Urtzi Urrutikoetxea
UIGURRAK

Txinak ezkutuan mantendu nahi duen auzia

Tibeten aldean oihartzun txikiagoa izan ohi badu ere, uigurren gatazka Txinako auzi garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Atentatuak, eraso suizidak, atxiloketa eta zigor masiboak, lege bereziak Xinjiang eskualdean, eta hamarkadatan bizi gabeko tentsioa bertako biztanleen eta han etniako txinatarren artean 2009tik.

Txinako biztanleen ehuneko bat baino gutxiago dira uigurrak, baina herrialdearen ehuneko hamazazpi hartzen du euren lurraldeak. Estatuaren mendebaldean, lekurik estrategikoenetan dago uigurrentzat “Ekialdeko Turkestan” den eta ofizialki “Xinjiang Eskualde Autonomoa” izena duen lurraldea, Pakistan, Tajikistan, Kirgizistan eta Kazakhstanen muga luzean. Beijingek 2013an abiarazitako “Zetaren Bidea” ekimenaren bihotzean dago eskualdea, eta, azken hil eta urteotan, Beijingen gatazka etniko garrantzitsuena bihurtu da. Agintariek argi diote: auzi «terrorista» omen da, nazioarteko sareekin lotura daukaten militante jihadistak baino ez lirateke atentatugileak. Uigurrek eurek, bestela diote: zapalkuntza eta bazterkeria sufritzen dituen nazio baten etsipenaren ondoriotzat daukate.

Izenetik hasita, zer dira “Ekialdeko Turkestan” eta “Xinjiang”? PEN Uigurreko lehendakari Kaiser Özhun dioskunez, «‘Ekialdeko Turkestan’ deitu izan diogu gure lurraldeari, izen hori baitzuen gure estatuak 1959 arte. ‘Turkestan’ Asia Erdialdeari dagokio, hizkuntza turkiarrak mintzatzen ditugun herriekin lotura eginda». “Xinjiang” izenak, berriz, “Mugalde berri” esan nahi du txineraz; «1884an eman zioten, uigurron lurraldea Txinako probintzia bihurtu zutenean». XX. mendean estatu independentea eratu zuten Sobietar Batasunaren babesean, harik eta 1949an Txinak bereganatu zuen arte. “Xinjiango Uigur Eskualde Autonomoa” izena hartu zuen, «baina lurralde konkistatu bat bezala tratatu dute 65 urteotan, eta bertako herritarrak bigarren mailako biztanle gisa», dio Alim A. Seytoff Uigur Giza Eskubideen Egitasmoa ekimenaren buruak. Txinatarren migrazio politikak eman du fruiturik azkenaldian: egun uigurrak % 45 dira eta % 40 dagoeneko han etniako txinatarrak.

«XXI. mendean okerrera egin du egoerak», aipatu du Dolkun Isa Munduko Uigur Kongresuko idazkari nagusi eta Rebiya Kadeer buruzagi historikoaren ordezkariak Alemaniako erbestetik. «Nik uigurreraz ikasi nuen unibertsitatean, baina 2003tik debekatuta dago. 2006an uigurrerazko irakaskuntza guztia, haur-hezkuntza bera ere, kendu zuten. Hori Txinako konstituzioaren aurka ere badoa, legeen aurkakoa da, baina han Alderdi Komunista konstituzioa baino indartsuagoa da».

Gatazka armatua

2008an, Beijingo Olinpiar Jokoak hasi baino lau egun lehenago, hamasei polizia hil zituzten Kaxgarren labanaz egindako atentatuan. Handik urtebetera, uigur matxinada lehertu zen, Urumtxi hiriburuan uztailean, eta eskualde osoan irailean. Ordutik, okerrera egin du egoerak, eta Xinjiang bertatik kanpo ere izan dira atentatuak.

Beijingek «nazioarteko terrorismoaren» eremuan kokatu du auzia. Munduko Uigur Kongresuak erabat ukatzen du halakorik. «Edozer dela, manifestazio baketsua ala iritzi-artikulu bat izan, Txinak separatismoa egotzi eta terroristatzat hartzen zaitu. Ni hirugarren zenbakian nauka terrorista arriskutsuenen zerrendan, bizi osoan bonba bat ikusi ez badut ere», dio Dolkun Isak, aitortzen duen arren jihadismoak nabarmen egiten diola kalte euren kausari.

«Zapaldutako edozein herri uneren batean altxatu egingo da zapaltzaileen aurka. Horregatik matxinatu dira uigurrak Txinaren aginte kolonial baztertzailearen aurka. Ez du inolako zerikusirik estremismoarekin edo jihadarekin», dio Washingtondik Seytoffek. Baina ezaguna da Al-Qaedarekin bat egin dutela hainbat uigurrek, Afganistan zein Sirian. «Ez dakit datu horiek egiazkoak diren, ez dut ezetzik esaten, baliteke burua jan dieten batzuk jihadismoarekin bat egin izana, Frantzian, Erresuma Batuan edo Alemanian ere gertatu den legez. Baina Txinak hori darabil argudiatzeko terrorismoaren biktima dela», azaldu du Dolkun Isak. Munduko Uigur Kongresuak zalantzan jarri du ETIM erakundea (Ekialdeko Turkestaneko Mugimendu Islamikoa) egiazkoa ere ote den, Txinak, Errusiak zein Ameriketako Estatu Batuek talde terroristen zerrendan sartu arren.

Presioa

«Uigurrok inoiz ez dugu erlijio arazorik izan. Islamak denbora luzea behar izan zuen gurean, eta ez da sunita edo xiita, sufismo moduko bat da, bertakoari lotua errebelazio baten moduan, Asia erdialdean ohi denez. Nahasita dago xamanismo zaharrarekin, zerua eta natura gurtzearekin», dio historialaria ere baden Kaiser Özhunek. «Beraz, zergatik egungo arazoa? Oso gai minbera bihurtu da, baina egin kontu, Txinatik irteteko bide bakarra zein den: Pakistan, Afganistan eta Asia Erdialdea, mendi altuak daude, eta, bestalde, barnean dagoen presioaren ondorio ere bada, lurrik, hizkuntzarik, eskubiderik edo justiziarik gabe, jende batek itxaropen bakarra Jainkoagan aurkitu du».

Human Rights Watch eta Amnesty International erakundeek aitortu izan dute Txinaren bazterketa politikek uigurren artean sortu izan duen ezinegona. «Txina uigurren arteko zenbait erradikalizatzeko asmoz ere badabil, aitzakia terrorista erabiltzeko». Erlijioa bereziki jomugan jarri du Beijingek azken hilabeteetan abiarazitako operazioak: beloa erabiltzeko debekua, saltokietan alkohola izan beharra edo polizia-kontroletan gazteei telefono mugikorrak miatzea mezu islamikoen bila. «Uigur izatea bera delitu bihurtzen du, birritan pentsatu behar duzu zer esan, izena bera oztopo da, bizarrak edo biboteak susmagarri bihurtzen zaitu... Etengabea da arrazakeria» dio Özhunek. «Ekialdeko Turkestan polizia-estatu bat da. Ez du gerra egoerarik, baina uigurrentzat munduko kontzentrazio esparru handiena da; egunero beldurrez bizi dira Txinako agintariek zer arautuko», nabarmendu du Seytoffek.

Zetaren Bidea

«Itsukeria inperiala erakusten ari da Txina Xinjiangen. Gobernutik inolako beharrik gabe datozen neurriak, arropa ere arautzeraino, umiliazioaren oroigarri dira uigurrentzat. Antza segurtasun indarrek ez dute ikasi orain artean kale egin duten politikekin», dio Ben Reynolds analistak. Eta horri, migrazio politikak gehitzen zaizkio, Gobernu zentralaren agintea sendotzeko ezinbesteko neurri gisa.

Gertatzen da, baina, Xinjiang edo Ekialdeko Turkestanek berriro lortu duela hainbat mendetan Eurasian izandako zentralitate geopolitikoa. 2013an Xi Jinpingek “Zetaren Bide Berria” ekimena iragarri zuen, Txinaren eragin ekonomiko eta diplomatikoa Asia Erdialdera eta Ekialde Hurbilera hedatzeko asmoz. Errepideak, trenbidea eta oliobideak, sare oso bat aurreikusi du Beijingek Kazakhstan, Kirgizistan, Tajikistan eta Iranen barna Turkiaraino iristeko. Egun petrolio-esportazioen erdiak baino gehiago itsasoz dira, eta Ameriketako Estatu Batuekin lehia gero eta handiagoa du Txinak kostaldean. Energia iturri berriak lurrez garraiatu beharraz jabetu da, eta, horretarako, ezinbestekoa du Xinjiang. Baina, era berean, uigur ekintzaileen jomuga dira Beijingen azpiegiturak.

Beste ondorio bat, Asia Erdialdeko gobernuen jarrera izan da. Kazakhstanen, Almatyn eta Txinako mugan bereziki, ehunka mila uigur bizi dira. Berdin Kirgizistanen. «Herrien artean ez dago inolako arazorik. Baina Asia Erdialdeko gobernu asko ez dira bereziki demokratikoak, eta negozio handiak dituzte Beijingekin», dio Kaiser Özhunek. «Hizkuntza partekatzen dugu herri horiekin, baina gobernuek gero eta estuago hartzen gaituzte. Kultur ekitaldiak egiteko askatasuna dute uigurrek, musika, tradizioak, erlijioa... jorratzeko aukera, baina ez politikoki mugitzeko. Hainbat buruzagi politiko estraditatu dituzte Txinara, Beijingek espetxeratu edo exekutatuko zituela jakinda ere».

Konponbidea, urrun

Iazko irailean Ilham Tohtik, Beijingo nazionalitateen unibertsitateko irakasle uigurrak, bizi arteko espetxe zigorra jaso zuen «separatismoagatik». «Sekula ez zuen erregimena kritikatu, are gehiago, bere aholkularia zen, baina gatazka konpontzeko oinarrizko proposamen bat idatzi eta atxilotu egin zuten», dio Dolkun Isak. Alim A. Seytoffen ustez, «uigur baketsu eta moderatuena era horretan tratatzen badu, argi dago Txinak uko egiten diola uigurrekin bakezko konponbide bat lortzeari». Eta Tohtiren profila nabarmendu du: «Ekonomia irakaslea da, Txinako gobernuaren politika baztertzaileen kritiko moderatua; arraza-bazterketa alboratu eta konponbide arrazionalak aurkitzeko esan izan die txinatar buruei. Uighurbiz webgunea sortu zuen uigurren eta han txinatarren arteko ulermen interetnikoa eta adiskidantza sustatzeko; oso gune errespetatua da, bai akademiko uigurren zein hanen aldetik. Eta Txinako agintariek, uigurrekiko politika okerrak zuzendu nahi dituen txinatar leial gisa hartu ordez, bazterrak nahasi nahi dituen arantza gisa ikusi dute».

Ilham Tohtiren aurkako zigorra 2009tik okertzen ari den gatazkaren aurrean Beijingen duen jarreraren adierazle litzateke. Funtsean, 90eko hamarkadara arte uigurrek euren hizkuntzan ikasi eta bizitzeko zeuzkaten eskubideak berreskuratzea eskatzen zuen, eta Xinjiangen bertako biztanleen aurkako bazterketa amaitzeko neurriak hartzea; «Txina bera ari baita sustatzen tentsioa asimilazio-politikarekin. Txinatarrei dei egiten diete Xinjiangera joateko, lana eskatzerakoan argi esaten dizute ez dela uigurrentzat, eta, azkenean, gorrotoa lehertzen da», dio Dolkum Isak.

Tentsioa baretu eta nolabaiteko autonomia egitasmorik garatzerik ez dago Beijingen agendan gaur-gaurkoz. Han etniako biztanleak gero eta gehiago izanik, Ekialdeko Turkestaneko independentziak ez dirudi berehalako auzia. «Ni itxaropentsua naiz», adierazi du Munduko Uigur Kongresuko idazkari nagusiak, «kanpotik ez da ikusten, baina auzia ez da uigur edo tibetarrena soilik. Txinan bertan, badago belaunaldi berri bat ustelkeriaz nazkatuta dagoena. Eta Txinara demokrazia datorren unean, autodeterminazioaren bidea hartuko dugu uigurrok gure etorkizuna erabakitzeko».

Kaiser Özhun

 

«80ko hamarkadan txinatarrek uigurreraz ikasi behar zuten. Gaur egun ia debekatu egin dute gure hizkuntza»

PEN International idazle elkartean, PEN Uyghur taldeko lehendakaria da Kaiser Özhun. Suedian bizi da, eta urteak daramatza etxera itzuli gabe, nahiz eta ez den beti horrela izan beretzat. «Klase altuko familia batean jaio nintzen Atush inguruan, Alderdi Komunistakoa nuen aita». Baina nabari zuen Txinako eguna ez zutela ospatzen, «arrotza zitzaigun». Eta Malaysian ikasketak egiten ari zela, independentzia eguna ezagutu zuen. «Herriek libre izateko eskubidea dutela argi ikusi nuen han, negar egin nuen, eta erabat jabetu nintzen Txinaren gezurrez».

Zure herrialdean gatazka okertzen ari da, tentsioa gora doa. Baina bestelako esperientzia izan zenuten duela ez hainbeste urte, oker ez banago.

Ofizialki txinatarrek “Xinjiang” eta guk “Ekialdeko Turkestan” deritzogun herrialdean jaio nintzen. Ikasle garaian, 80ko hamarkadan, demokraziarik ez bazen ere, orain baino eskubide gehiago nituen. Egin kontu, 1884rako bagenuela lehen eskola modernoa, Krimeako tartariarrek hizkuntza turkiarretan lehena 1883an sortu eta urtebetera. Eta ehun urte baino gehiagoz eutsi genion. Uigurreraz egin nituen ikasketak, lana uigurrentzat zen lehendabizi gure herrialdean. Eta gure eskualdera etorri ziren han etniako txinatarrek uigurreraz ikasi behar zuten, argi zegoen eskualde autonomoko gehienen hizkuntza ikasi behar zela.

Eta gaur?

Egun amaitu da hori guztia. Unibertsitatean hizkuntza eta literatura besterik ez daude uigurrez, gainontzekoa mandarineraz da. Asimilazio-politika izugarria da. Tristea da, belaunaldi zaharrenak baino ez daki zeinen historia aberatsa izan dugun, gainontzekoek erbestera jo behar dute horretarako.

1989ko Tiananmengo buruzagietako bat uigurra zen, Li Pen lehen ministroari aurrez aurre errieta egin zion Örkesh Dölet ikaslea. Handik gutxira mandarinerazko eskolak hasi ziren, ikasleek ulertu ez arren. Gaur, telefonoz hitz egitean, gazteak harritu egiten dira, etxeko hizkuntza bihurtu baita uigurrera. Unibertsitatean sartzeko azterketa ere mandarineraz da. Jendea ez dago horren aurka, baina uigurrerazko irakaskuntza debekatu gabe. Izan ere, egun gure alfabetoa ere galarazi dute.

Adierazpen askatasunaren aurkako eraso ugari salatu dituzue. Ilham Tohtirena da ezagunena.

Bai, baina ez da bakarra. Idazle, poeta eta kazetari ugari espetxeratu dituzte. Nurmuhemmet Yasinek “Uso askea” ipuina idazteagatik zigortu zuten. Hamar urteko espetxealdia ezarri zioten, bete du, baina ez dakigu non dagoen, bizirik dagoen ere ez dakigu. Hainbat idazlek, giza-eskubideen erakundek azaldu du kezka, baina ez dakigu ezer Yasini buruz.

Ilham Tohti, berriz, gure kasu nagusia da; oso zigor gogorra jaso du. Sinestezina da Ilham Tohtirekin gertatzen ari dena. Uigurren eta han txinatarren arteko zubigile nagusia izan da, betiko Txinako legeen arabera jokatu du, eta independentzia baztertu du. Uigurrak errespetatuko dituen Txina bat aldarrikatzeagatik zigortu dute.