Oihana Llorente Arretxea
Entrevista
Xabier Alberdi
Kontsumobide

«Gure gomendioa zuhurtzia da. Jendeak ezin du ahal duena baino gehiago gastatu»

Gabonak eta kontsumoa eskutik hartuta datoz. Opari zerrenda amaigabeak eta tripa festek dardarka uzten dizkigute poltsikoak. Are gehiago krisialdian. Ganoraz kontsumitzeko argibide bila joan gara

Kontsumobide elkarteko Bizkaiko koordinatzailea da Xabier Alberdi (Bilbo, 1957). Bilboko Recalde Zumarkalean du bulegoa eta bertan artatzen ditu kontsumoak eragindako kalteen inguruko kasuak. Gabonen bueltan izugarri hazten da kontsumoa, Olentzerori zuzendutako eskariak bete eta ikazkin tripontzia bera aseko luketen jakiak mahai gainean ipintzeko. Bizi dugun krisi garaian poltsikoak ez ditugu sobera beteta eta diru gehiegi ez xahutzeko gomendioen bila Kontsumobideko atea jo dugu. Xabier Alberdik ireki digu eta ganoraz kontsumitzeko jarraibideak eman dizkigu.

 

Jostailuak dira buruhauste gehien ematen dizkiguten opariak. Zeri erreparatu behar diogu kalitatezkoak diren ikusteko?

Kalitatea oso zaila da antzematen, segurtasunaren aldetik, aldiz, segurtasun neurriak betetzen dituzten jostailuek CE marka begi-bistan eduki behar dute. Europako araudien funtsezko segurtasun baldintzak betetzen dituztela adierazten du, eta, beraz, bereizgarri horren alde egiteko gomendioa egiten dugu Kontsumobideko kideok.

 

Katalogoa irekitzean, haurrek azkar ikusten dute zer den eurentzako modukoa. Jostailuak haurren sexuaren arabera banatzen dira. Hala egin behar dela uste duzu?

Sexismoa badago, baina argi izan behar dugu jostailuak ez direla ez neskentzat ezta mutilentzat ere. Ume bakoitza, neska edo mutila izan, nolakoa den eta zer interes duen hartu behar da aintzat dendara joan eta jostailua aukeratu aurretik.

Zer gomendatuko zenioke zer jostailu erosi ez dakien guraso bati?

Jostailu batek bete dezakeen funtziorik ederrena sormena sustatzea da, eta, hortaz, hori da nire gomendioa, sormena eragiten duten horien alde egitea.

Jostailuak erosteko tenorean, haurren garapen maila eta interesak hartzen al dira kontuan?

Nire ustez, gurasoak gero eta kontzientziatuago daude jostailuen onura eta kalteekin eta ondo aztertzen dituzte hautatu aurretik.

Garrantzitsua al da hori aintzat hartzea?

Bai, noski. Jostailuek daramaten etiketetan, normalean argi ageri da zein adin tarteko umeei zuzenduta dauden eta erabiltzeko zein neurri behar diren. Hori irakurtzea eta bertako argibideak kontuan hartzea garrantzitsua da, noski.

Aldatzeko eperik ba al dago?

Ez, ez dago, ez, eta ondo dago zehaztea jendeak nahasmen handia du-eta gai honekin. Legeak erosketa gunearen araberako baldintzak zehazten ditu. Hau da, dendetan egiten diren erosketak batetik, eta, dendak ez diren guneetan egiten direnak, bestetik, etxean bertan, telefonoz edo internet bidezko erosketak, kasu.

Dendetan erosten ditugun jostailu, arropa edo bestelako produktuak aldatzeko aukerarik ez daukagu. Legeak, behintzat, ez du eskubide hori jasotzen. Legeak, beraz, ez du saltzailea itzulketak egitera behartzen. Egia da komertzio gehienek aldaketak onartzen dituztela, haiek nahi dutelako, baina. Argi eduki behar dugu komertzioaren politikaren arabera onartuko direla edo ez itzulketak eta baldintzak eta epeak ere eurek zehazten dituztela. Dendan bertan edo tiketetan idatziz agertzen den informazioa oso baliagarria da, bertan bueltatzeko epe eta baldintzak zehazten direlako. Bestela, galdetu egin beharko dugu, baina argi izanda ahozko informazioa beti dela ahozko informazioa eta arazoak suertatuz gero frogarik ez dugula.

Dendatik kanpo erosten badugu, hau da, Internetez, telefonoz edo norbere etxean bertan egindako kontratuen kasuan, uko egiteko eskubidea jasotzen du legeak. Honen arabera, hamalau eguneko epea dago egindako kontratua bertan behera uzteko.

Eskaintzekin itsu-itsuan jokatu behar al dugu?

Ez da erraza benetako beherapen edo eskaintza baten aurrean gauden edo ez jakitea. Horretarako, aurreko prezioa zein zen ezagutu beharko genuke, eta askotan ez da argi ageri. Hala eta guztiz ere, komertzioetako langileak euren borondate onenarekin aritzen direla uste dut, eta, beraz, egiten dituzten eskaintzak sinetsi behar direla uste dut. Hala ere, noski, hori argi eta garbi esatea arriskutsua da.

Gero eta gehiago dira erosketak Internet bidez egiten dituztenak?

Bai, asko dira erosketak edota zerbitzuen kontratazioak Internet bidez egiten dituztenak.

Zer aholku emango zenieke Interneteko bezeroei segurtasunez kontsumitzeko?

Segurtasunaren ikuspegitik, Interneteko orriek hiru ezaugarri bete behar dituzte. Batetik, helbidean, http-z gainera, ‘s’ hizkia agertu behar da. Bestetik, orriaren goialdean ala behealdean giltzarrapo bat ikusiko da, hura itxita agertzen bada, orria segurua dela ikus dezakegu, eta, aldiz, irekita badago, ez hain segurua. Beste orri askotan, giltza bat ere ageri da. Hiru elementu horien araberakoa da orrion segurtasuna, beraz, hirurak agertuz gero, oso segurua izango da eta bat bera ere ez badu, batere ez.

Ordaintzeko orduan, Paypal moduko sistema segurua ote duten ere ikusi beharko genuke eta itzulketak nola egin daitezkeen aztertu ere. Legeak itzulketak onartzera behartzen ditu, baina horri buruz zer ageri den ikusi behar da, nora jo behar den, zer egin behar den, ea ordaindu behar den... Azkenik, web orrialdearen atzean nor dagoen jakin beharko genuke, hori ez da erraza izaten, baina, jabe edo arduradunaren izen deiturak ezagutzea garrantzitsua da, arazoak suertatuz gero beregana jo beharko dugu-eta. Internet bidezko erosketak egin aurretik, beraz, web orriaren inguruko informazio egokia edukitzea garrantzitsua da.

Eta, orokorrean, zer gomendio emango zenuke erosketak ahalik eta egokien egiteko?

Etxetik atera aurretik erosi nahi den horren zerrenda egitea, prezioak konparatzea, eta, bereziki, teknologia munduko artikuluak erosteko orduan kontuz aritzea. Produktu mordoa dago eta funtzioak ez dira oso desberdinak batetik bestera. Jende gehienak, gainera, ez du teknologia mundua menderatzen. Erosi aurretik, beraz, produktuak zein funtzio betetzea nahi dugun jakitea komenigarria da, eta, kaxan, funtzio horiek betetzen direla argi ikustea. Era berean, nori bideratuta dagoen ere ikusi behar dugu. Askotan, produktuak erosi bai, baina funtzio gehienak ez ditugu erabili ere egiten. Beren funtzioak eta gure nahiak neurtu egin behar ditugu, eta, horren arabera, produktu egokiena hautatu.

Gabonetako produktuak gero eta lehenago erosten al ditugu? Hori al da egokiena?

Nahiz eta beti azken unean zer erosia izaten dugun, jendeak, orokorrean, erosketak aurreratu egiten ditu. Elikagaien kasuan, baina, ez hainbeste. Aurreratzea da egokiena, noski. Jende pilaketak ekiditen ditugu, nahi duguna aurkitzeko erraztasun gehiago ditugu eta prezio aldetik ere egokiagoa da aurrez erostea.

Jakien prezioek data esanguratsuenetan gora egiten al dute?

Prezioek gora egiten dute, bai, eskaintza eta eskariaren arteko harremana da hori. Hori ekiditeko aukera bakarra aurrez erostea eta izoztea litzateke. Hori, baina, gure artean ez da oso ohikoa oraindik. Jakiak ere arretaz erosi behar dira. Turroia eta cava, bereziki. Almendra eta azukre proportzioaren arabera, hainbat mota daude batean eta bestean eta zein erosi ondo erabaki behar da.

Kutxabankek behintzat kanpaina bat jarri du abian, Gabonetako gastuak interes eta komisio gabe geroratzeko. Zer iritzi duzue?

Gure gomendioa beti zuhurtzia da. Jendeak ezin du data hauetan ahal duena baino gehiago gastatu, edo ez luke gastatu behar behintzat. Normalean egin ezin ditzakegun gastuak egiteko maileguak hartzea ez da egokia eta guk ez dugu sekula gomendatuko, baina, noski, bakoitzak bere egoera eta bere arazoak ditu eta norberak ikusiko du. Gure gomendioa gastuak norberaren ahalmenaren arabera neurtzea da.

Zuek kontsumoaren alde iluna ikusten duzue. Zein kontsumo motak eragiten ditu kexa gehien?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 9.000 salaketa, erreklamazio eta kexarekin amaituko dugu urtea; gehienak teknologia mundukoak dira. Telefonia konpainiak dira erreklamazio gehien jasotzen dituztenak, bai fakturazio edo kontratuaren ondorioengatik bai produktuen matxurengatik.