Oier GUILLAN

BERROGEI URTEKO SORMEN HEGALDIA

Ediciones 3e argitaletxeak Joxan Artzeren eta Jose Luis Zumetaren «laino guzien azpitik…» eta «eta sasi guztien gainetik…» liburuak berrargitaratu ditu. 1973an plazaratu zituzten jatorrizkoak, txoriak zirelarik protagonista hala marrazkietan nola testu batzuetan. Argitaratu eta gutxira Guardia Zibilak edizioaren parte bat bahitu zuen, baina ezin izan zuen gelditu berrogeita bi urte geroago ere irakurlearen begiak betetzen dituen sormen hegaldia.

Txoriak dira liburuen ardatza
Txoriak dira liburuen ardatza

Bi liburuak eskuetan hartu eta berehala jabetuko da irakurlea ez direla edonolakoak: kartoi lodiko azalean serigrafiatutako txoriek ematen dute lehen kolpea, orriak lotzen dituen telazko bizkarrak bigarrena. Tituluei erreparatu eta, esaera zaharra lagun, bi aleak elkarrekin doazela ulertuko du berehala irakurleak: “laino guztien azpitik…”, “eta sasi guztien gainetik…”. Liburuak zabaldu eta hor ere bi dira, hain zuzen ere, liburu-objektu berezi hauetan elkarrekin doazen izenak: Joxan Artze eta Jose Luis Zumeta. Orriotan barrena sakonago jo eta harridurak ez du etenik: idazmakinaz idatzitako poemak, poesia espaziala, onomatopeiak eta ahozkotasuna agerian, hizkien formarekin jolasak… eta berbak inguratuz txoriak, hitzek bezala espazioaren garrantzia nabarmenduz poemen artean.

Modernoa iduri lezake horrelako argitalpen batek, pentsaezina egungo merkatu dinamikaren zoroan. Baina izan, bada. 1973an argitaratu ziren jatorrizko liburuak, eta bere garaian abangoardistak izango zirela pentsatuko du irakurleak, arrazoiz. Harrigarriena izango da, ordea, egun ere kutsu hori mantentzen dutela. Hain gutxi egin ote dugu aurrera? Zer izan da arteaz azken berrogei urteetan, zer Euskal Herriaz? Zer diote gaur, gutaz, xoriek?

Galdera horiei erantzuna eman nahian abiatu dugu erreportaje honetako bidaia. Atzera begiratzen jarri gara lehenik: nortzuk ziren Artze eta Zumeta 1973an? Bi lagun, hamar urte lehenago motoz Paris eta Stockholmeraino elkarrekin joandako gazteak, arte eta kulturgintzako giroetan murgildurik zebiltzan artistak. Zumeta Usurbilgo murala egiten zebilen liburuak plazaratu zirenean. Artzek bigarren eta hirugarren liburuak zituen hauek, 1969an plazaratutako “Isturitzetik Tolosan barru” ezagunaren ostekoak. 1979an plazaratuko zuen laugarrena, “Bide bazterrean hi eta ni kantari”. Guztiak dira poesia konkretuaren arloan koka daitezkeen liburuak, nahiz eta egileak aitortuko digun hasieran ez zuela etiketa hura ezagutzen.

Txoriek eman zioten forma bi liburu hauei. Aurretik, Artzek “Txoria txori” poema publikatua zuen “Isturitzetik Tolosan barru” lanean. Bi liburu hauetatik ere poema ugari kantatuko zituen Laboak: “Besterik ezagutu ez eta…”, “Arrano beltza”, “Zaude lasai”, “Nire juaneteak”, “Ama hil zaigu”… Baina zer diote gaur, haietaz, xoriek? Hiru elkarrizketa baliatuta lotu ditugu iragana eta oraina.

Lehen geltokia: Irun, Belen Oronoz

Moskun jarri dugu hitzordua Belen Oronoz filologoarekin. Oronozek Joxan Artzeren lehen etapari buruzko tesia idatzia dauka: “JosAnton Artze Harzabal: inguruaren eragina poesiagintzan (1969-1979)”. Etapa horretan kokatzen dira esku artean ditugun bi liburu hauek, horregatik jo zuten berarengana Ediciones 3e argitaletxeko kideek, liburuotako testuak orraztu zitzan.

Elkartu orduko lau liburu paratu ditu mahai gainean Oronozek: jatorrizko edizioko bi ale, Artzek berak utzitakoak, eta berrargitalpeneko biak. Poltsa berezi batekin bilduta ekarri ditu zaharrak, altxorra bailiran; horrelaxe gordetzeko modukoak dira berriak ere. Izan ere, lan zehatza egin dute Ediciones 3e argitaletxe sortu berriko Alberto Lizarralde eta Miguel Murugarren editoreek. Artzek berak eskatuta prozesua nola izan den azaldu dute: «Koaderno horren orrialdeak fotografiatu ondoren, ehiztarien gisara aurkitu behar izan ditugu txoriak banan-banan (eta, jakina denez, txori batzuk ikusgarriak dira eta harrokeriaz agertzen dira, baina beste asko, ordea, senez, ezkutatu egiten dira), neurriak berriro ezarri, lehenengo edizioan agertu ziren orrialde berberetan ipini eta, azkenik, txori bakoitzari ukituak eman». Testuak ere eman omen zuen bere lana: «Testuekin lana ezberdina izan da, baina adinako zehaztasunez eginda. Mekanografiatu ondoren, letrak, puntuak, komak eta, batik bat zuriuneak, orrialdeetan kokatu ditugu. Eta ahalegindu gara emaitza lehenengo edizioaren berdin-berdina ateratzen. Baliteke kasik lortu izana».

Oronozen lana testuekin egindako lanaren zehaztasunaren gainean egotea izan da. «Jatorrizko edizioko testuetan kalkozko papera erabili zuten idazterakoan, dirua aurreztearren, horregatik batzuetan zalantza sor daiteke letraren baten edo besteren artean, punturen bat eta komaren baten artean…». Bestela, testuak bere horretan mantendu dituzte, garaiko euskararen ezaugarriekin. Oronozek aitortu digunez bi aldaketa txiki egon dira bakarrik «‘Gure bazterrak’ poeman koma bat gehitu du, Laboak kantatzen zuenean poemaren une batean pausa bat egiten zuelako. Eta bigarren liburuko poema bisual baten azpian ere ‘oso’ hitza gehitu dio, irudia hobeto uler dadin. Gainontzekoa berdin-berdin dago».

Liburu hauek kaleratu zituen lehen etapa hartan, autoedizioaren bidea hartu zuen Artzek, Harzabal ezizenarekin. Oronozen esanetan, «Harzabal ezizenaren pean Artzek idazterakoan kanpotik barruranzko bidea egiten zuela adierazten zuen, horren ostean hartutako Hartzut ezizenarekin berriz barrutik kanporanzkoa. Hartzut ezizenarekin hasitako etapa gaur arte iristen da, izpiritualtasunarekin eta erlijioen inguruan egindako bere ikerketarekin dauka zerikusia». Oronozen esanetan «berritzailea eta esperimentala» zen Artze. «Arriskutsua ere?» galdetu dugu, Guardia Zibilak liburu hauen edizioa bahitu zuela gogoan. Oronozen ustez gertatutakoa ez zen hainbeste edukiengatik izan, ez bada Artzeren figuragatik, «euskal erresistentzia kulturalean eta Ez Dok Amairun bertan ere lan egiten zuen, eta, beraz, hortik ondorioztatuko zuten bere lana ere arriskutsua zela». Joan Mari Torrealdaik aztertzen ari garen bi liburuen gainean zentsurak egindako aipamen zehatza jaso zuen “Artaziak” lanean: «Los sentimientos expresados rezuman resentimiento y rencor y, por supuesto, trata de fomentar todas las ideas enfermizas referidas al logro de autonomía e independencia del pueblo vasco».

Nola ulertuko ditu liburu hauek egungo irakurleak? Oronozek ez du erantzun argirik: «Bere garaian liburu hauek abangoardistak izanik ere, edukiei erreparatzen badiegu segur aski hobeto ulertuko zituen orduko jendeak gaurkoak baino. Poema hauek islatzen dute orduan Ez Dok Amairurekin erabili ziren gai asko, Laboak kantatutako letra ezagun asko daude hemen… Horrelako gaiak orduko irakurlearentzat arruntagoak ziren, orduko egoeraren aurrean euskal kulturak bizi izan zuen erresistentzia eta aldarrikapen nahi hori islatzen dituztelako gaiok».

Oronoz oso pozik dago liburuokin, bere esanetan badelako aldarrikatu beharreko Artze bat: «Iruditzen zait ez zaiola eman berak merezi duen lekua edo garrantzia euskal literaturan. ‘Txoria txori’ eta ‘Hizkuntza bat ez da galtzen…’ poemak izan dira bere lanetik gogoratuenak, baina Artzek garai horretan ikuspegi artistikotik eta ideologikotik liburu hauek bezalako gauza miresgarriak egin zituen, eta gaur ere egiten ditu beste gauza miresgarri batzuk». Txoriak bidali ditugu Jose Luis Zumetarengana, erantzun gehiagoren bila.

Bigarren geltokia: Donostian, Zumeta

Donostian bizi den arren, Usurbilen mantentzen du estudioa Zumetak. Hitz gutxiko gizona da, agian eskuekin eta irudiekin mintzo delako hobeto, beste artista plastiko asko bezala. Berrogei urte atzera begiratu eta Zumetak ez zuen imajinatuko sekula txoriek herri honen memoria historikoan izan duten oihartzuna, txoriek mugitzen dituzten sentimendu eta barne-nahiak. «Garai hartan igual zortziehun txori egin nituen koaderno batean». Ehunka haietatik batzuek baino ez zuten egin salto liburuotara, mordoxka hala ere. Koaderno hura ondo gorde zuen, eta horri esker egin ahal izan dute egun berrargitarapena. Txoriak banan-banan bilatu, argazkia atera, digitalizatu eta espazialki kokatu. Zer irabazi dute marrazkiek? «Lehen edizioan marrazkiaren ñabardura asko galdu ziren, linea asko loditu zelako; askoz hobeto ikus daitezke orain». Zumetaren ustez liburuak oso ondo mantentzen dira gaur egunerako, «kontzeptu aldetik, dibujo aldetik… ez daukat kontrakorik ezer esateko, gaur egunerako balio du bai portadak bai barrukoak. Nahiko modernoa da».

Txoriek bazuten, noski, zeresanik garai hartan liburuon egileentzat ere, baina lan artistikoaren oinarrian uste duguna baino arrazoi kasualagoak eta intuitiboagoak egon ohi dira sarri. Zumetak, apaltasunez, ez du hori aitortzeko arazorik, baina, funtsean, zergatik txoriak? «Ni garai hartan Usurbilgo murala egiten nenbilen, eta marrazki hauek lan haren beste muturra dira. Jose Antoniok esan zidan bere testuak ilustratzeko, eta nik txoriak egitea pentsatu nuen; nola hain zaila den ilustratzea, poema bat pentsatu nuen guztia txoriz betetzea. Txoriak hain baitira espresiboak, izan daitezke gaiztakeriaz beteak, umoretsuak…». Hamabi ordu inguru egiten zituen egunean muralean lanean: «Lanetik ateratzen nintzenean txoriak egiten nituen, blok txiki batean apunteak hartuz. Edozein lekura begiratu eta txoriak bilatzen nituen, hormetan… Gero apunte horiek koadernora pasa nituen, eta gutxi gorabehera pentsatu zer txori mota egokitu halako edo bestelako testurekin…».

Konposizio espazialak garrantzia handia dauka lan hauetan, baina hori ere oso gauza intuitiboa izan zela dio Zumetak. «Joxe Antoniok libre utzi zidan, marrazki pila bat egin eta gero testuei nolabait lotzeko». Horregatik erabili zuten, besteak beste, idazmakina testuak lantzeko, garai hartan inprentak ezin zuelako beraiek nahi zuten letren mugimendua eta jolas espaziala egin.

Liburuaren arte-objektutasunaz itaunduta, gaur agian medio gehiago egon arren gutxiago arriskatzen da? «Bai, segur aski. 60tik 70era berritasun handi bat etorri zen. Nire ustez geroztik ez da hainbeste aurreratu, baina hori maila guztietan gertatzen dela esango nuke. Arte mailan edo pintura mailan ez da halako aldaketarik etorri, hain fuerte. Ordukoa momentu berezia izan zen: gose ginen denok, gauza berriak egin nahian».

Batetik gosea, bestetik arrisku artistikoak modu naturalean hartzea, sobera kontzeptualizatu gabe. «Liburu hauen formatua oso natural atera zen, ez zen bestelako pretentsiorik. Zerbait merkea egin nahi genuen, serigrafia erabili genuen azalak egiteko ni horretan nenbilelako eta jendea ezagutzen nuelako… Eskura zegoena erabili genuen, besterik gabe. Egin ahala atera zen gauza bat izan zen». Mikel Laboaren azken diskoak “Xoriek” izena zuela ekarri dugu gogora, Zumetaren azalarekin beste behin. «Ni txoriak aspalditik ibili naiz egiten, baina besterik gabe. Mikelek sortu zuen txorien mundu hori, berea da meritua». Usurbilera eraman gaitu azkenik haizeak, edo haize kontra ibiltzeak.

Hirugarren geltokia: Usurbilen, Artze

Bere etxean egin dugu zita Joxan Artzerekin. Sartu eta berehala harrapatzen dute begirada poemez estalitako panel handiek. Bertan landu, lotu, kateatu eta askatu ditu Artzek azken urteetako poemak. Dagoeneko badira paneletako orrialdeen artean espazio hutsak ere, 2013an atera baitzituen azken urte hauetako lehen emaitzak: “Heriotzaren ataria dugu bizitza” eta “Bizitzaren atea dukegu heriotza”. Oraindik ere lanean jarraitzen du, hurrengo aleak izango diren horietan. Horregatik dio Ediciones 3e argitaletxeko kideek halako interesik izan ez balute tamainako lana hartzeko liburuok berrargitaratzen, berak ez zuela burua horretarako izango, «nahiko lan badut liburu berriak amaitzen!». Edonola ere, miresmenez hitz egiten du berrargitalpena zehatz gauzatzeko hartu duten lanari buruz. «Normalean editorialek egiten ez dutena egin dute hauek, gaurko egunean kulturalki goraipatzeko fenomenoa da».

Artzek, hala ere, umorez oroitzen du liburuek nola hartu zuten forma; «edizioa ahalik eta merkeen egin nahi genuen, horregatik dira liburuak horrelakoak. Materialki ez dago pentsatuta ikuspegi artistiko batetik. Bizkarra telazkoa du merkeagoa zelako, azala kartoizkoa da zapata kutxen kartoia zelako, idazmakinaz idatzi genuen fotolitoak sortzerakoan beruna erabiltzea ekiditeko eta dirua aurrezteko». Bere Olivetti zaharrarekin idatzi zituen testuok, «zinta berria jarri eta letra bakoitza hiru aldiz jotzen nuen beltza izateko».

Artzek oroitzen duenez zailtasunez beteriko garaiak ziren haiek. Inprimategikoak lanok argitaratzeko beldur ziren eta beste leku batean inprimatu behar izan zituzten, hasiera-hasieratik edizioa bahitua izango ote zen beldurrez. Horregatik liburuak atera orduko, liburu dendetara zabaltzeaz gain, Artzek hamaika lagunen etxeetako ganbaretan gorde zituen aleak. «Duela hiru urte azaldu zen beste poltsakada bat dozena erdi libururekin. Usurbilgo taberna batean utzi zizkidaten, jaso nitzan».

Liburuak atera eta gutxira ikusi zuten haien beldurrek bazutela funtsik; Guardia Zibila joan zitzaion etxera Artzeri, liburuen bila. «Dei anonimo bat jaso nuen udaletxetik, Guardia Zibila etxerantz zetorkidala abisatuz. Atzeko atera jo nuen, eta han ikusi nituen. Etxera sartu, liburuak eskatu eta begiratzen hasi ziren». Tenientearen nahasmena oroitzen du Artzek; «pajaros… pajaros… pajaros… pajaros… pajaros…», esaten zuen orriak pasa bitartean. Ez zuen tartean metrailetarik ez antzekorik ikusten, «pajaros… pajaros…». “Isturitzetik tolosan barru” ere hartu zuen eta irekitzen diren olerki horiek ikusterakoan galdetzen zidan «¿y esto que es…?», «‘poesia espacial’ erantzun nion nik. Berak argumentu bat bilatu nahi zuen, presoei buruzko zerbait, auskalo zer». Tipoak ez omen zekien zer egin. «Liburuak non ziren galdetu eta nik tirada txikia egin eta zabaldua genuela erantzun nion». Hortik polizia-etxera, deklarazioak, eta denborarekin epaiketa Madrilen. Gerora PSOEren eskutik ezagun egin den Manuela Carmenak defendatu zituen. «Este es un poeta que escribe en euskera…» hasi zuen defentsa, eta, epaile zurrunak eten zion bere onetik aterata: «En vas-cuen-ce!!! En vas-cuen-ce!!!». Absolbitu egin zituzten azkenean, eta abokatuak autoz eraman zizkien Usurbilera berreskuratutako ale bakanak, auzitegiaren zigiluarekin.

Txoriak nolatan aukeratu zituzten? «Zumeta txoriak egin eta egin zebilen garai hartan. Etxean bazituen harri txikiz egindako baldosa batzuk, eta han ere txoriak ikusten zituen. Ez dut ondo oroitzen nola eman genuen urratsa, baina uneren batean erabakiko genuen bere momentuko lana eta nirea elkartzea». Konposizioa ere bere esku geratu zen: «Nire esku egon izan balitz hamar mila buelta emango nizkion!». Imajinatuko zenuen garai hartan txorien irudiak, “Txoria txori”-k akuilaturik, egingo zuen bidea? «Ezta pentsatu ere, burutik pasa ere».

Zumetak eta berak elkarrekin egindako lehenengo lana izan ziren liburu hauek. Aurretik, “Izturitzetik Tolosan barru” liburuko azala egiten lagundu zion. Nondik zetorren, baina, poesia konkretua deitua den horretarako joera? Nondik edan zuen, zeintzuk zituen iturriak? «Poeta konkretuak oso berandu ezagutu nituen, Brasilgo eta Frantziako poeta konkretuen berri izan nuenerako nire lehen liburua aspaldi egina zegoen». Garaiko giro artistikoan guztiz murgildua zebiltzan hala ere, bada John Cageri eskainitako poema bat liburu hauetan adibidez –Iruñeko Topaketetan ezagutu zuten elkar–. Nola egiten zuen, orduan, poesia mota honetara iristeko? «Nire idazteko modua galderak egitea zen, testuak itauntzea. Zergatik idatzi behar dut lerro guztiak berdin jarrita, zergatik paper mota baten gainean eta ez beste batean…? Denari galderak egitetik eta erantzuten saiatzetik etortzen zitzaidan modu batera edo bestera egiteko ideia; enfasi handia zuen testu bati letra tipo handiagoa jartzen nion…».

Garairik esperimentalena hasierakoa izan bazuen ere, osteko performance eta liburuetan suma daiteke konstanteak direla hainbat ezaugarri, testuak agertzeko moduaren garrantzia adibidez. Elkar argitaletxearekin atera dituen liburu berriak kasu intomso izeneko teknikarekin plazaratu dira, alegia, orrien pliegoak goitik loturik. «Liburuak gillotinatzea gauza gogorra iruditzen zait, kra…! kra…! Intomso moduan jarrita gauza intimoa bilakatzen da, labana hartu eta norberak nahi duenean irekitzen ditu pliegoak. Eta ez baduzu ireki nahi ez da ezer gertatzen, hor geratuko dira poemak zain. Baina eginez gero, zure aurrean irekitzen da gero irakurriko duzuna». Umorez gogoratzen duenez, jende askok esaten dio ondo bukatu gabe utzi dizkiotela liburuak.

Esan izan da, ez ote zuen bestelako arteen berri izan Zumetarekin urte batzuk lehenago Europan zehar Vespan egindako bidaian. Artzek berehala argitzen du kontua: «Ez genuen dirurik horrelakoen berri izateko, bizimodua ateratzearekin nahiko lan!». Oroitzen hasita Zumetarekin egindako bidaia izan dugu mintzagai: Artzeren Vespa zaharrean egin zuten Pariserainoko bidaia, han zirelarik nola egiten zuten lan papera etxeetan jasoz eta pisuaren arabera salduz, klarionaz marrazkiak eginez espaloietan… Bigarren eskuko auto bat erostea zuten xede, Stockholmera iritsi arte jarraitzeko, «baina gastatu egiten genuen dirua». Stockholm bertaraino Vespan jarraitzea deliberatu zuten azkenik, baina Parisera iritsi orduko lapurtu zieten errepuestoko gurpila, «lapurtu beharko genuen guk beste bat...». Zumeta etxera bueltatu zenean Artzek Londresera jarraitu zuen eta bi urte egin zituen han; «zine asko ikusi nuen zine klubetan, hori bai…».

Arretaz jarraitu ditu kazetariak anekdotak, iraganeko istorioen artean historia ikusi uste duenak nola, liburu hauetako txorien hegaldian hala.