Nerea GOTI
AZKEN DEIA BIZIRAUTEKO

Biosfera erabat agortu baino lehen, zibilizazio berri bat eraikitzeko deia

«Gehienez ere bost urte inguru ditugu hazkundearen mugei buruzko eztabaida zabal eta transbertsala sendotzeko, eta demokratikoki alternatiba ekologiko eta energetiko zehatz eta bideragarriak eraikitzeko». Azken Deia manifestuaren proposamena da eta zabalkunde handia lortu du mundu mailan. Jada 7.000 sinatzaile baino gehiago ditu.

Azken Deia du izena eta manifestu gisa aurkeztu da. Finean gizarte osoari helarazten zaion hausnarketa bat da: ezin dugu jarraitu amildegira eramaten gaituen hazkunde modelo honekin. Egun, 7.000 sinatzaile inguru ditu deiak, eta gehiago izateko bidean dago. Intelektualak, politikariak, sindikalistak… perfil anitzeko atxikimendu zerrenda luzea lortu du.

Ideia Estatu espainolean jaio zen 2014ko udan, eta duela gutxi Bilbon aurkeztu dute. Hala ere, Euskal Herriko eta Estatu espainoleko mugak gainditu ditu jadanik. Hamabost hizkuntzatara itzulita, zabaltze prozesuan jarraitzen du, eta sinatzaile gehiago irabazten ari da han eta hemen.

«Planetak ezin du gizarte produktibista eta kontsumista mantendu», dio testuak, eta gaineratu, «biosferarekin oreka berreskuratzea helburu duen gizartea behar dugu». Manifestutik hartutako esaldi biek deiaren mamia laburbiltzen dute.

Izan ere, egungo erralitatearen deskribapenean oinarritzen dute deia. Manifestuak dioenez, «ikertzaile eta zientzialari buruargienak alarmarako zantzu sendoak ematen ari zaizkigu XX. mendeko zazpigarren hamarkadatik hona: orain arteko hazkunde joerekin jarraituz gero (ekonomikoa, demografikoa, baliabideen erabilera, kutsatzaileen ekoizpena, desberdintasunen hazkundea), XXI. mendean zibilazioa kolapsatzea da ondorio probableena».

Diotenez, errealitate horri aurre egiteko une honetan proposatu diren bideak «garapen jasangarriaren mantra kosmetikoak» dira, aurrean daukagun erronkari aurre egiteko aski ez direnak.

«Teknologia ekoefizienteen aldeko apustu soilak ere, edo balizko ‘ekonomia berde’ batek, ondare naturalen eta zerbitzu ekosistemikoen merkantilizazioa ezkutzatzen du», dokumentuaren arabera.

Beste kontu batean jartzen du arreta: krisi ekologikoa «ez da gai partziala». Dioenez, ekologiari gertatzen zaionak gizarte osoan du eragina; elikaduran, garraioan, industrian edota gatazka belikoetan, besteak beste. Ekologia, «finean, gure ekonomiaren eta bizitzen oinarria da», nabarmentzen duenez.

Horregatik, hain zuzen ere, bizitzarekin zerikusia duen arazo nagusiari so egiten dio manifestuak: baliabideak urritzen ari diren planetan, 7.200 milioitik gora biztanleri elikagaiak eta bizitza duina ematea beharrezkoa da. Hala, zibilizazioa berreraikitzea planteatzen du, eta, horretarako, «errotiko aldaketak beharko dira bizimoduetan, produkzio moduetan, hirien diseinuan eta lurralde antolaketan», baina batez ere «baloreetan».

Orain da momentua

Azken Deiak proposatzen duen eraldaketa handiak «bi oztopo itzel» dituela onartzen du manifestuak: «bizimodu kapitalistaren inertzia eta talde pribilegiatuen interesak». Horregatik, «indarrean den hegemoniarekin haustura politiko sakona» behar dugula diote. Eta, izatez, momentu egokia da gaurkoa haustura hori gertatzeko, sinatzaileen aburuz.

Batetik, diotenez, «zorionez, gero eta jende gehiago ari da erreakzionatzen». Bestalde, Estatu espainoleko egoera politikoan zentratuta, M15ak ekarri dituen «duintasunak eta esnaldi demokratikoak gizarte antolaketa batzuek ahalbidetuko duten prozesu konstituziogilea mamitzen» ari dela uste dute.

Transformazioaren bidean, proiektu alternatiboei aldakuntza proposamen «askoz ere adoreatusagoak» planteatzeko deia egiten die manifestuak. Izan ere, parean daukagun erronka «Neolitikoko iraultza edo industria-iraultzaren mailako gertakari historikoen neurrikoa izango da», eta denbora amaitzen ari da. Manifestuaren arabera, «gehienez ere bost bat urte dauzkagu hazkundeari buruzko eztabaida zabal eta trasnbertsala sendotzeko» eta «demokratikoki alternatiba ekologiko eta energetiko zehatz eta bideragarriak eraikitzeko».

Errezeta zaharrek ez dute balio eta ez dago errezeta magikorik. Sinatzaileek argi dute aldaketak «gehiengo handiak» behar dituela. «Boterearen nagusikeriak eta aberastasun pilaketak eragindako bidegabekerien aurka borrokatzeaz gain, errealitatea onartuko duen eredu batez ari gara, naturarekin bat etorriko dena, Lurraren muga ekologikoen barnean», argitzen dute.

Florent Marcellesi manifestuaren sinatzailea eta bultzatzaileetako bat da, eta Equoko bozeramaile Europako Parlamentuan. Euskal Herrian bizi den aktibista eta ikertzaile ekologista honek argi dauka orain dela gauzak aldatzeko unea. Dioenez, sindikatu, alderdi eta mugimendu ezberdinetako lagunek bat egin dute deiarekin, eta ez hori bakarrik, zonalde ezberdinetan bizi direnek diagnostikoa berdina egin dutela adierazten du.

Estatu espainoleko panorama

Marcellesiren hitzetan, estatu mailan jaio zen ideia, baina izan zuen harrera ikusita (bost mila sinadura inguru hasierako hilabeteetan), berehala etorri zen hedatzeko asmoa. «Emaitza espektatiben gainetik» egon dela aipatzen du, eta erantzun indartsu horrek sare bat osatzeko asmoa ekarri du. Kolektibo eta mugimendu zehatz batzuek, tartean, Euskal Herriko Desazkundea mugimenduak, deia bere egin, eta manifestua zabaltzen ari dira.

Beste kontu bat plantetau zion Gaur8k manifestuaren bultzatzaile Florent Marcellesiri. Ongizatea hazkundearekin eta azken hau kontsumoarekin lotzen duen gizarte batean, pentsaera horri zelan eman buelta eta nora begiratu dezakegun ideia hori gauzatzeko. Eredurik ba al dago?

Marcellesiren ustez, «berez ekintza natural bat da kontsumoa eta ezin da gaixotasun bat den kontsumismoarekin nahastu. Gizarte modernoaren patologia bat da». «Kontsumitzea kontsumitzeagatik, zentzurik gabe, ezin zaio eutsi. Kontsumo arduratsuaz hitz egitean, kontua ez da kantitatea, kalitatea baizik», azaldu zuenez. Adibide bat jarri zuen: «ondoko ekoizleari tomate bat erosten diodanean, badakit zer jaten ari naizen, kalitatea jaten ari naiz, ez diot nire osasunari ez planetarenari kalte egiten, eta gainera, ez diet zapaltzaileei erosten, eta ondoko lagun horren lana onartzen dut. Beste balore batzuk ezartzen ari gara». Gaineratu zuenez, honelako jokabide sinple bat supermerkatura joan eta salneurri baxuko tomate bat erostea baino askoz baliotsuagoa da, beste tomate horrek munduari buelta eman diolako eta lan baldintza ez-duinetan ekoiztu dutelako, bere zaporeak ez daukalako ondokoaren antzik eta askoz kalitate txarragokoa delako ingurumenaren eta pertsonen osasunarentzat».

Azken Deia proposamen ilusionagarri bat ere badela adierazi zuen Marcellesik. «Ez da diskurtso alarmista bat, arazo bat daukagula dioen mezua da, arazo horren parte izan gara eta orain soluziobidearen parte ere izan gaitezke. Gure jokabideari esker gu hobeto bizi eta gure biloben bizitza ere hobetuko dugu, beraz, nahiko mezu baikorra da; oraingoak, gaur ogia eta bihar gosea, besterik ez du». «Planetako biztanleen gehiengoari gaurdanik ogia eman eta gure ondorengoen ogia bermatzea da planteatzen duguna», esan zuenez.

Sinatzaileen artean, Euskal Herriko izen ezagun ugari dago. Pablo Ibarra EHUko irakaslea horietako bat da. Gaur8ri azaldu zionez, Azken Deia daukagun arazoaren muinera doa. «Sakoneko soluziobide batek zibilizazio aldaketa bat exijitzen du, baloreen sistemaren errotiko aldaketa bat», aipatu zuenez. Egiten duen planteamentua argia da: ahalik eta etekin handienak bilatzearen ideia egungo sistemaren baloreetako bat da, beste askoren artean, eta horiek guztiak aldatzeko proposamen bat egiten bada, zibilizazio aldaketa batetaz hitz egiten ari gara.

Ibarraren hitzetan, «mugarik gabeko hazkundearen balioa gizartean nagusi dela, mezua ez da galtzea, baizik eta modu arduratsuan kontsumitzea eta zentzuzko bizitza baldintza batzuk ezartzea mundu guztiarentzat». «Gelditu ezineko hazkundean oinarritutako ekonomia batetik berdintasunezko ekonomia batera eraldatzeko prozesua da honako hau», eta «hori da, hain zuzen, bizirauteko bide bakarra», nabarmendu zuenez.

Iñaki Barcena EHUko Zientzia Politikako irakasleak ez du zalantzarik izan Azken Deia sinatzeko orduan, eta poztu da manifestua izaten ari den zabalkundearekin. «Asko errespetatu eta maite ditudan pertsonak, gehienak mugimendu ekosozialistakoak, hasi ziren manifestua zabaltzen eta nire izena gehitu nuen duda barik lehengo momentutik», azaldu zion Gaur8ri. Esan zuenez, «guztiok konpromiso hori bera hartzea behar-beharrezkoa», eta kontuan hartu behar dugu «gu, euskaldun eta europarrak, lehenengo mundu pribilegiatuan bizi garela, eta baldintza sozial orekatuetan, baina hori ere kolokan dago».

Denon konpromezua

«Erronka handia da baina ez dago inor edota ezer soberan», adierazi zuenez. Barcenaren ustez, «kantariek eta unibertsitariek, artistek eta kazetariek, gazteek eta zaharrek… denok agertu behar dugu konpromisoa beharrezko aldaketa horren alde… Eta aldaketa ez da soilik ‘ekologikoa’; naturarekiko harremanak aldatu behar ditugu, noski, baina baita pertsona artekoak ere. Patriarkatua eta arrazismoa mehatxu larriak dira».

Gizarteak daukan erronkaren aurrean nondik hasi argi du: «ariketa xumeak, txikiak badira ere, eredugarriak izan daitezke norabidea aldatzeko». Esan zuenez, «desazkundea hemen dago, goia (edo behea) jo dugu. Kontua da ea bide arrazional eta demokratikoetatik onartuko dugun edo kaos eta gatazka kriminalaren aldetik, Sirian, Afganistan, Iraken edo Afrikan gertatzen ari den moduan». Ostrukarena egitea XXI. mendean, horixe da erokeria.