Maider Iantzi Goienetxe

«AMODIOAREN ZIEGA», BISEAN BISEKO BATEN KONTAKIZUNA ANTZERKI BIDEZ

Bisean biseko baten elkartzen diren Aitor eta Mirenen istorioak antzokiak bete ditu, euskal publikoa ukituz eta ikusleen barrenean zerbait mugituz. Lauka Teatroak hamahiru emanaldi egin ditu oraingoz, harrera beroa jasoz. Hurrengo «boloak» Elorrion eta Oiartzunen dituzte.

Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiko muxuek olio usain gozoa utzi digute. Joana Ocaña agertu zaigu lehenbizi, aurpegia koipeztatu berri, eta haren atzetik, oihala zeharkatuz, Nazaret Froufe, Urki Muguruza eta Eneko Sagardoy kideak. Antzezten hasteko egun osoa gelditzen zaie oraindik, baina goizean goiz etorri dira dena mimoz prestatzeko, argiak, soinuak, atrezzoa, beren buruak… GAUR8rekin solasaldi lasai bat izateko tartea ere hartu dute, koltxoneta gainean jarrita.

Ocaña eta Sagardoy gurekin geldituko dira; Muguruza eta Froufe, aldiz, sartu-irtenean ibiliko dira, talde artistikoarekin batera aretoa teknikoki egokitzen ari direlako. «Antzerkiak ere badauka ikusten ez den asko».

Aitor preso dago. Miren bikotea bisitan doakio. Aurrez aurreko bisita da, bisean bisekoa. Konturatu gabe doa denbora. Amodioa dute eginkizun, baina gorroto dituen hark prestatu die hitzordua. Noiz arte irauten du maitasunak? Zergatik besarkatzen dute elkar maitaleek? Nola aldatzen dira ametsak barruan eta kanpoan? Eta beldurrak? Maitasunaren haririk hauskorrenak eta indartsuenak agerian gelditzen dira amodioaren ziega honetan.

Horixe da obraren argumentua. Zirrikitu bat irekitzen dute ziega batean, eta intimitatea publiko bilakatu, gatazkaren barreneko istorio bat kontatzeko, ez kartzela bizi duten bikote guztiena, baizik eta batena, Aitor eta Mirenena. Horrek aunitz arintzen die karga, ezin baitute errealitate guztiaren zama gainean eraman. Lana mugatuko lieke. Gainera, bizipenak bakoitzarenak dira eta ezinezkoa da denak jasotzea. Baina, mapa handi baten zatitxo batekin, humanitatea erakusten dute.

Bisitatik zuzenean emanaldia ikustera

Antzezlana prestatzen ari zirenean egoera beren azalean sufritu duten lagunekin kontrastatu zuten, fidelak izaten ari ziren eta errealitatera hurbiltzen ari ziren jakiteko. Gero, preso egondakoek zein senideek ikusi dute eta negar ugari egin dute. Identifikatuta sentitu dira eta antzezleentzat polita izan da euren ahotik «horrela da» aditzea.

Obra «gordinegia» iruditu zaiola ere erran die bikotekidea preso duen lagun batek, bisitatik zuzenean Durangoko emanaldira etorrita. Ez dira joan egoerak «ez bortitzegi ez lightegi erakustera», eta «gaia elegantziaz tratatu izana» estimatu diete ikusleek.

Xabier Mendigurenek duela hamar urte idatzi zuen liburua du oinarri antzezlanak. Testua ia bere horretan utzi dute eta Mendigurunek berak gaiaren inguruan idatzitako poema batzuk gehitu dizkiote. Beste eszena batzuk inprobisaziotik atera dira. Gaurkotasun zertzeladak sartu dituzte, adibidez krisia, Willis Drummond musika taldea edo Whatsapp aplikazioa aipatzen dituzte, «hamar urtetan, zoritxarrez, arazoa ez delako aldatu baina beste gauza batzuk bai». Eguneroko gauzak txertatzea obra eurena egiteko erabili duten baliabidea da. Bikote baten egunerokotasuna izan liteke ziega batean ez baleude. Pertsonen izaera adierazten dute. Ihes egiteko planak egiten dituzte, eta etorkizunean eginen dutena amestu.

Antzezleek diotenez, bisitek kutsu sinbolikoa dute, batzuei urrun dagoen zerbait iruditzen ahal zaie, baina egunerokoa kontatzean, pertsonak direla konturatzen dira. «Berezia bizi ez dugunontzat da, baina haientzat egunerokoa da». Gaiak erabateko gaurkotasuna du, baina orain arte ez da oholtzara eraman.

Maitasunaz eta loturez hitz egiten da, eta, «zoritxarrez, hain errotuta dugun maitasun erromantiko hori» berresten da. Batek bertzearen beharra du. Egia da kasu berezia dela, baina kalean bertan ere kartzelak topa ditzakegu. Maitasunak irabaz diezaioke kartzelari? Harreman batek iraun dezake hor?

Erlazioa kolokan jarriz gero...

Joana Ocañak aipatu du zenbat begi dituen gainean batek kalean harremana mantentzea ala ez erabakitzerako orduan, berau kolokan jarriz gero. «Zer moduz Aitor?», galdetzen diote Mireni kanpoan. «Bisitan joango zara?». «Nork galdetuko du nigatik?», pentsatzen du neskak. Bat ez da ausartzen harremana zalantzan jartzera.

Oihana Etxebarrietak tesia landu zuen espetxeko harreman afektibo eta sexualen inguruan. Bikotekidea kartzelan izan zuen eta lagun batek galdetu zion zinez harremana aurrera eramateko gai zen. Momentuan mindu egin zuen Etxebarrieta harremana zalantzan jartzeak, baina gero izugarri eskertu zuen lagunak hori galdetzea.

Moztuko balu neskari ze mezu iritsiko litzaioke? «Nola egin diozu hau?» erranen liokete beharbada, apurketak drama gisa hartzen direlako. “Amodioaren ziega” lanean teatroaren bidez ikusarazten dute egoera, gizatasunez eta duintasunez. Edonor etor daiteke ikustera, Gernikako Lizeo Antzokiaren atarian, kaleko loreontzi erraldoien ondoan argazki saioa egiten ari direla gauean emanaldia eskainiko duten antzezleak diren galdetu dien emakumea kasu.

 

Kondairaren jolasa

“Chambre d'amour” Angeluko kobazuloaren kondaira erabiltzen du baliabide gisa Xabier Mendigurenek bere liburuan. Bi maitaleren istorioa da. Egun batean, urak espero baino azkarrago igo eta preso gelditu ziren elkarrekin egoten ziren haitzuloan, bisean bisekoan batzen den bikotea bera bezala. “Amodioaren Ziega” lanean ere bi pertsonaia daude, baina lau aktore. Bikotea bikoiztu egiten da: batek, berdez jantzita oholtzaren erdian, ohea dagoen lekuan agertzen denak, bihotza irudikatzen du, eta, bertzeak, arropa granatearekin kanporago dagoenak, burua. Buruak errealitatea jartzen digu muturren aurrean; bihotzak, aldiz, oraina bizi nahi du. Inpultsoak, pasioak eta behar afektiboak ditu. Haragizkoagoa da.

Preso dagoenak beharrizanak ase nahi ditu, fisikoak, afektiboak eta kanpoko berri eta bizipenekin dituen hartu-emanekin lotutakoak. Bisitan doanak, berriz, ahalik eta hoberen pasa nahi du momentu hori, ez du hondatu nahi gauza txarrekin. Barruko bihotzari denbora arin doakio; aldiz, buruak motxila bat darama. Eta barruko bikotea erratera ausartzen ez dena kanpokoak erraten du.

Buru-bihotzen jolas horretan nahasten hasten dira pertsonaiak, hori baita bizitza, bi argi horiek piztu eta itzaltzen ibiltzea. Hegan eramaten gaituena eta sokatik tiratzen duena, biak behar dira oreka lortzeko. Batzuetan, ez dira bat etortzen burua eta bihotza. Antzezlanean, momentu batean eztabaidan hasten dira bi mutilak, Mireni gauza bat nola kontatu erabakitzean. Adierazgarria da une batean bi neskek begiradarekin nola bat egiten duten ere. Bikotea bikoiztu egiten da, baina, aktoreek diotenez, «x8 edo x100 ere egin zitekeen». Oihartzunak dira.

Ziega batean ikusten ditugu laurak. Barrukoak ez dira ateratzen. Miren komunera doa une batean, eta bisita bukatzean ere ateratzen da, baina Aitor une oro barruan dago. Nazaret Froufe eta Eneko Sagardoy burua dira eta Joana Ocaña eta Urki Muguruza bihotza. Azaldu dutenez, banaketa ez da kasualitatea.

Xabier Erkiziak landutako soinu espazioan, esanguratsuak dira kartzelako hotsak, atea aditzen da zabaldu eta ixten, horma irudikatuz. Eta, lehen aipatutako kondairarekin lotuta, kontrapuntu ederra da itsasoaren doinua. Ziega itxia eta itsaso zabala, kontatzen ari direna itsaso bat delako ere bai.

Obran umore puntuak ere badaude. Hunkitzetik alai egotera igarotzen dira pertsonaiak, eta, beraiekin batera, ikusleak. Mutur batetik bertzera pasatzeko gaitasuna agertzen da eta horrek jendea harrapatu egiten du. Maitasuna ez da sinesgarria dena barrea edo negarra bada.

Keinu polit batzuk ere egiten dizkiote publikoari, herri bakoitzera egokituz. Aitorrek lagun bat zer moduz dagoen galdetzen dio Mireni, eta honek «orain Amoroton bizi da» erantzuten dionean, «orduan gu baino inkomunikatuago dago», botatzen du mutilak. «Konektatzeko gertutasun zaplazteko bat ematen diezu eta engantxatzen dira», diote aktoreek.

Isiltasun pisutsu bat sentitu izan dute eta horrek pixka bat beldurtu edo urduritu ditu. Jendea hagitz sartuta egon den seinale. Bertzetan, lehen txistean irri algara handi bat aditzean, indarrak neurtu behar izan dituzte, komedia bihurtzeko arriskua dagoelako. Azken entseguan egin bezalakoa da antzezlana, baina publikoa entzun behar da. Oreka bilatuz hemen ere, ezin direlako ikusleen hain menpeko izan.

Lau hankatara edo lau eskutara

Aulestin, Artedramaren Euskal Antzerki Topaketetan ezagutu zuten elkar lau aktoreek, eta 2013ko udaberrian loratu zen Lauka Teatroa. «Jaioberrien antzera, lau hankatara edo lau eskutara goaz urratsak emanez, beraiek bezala bizitza esploratzeko grinaz eta kuriositatez». “Amodioaren ziega” da elkarlanaren lehen fruitua.

Manex Fuchsek ekarri zizkien testuak eta lau aktoreak jostatzen hasi ziren. Obra bera bosgarren elementu bat izan zela diote. «Testuak berak gu aukeratu gintuen edo guk testua, ez dakigu». Fuchsek lan hau elkarrekin egin behar zutela erran zien eta hala abiatu ziren. Ander Lipus taula zuzendaritzaz arduratu zen, Arantza Flores argiztapenaz eta teknikaz, Iker Nafta jantziez eta Itziar Bastarrika argazki eta bideoez. Diseinu grafikoa Nagore Txintxurreta eta Joana Ocañak egin zuten eskuz esku.

Muguruza zarauztarra da, Froufe berriztarra baina Durangon bizi da eta Ocaña eta Sagardoy durangarrak dira. Azken herri hori dute, beraz, topaleku normalean. II. Zubi proiektua irabazi zuten eta horri esker lan egin ahal izan dute «baldintza duinetan». Halere, «oinarria da» eman dietena, eta «gehiago behar da, gaur egun ez baitago erraztasun askorik sorkuntza prozesu bat martxan jartzeko». Ez dute aukera galdu nahi izan antzokiak «hain hutsik» ikusteak arduratuta dauzkala azaltzeko. Obra honekin aretoak betetzen ari dira, baina orokorrean ez da hori gertatzen. Jendeari eskatu nahi diote antzerkira joateko apustua egiteko, bertzeak bertze freskoa eta atsegina delako. «Jendea ez badator aukera gutxiago izango dira ikusteko. Publikoak erantzukizuna dauka».

“Amodioaren ziega” publiko guztiarentzat da, euskaldunei zuzendua. Otsailaren bukaeran estreinatu zuten eta hamahiru bolo egin dituzte lau hilabetetan. «Oso ondo dago». Gaiak sozialki indarra izateak zerikusia du horretan.

Istorioa zabaltzea xede

«Antzerki sozialetik dator gure habiatxoa eta sentsibilitate edo ardura txiki bat badugu. Herri antzerkitik gatoz eta konpromiso bat daukagu», agertu dute, normalean, programatzen dena komedia dela kritikatzearekin batera. «Publikorik ez badator, non geratzen da istorioa?», galdetzen dute.

Xedea jendeak istorioa etxera eramatea da. «Hamar edo 200 ikusle egon, guk dena emango dugu, baina egia da zenbat eta pertsona gehiago etorri orduan eta gehiago zabalduko dela istorioa. Teatroak hori behar du», aldarrikatu dute. «Ez dakit galtzeko arriskuan dagoen animalia bihurtuko den antzerkia. Bizirauten gabiltza», azaldu du kezka Ocañak.

Animatzen denarentzat, honakoak dira oraingoz lotuta dituzten hitzorduak. Ekainaren 5ean, heldu den ostiralean, Elorrion; 7an, Oiartzunen, eta, 12an, Iurretan. Urrian BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdian antzeztuko dute obra.

Agurtu eta bazkaltzera doaz aktoreak. Ohe bat da beren atrezzoa eta horrek siestatxoa egiteko aukera emanen die agian. 17.00ak aldera beroketa eginen dute eta gero bakarka egoteko denbora hartuko dute. Berriro batu eta oholtzara aterako dira, «dena ematera». Emanaldiaren ondotik ere jarraituko dute. Afaldu, furgoneta kargatu eta etxerako bidea egin behar dute. Hurrengo egunean bukatuko da «boloa».