azaltzea da. Horrek «Nafarroako erakundeei errespetu falta» erakusten diela nabarmendu izan dute behin eta berriz UPNko agintariek. Jose Iribasek eskola liburu batean ikurriñatxo bat agertzen delako piztutako erasoaldiek oinarri bera dute.

Patxi Lopez Lakuako Gobernura heldu zenean eguraldiaren maparen aitzakia desagertu egin zen. Euskal Herriko mapa kendu egin zuten eta Nafarroarekin batera, Errioxa, Kantabria eta inguruko erkidegoak erakusten zituena jarri zuten. Tafallan euria egiten zuen edo ez jakitea ez zen jada “arriskutsua”, izan ere, Comillasen edo Haron eguzkia egiten zuela ere erakusten zen jada....

UPNk erabili izan duen beste “argudio” bat ekonomikoa izan da. Nafarroako Gobernuaren arabera, 1,5 milioi euroko kostua omen du ETB Nafarroan Lurreko telebista digitalaren bidez ikusteak. Mezu horri krisiarena lotzen badiogu –«ez dago dirurik eta premiazko gaiei lehentasuna eman behar zaie»– badugu jada euskarazko telebistaren normalizazioan aurrera ez egiteko beste aitzakia bat.

Baina EA alderdiak hori ez zela egia frogatu zuen. Modu errazean gainera. Erreniegan gailu bat jarri zuen 2012ko urtarrilean ETB1 eta ETB2 lurreko telebista digitalaren bidez Iruñerrian ikustea bermatzeko. Operazioaren kostua: 12.000 euro. Maiorga Ramirezek azaldu zuenez, Nafarroa osoan ETB ikusteko beharrezkoak diren gailuek 40.000 euroko kostua izango lukete. Inolaz ere ez UPNk aipatutako 1,5 milioi euroak.

EAko kideak gogoratu duenez, lurreko telebista digitalarekin egin zutena ez zen gauza berria izan. ETB jaio zenean ere errepikagailuak jartzeko diru bilketak egin ziren. Herri ekimenaren bultzadagatik ikusi zen ETB Nafarroan eta tradizio horri eustea erabaki zuten EAn. Bi astez, normaltasun osoz ikusi ahal izan zen ETB Iruñerrian. Ez zegoen botoi madarikatuari eman beharrik, ez zegoen kablerik aldatu beharrik: Tele 5, TVE, Antena 3, Navarra Televisión, ETB... kate guzti-guztiak bata bestearen atzetik telebistaren urrutiko kontrolean. Miraria!

Guardia Zibila eta isuna

Horrelakoetan gertatu ohi denez, errepresioarekin topo egin zuten EAko kideek. Alor honetan eskumenik ez badu ere, Nafarroako Gobernuak gertatutako salatu zuen eta Espainiako Gobernu Ordezkaritzak Guardia Zibila bidali zuen Erreniegara. Epaiketa izan zen Iruñeko Auzitegian eta 40.000 euroko isuna jarri zieten EAko kideei.

Erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuten eta afera Espainiako Auzitegi Nazionalera heldu zen. Madrilen isuna berretsi zuten irailean eta EAko kideek beste helegite bat aurkeztu zuten, Gorenean. Hor dago uneotan kasua, baina, Ramirezek nabarmentzen duenez, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegira heltzeko prest daude. «Arazoa ez da guri isuna jarri izana telebista euskaraz ikusteko hartutako erabaki batengatik, hori bera ere larria izanagatik. Arazoa giza eskubide urraketa baten aurrean gaudela da. Izan ere, Estatu espainolak Hizkuntza Eskubideen Europako Gutuna sinatu du eta horrek betebehar batzuk suposatzen ditu. Egiten diren txosten guztietan Nafarroako Gobernuari ETB ikusteko eskatzen diote eta ez du inoiz gomendio hori bete», azaldu du Ramirezek.

Hizkuntza gutxiagotuak berpizteko komunikabideak beharrezkoak direla nabarmentzen du Eurokartak. Nafarroako Gobernuak ez du bermatu lurraldean ETB ikustea, baina ez ditu euskaraz aritzen diren gainontzeko komunikabide nafarrak ere babestu. Izan ere, diru laguntzak errotik kendu ditu.

Navarra Televisión

Nafarroako Vascuencearen Legea murritza dela salatu da behin baino gehiagotan, batez ere zonifikazioari dagokionez. Baina lege horrek berak ere euskarazko komunikabideak bultzatu behar direla dio. UPNk, ordea, nahiago izan du Nafarroako eta Europako legeak ez betetzea euskararen normalizaziorantz aurrerapausoak ematen uztea baino.

ETB Nafarroan ikusteak 1,5 milioi euroko kostua duela dio UPNk. Juxtu kopuru hori da Nafarroako Gobernuak Navarra Televisión telebistari ematen diona. Nafarroan ez dago telebista autonomiko publikorik. Horren ordez, kontzesioa eman zioten enpresa pribatu bati eta trukean 1,5 milioi euro ordaintzen diote. Gaztela eta Leonen erabili zuten sistema bera da. Parlamentuak, ordea, ez du inolako kontrolik telebista kate horrengan, pribatua delako. «Eta gero ikusten dugu Yolanda Barcinak Cadreitan eskainitako mitina zuzenean eman zutela. Edo Adolfo Araiz EH Bilduren hautagaia elkarrizketatzerakoan ETAren logotipoa erakutsi zutela atzetik. Hori da diru publikoarekin ordaintzen ari garena», salatu du gogor Ramirezek.

Navarra Televisión eta pilota partidak emateko telebista eskubideak izan dira UPNren beste aitzakia bat. ETB Nafarroan ikusi ahal izateko, eskubideok Navarra Televisión katearekin partekatzeko eskaera egin zion Nafarroako Gobernuak ETBri. Ez hanka ez bururik gabeko eskaera horrek afera korapilatzeko beste helbururik ez zuela esan daiteke.

Nafarroako autogobernua eta bertako nortasunaren defentsa argudiatu izan ditu UPNk ETB oztopatzeko. Ondoko erkidegoko telebistak ez omen du tokirik Nafarroan. Baina horren atzetik euskalfobia dagoela argi ikus daiteke, batik bat Nafarroako eskualde ugaritan Aragon Televisión ikusten dutenean «alboko erkidegoaren eskusartzearen» aurkako inolako kexarik gabe. Antzeko zerbait esan daiteke Errioxako telebista lokalak ikusten dituzten eskualdeei buruz. Horiek ez dute arazorik sortzen. ETB, euskara eta Euskal Herriko mapa dira kezkagarriak.

Garaiotan, baina, teknologiak berak ere ez du jada UPNren alde egiten. Azkenaldian Movistar konpainia Fusión kontratua kable bidez jasotzeko kanpaina egiten ari da, Iruñeko Alde Zaharrean adibidez. Eskaintza horretan telebistako 40 kanal inguru dohainik ikusteko aukera ematen dute. Eta tartean ETB1 eta ETB2 daude beste telebista autonomiko mordo batekin batera. Hori bai, ETB3ko marrazki bizidunak kanpo gelditzen dira beste behin.

Multiplexarena da beste aitzakia. ETB1 eta ETB2 ikusteko ez dago tokirik eremu erradioelektrikoan eta Madrilen esku dago beste multiplex bat (lau kanal) eskaintzea. Baina, bien bitartean, telebista pizten dugun bakoitzean, tramankulu arraroak saltzen dituzten edo etorkizuna asmatuko duten telefono arraroz betetako kanalak topatzen ditugu. Horientzat ez dago toki arazorik.

Harreman politikoak, tarteko

Historia hau oso zaharra da dagoeneko. Izan ere, 1996ko apirilean, Javier Otano eta Jose Antonio Ardanza Nafarroa eta Lakuako lehendakari zirela, ETB Nafarroan hartzeko akordioa sinatu zuten. Orduan ez zegoen ez digitalik ez antzekorik. Politikaren gorabeherak tarteko, baina, akordioa bete gabe geratu zen azkenean. Izan ere, Lakuan eta Nafarroan gobernuan une oro zein izan den erabakigarria izan da bai bi administrazioen arteko harremanetan bai ETBren normalizazioan ere.

Patxi Lopezek harreman ona izan zuen Miguel Sanzekin eta Yolanda Barcinarekin. Iñigo Urkullurekin ere izan dira saiakerak afera konpontzeko, baina azken orduan zapuztu egin dira. 2013ko azaroan Urkulluk bisita ofiziala egin zuen Iruñera. Barcinarekin bildu zen. «Errespetu instituzionala» nabarmendu zuen UPNren Gobernuak. Termino magikoa. Bi lehendakariak elkarrekin atera ziren Nafarroako Gobernuaren egoitzatik Baluarteraino joateko Pirinioetako Lan Komunitatearen bileran parte hartzeko. Argazki ugari atera zizkieten harreman berri bati hasiera emateko.

Klima berri horretan, ETBko zuzendari Maite Iturbek irtenbide posible bat jarri zuen mahai gainean 2013ko abenduan. Bat-batean hainbeste kezka eta gorabehera sortutako auzia konponbidean zen. Gauza xinplea zen: egungo sistema analogikoa digitalizatzeko prest zegoen ETB. Teknikoki posible zen eta ez zuen aparteko kosturik. Arazorik ez, beraz. Bada ez, arazoa berriro piztu zen. Maite Iturbek Nafarroako parlamentariei onartu zienez, Iñigo Urkulluk berak guztia gelditzeko agindu zuen. «Ez ziguten beste arrazoirik eman. Urkulluk proiektua gelditzeko esan zuela. Besterik ez», dio Ramirezek. Eta horretan gelditu zen guztia. Konponbide politiko berri baten zain.

«Zertarako ikusi nahi duzue ETB Nafarroan?»

ETB Nafarroan ikustea aldarrikatzen duenean argi eta garbi utzi nahi du Maiorga Ramirezek horrek ez duela esan nahi telebistaren egungo zuzendaritzari sostengua ematen diotenik. Izan ere, beste herrialdeetan ETBk jasotzen dituen kritika berberak egiten dira Nafarroan bertan ere: ETB1eko programazioaren kalitate eskasa, EAJren mesedetan egiten den eduki eta tertulien kontrol politikoa, folklorismoa...

Kritikak kritika, baina, Nafarroan ETB3 ikustearen aldeko talde bat sortu da Facebook sare sozialean. Hau da, marrazki bizidunak euskaraz ikusi nahi dituzte haurrek Nafarroan ere. Informazio saioak ez dira hain erakargarriak. Doraemon eta Nobitaren abenturak ikustearen alde egiten dute, ez Africa Baetaren hanka sartzeak zuzenean jarraitzeko eskubidearen alde.

«Egia esan, zaila egiten zaigu askotan Bizkaiko, Gipuzkoako edo Arabako gure kideei ETB ikustearen aldeko kanpaina bat egiten ari garela azaltzea. Gauza asko ditu telebista horrek kritikatzeko, baina oinarrizko giza eskubide batez ari gara:telebista norberaren hizkuntzan ikusteko aukera izateaz. Gezurra badirudi ere, XXI. mendean gaudenean oinarrizko eskubide horiek aldarrikatu behar ditugu oraindik ere. Ez dugu babesten ETBren eredua edo zuzendaritza. Telebista euskaraz ikusteko eskubidea aldarrikatzen dugu», azaldu du Ramirezek.