Jose Angel Oria
DESBERDINTASUNAK GORA

Pobreenen eta dirudunenen arteko aldeak gora egin du etengabe azken 30 urteotan herrialde aberatsenetan

Herritar pobreenen eta aberatsenen arteko aldeak gora egin du etengabe azkenengo 30 urteotan munduko herrialde aberatsenetan. Begirale aurrerakoiek askotan salatu duten fenomenoaren berri OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak eman du oraingoan, hau da, «herrialde aberatsen klubak», bere interesen aurkakoa delakoan baitago.

Ezberdintasunak hazkunde ekonomikoa oztopatzen duela diote Jose Angel Gurria kolonbiarrak zuzentzen duen erakundeko adituek, eta arazoa konponbidean jartzeko etxeko lanak jarri dizkiete munduko gobernuei: gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna suspertuko duten neurriak hartzeko, lanpostuen egonkortasunari lehentasuna emateko eta formazio ekimenei langilearen bizitza osoan eusteko.

OCDEko adituek egindako txostenak dio herrialde aberatsenetan baino gehiago hazi dela ezberdintasuna garabidean diren potentzietan, suspertzen ari diren herrialdeetan, alegia.

Hazkunde ekonomiko handiko herrialdeetan hori gertatzea normala dela diote adituek, ez litzaiokeela garrantzia handirik eman behar. Txina, esaterako, ezberdintasun handieneko herrialdeen artean ageri da Gini koefizientearen arabera egindako sailkapenetan: 1984an 0,270 koefizientea zuen Asiako erraldoiak; 2004an, 0,465ekoa; eta 2010ean 0,61ekoa. Gero eta okerrago, beraz.

Txina eta Brasil

Gini koefizienteak 0tik 1era bitarteko balioak hartzen ditu: 0 erabateko berdintasuna da eta 1, berriz, erabateko kontzentrazioa, ondasun guztiak pertsona bakar baten jabetza izango balira bezala; horrela, zenbat eta handiagoa izan koefizientea, banaketan ezberdintasun handiagoa dagoela ondorioztatzen da.

Txinaren kasuan, ezberdintasunak gora egin du ez pobre gehiago edo herritar pobreagoak daudelako, ikaragarri aberastu diren herritarren kopurua asko hazi delako baizik. Joera horretan arazo handirik ikusi nahi ez dutenek diote Deng Xiaopingek berak esaten zuela herritar batzuk aberastu behar direla aurrena, gero besteek aberasteko aukera izan dezaten. Baina herrialdeko sare sozialetan txinatar erabiltzaileek adierazten dute esaldiaren bigarren zatia ez dela betetzen ari gaur egungo Txina handian, eta pobreak gero eta okerrago daudela.

Brasil ere antzeko egoeran dago. Lula Da Silva PT Langileen Alderdiko burua presidente kargura iritsi zenetik milioika lagunek atzean utzi dute pobrezia, eta ezberdintasunak behera egin du, baina oso handia izaten jarraitzen du. OCDEk berak emandako datuen arabera, eguna pasatzeko bi dolar baino gutxiago zuten herritarrak populazioaren %23,2 ziren 2002an, eta %5,9 besterik ez 2012an.

Afrika non kokatu?

«Erdi mailako klase berria» sortu da Latinoamerikako potentzia nagusian eta milioika herritar horiek barne kontsumoak gora egitea eragin dute. Adituek diote brasildar askok auto edo moto berria erosteko moduko egoera ekonomikoa dutela orain. Hala ere, ezberdintasuna AEBetakoa (OCDEko estatuen artean ezberdintasun gehien dutenen artean dago) baino askoz ere handiagoa da Brasilen, eta, adituek egin dituzte kalkuluen arabera, egungo erritmoari eutsiz gero, hogei urte beharko lituzkete estatubatuarren parera iristeko. Brasilen kasuan, OCDE-k hezkuntzaren kalitatea hobetzeko gomendatu du, arlo horretan oso egoera negargarrian baitago, batez ere irakasleek behar adinako gaitasunik izaten ez dutelako.

Beraz, Gini koefizientearen arabera alderaketak egiteak arazo ugari ditu, oso ezaugarri eta bilakaera ezberdineko herrialdeak kontuan hartuz gero.

Gauza bera ikusten da Afrikako herrietan: kasu askotan datu fidagarririk ez dute, edo orain hogei urteko datuak dira. Begien bistakoa da kontinentean sekulako ezberdintasunak daudela: alde batetik, tenplu ikaragarrienak (munduko meskita eta eliza katolikorik handienak bertan daude, Marokon lehenengoa eta Boli Kostan bestea) eraiki dituzten agintari ustelek zenbat ondasun pilatu dituzten ere ez dakite, eta, aldi berean, kontinenteko eremu askotan ezkutuko ekonomia da nagusi, zergarik ordaintzen ez duen bizirauteko nekazaritza, familia aurrera ateratzea beste helbururik ez duen jarduera. Nola alderatu bi egoera horiek? Gini koefizientea nola aplikatu hain muturrekoa den egoera batean?

Krisia, zein krisi?

Beraz, OCDE erakundearen ezberdintasunari buruzko txostena, klub horretako kideen egoerak aztertzen dituenean da baliagarri. Eta marrazten digun fenomenoa, kezkagarria izateaz gain, egungo munduaren bilakaera ulertzeko ere oso lagungarria da (34 herrialde horien artean mundu osoan merkaturatzen diren produktuen %70 inguru ekoizten dituzte), planetan edozein neurritako krisia gertatuta ere, aberatsenek gehiago aberasteko duten joera ez baita batere aldatzen.

OCDE erakundean sartuta dauden 34 herrialdeetako populazioaren %10 aberatsenak %10 pobreenak halako 9,6 irabazten du gaur egun; 1980ko hamarkadan, halako 7,1; eta 2000n, halako 9,1. Beraz, 7,1; 9,1; 9,6… zenbat aberastu behar dira aberatsenak lo lasai egin ahal izateko? «Une larrira iritsi gara. OCDE erakundeko herrialdeetan fenomenoa neurtzen hasi ginenetik, ezberdintasuna ez zen inoiz hain handia izan», nabarmendu zuen Gurriak Parisen txostena aurkeztu zuenean.

Marianne Thyssen Europar Batasuneko Lan komisarioa ondoan zuen kolonbiarrak kontinente horretako exekutiboei mezu argi bat bidali zienean: «Ezberdintasunen arazoari aurre egiten ez badiote, gobernuek beren herrialdeetako sare soziala ahulduko dute eta era horretan epe luzeko hazkunde ekonomikoa kinkan ipiniko dute», adierazi zuen.

Datu bat ere eskaini zuen Gurriak ezberdintasunak hazkundean duen eragina adierazi nahian: OCDEko bazkide diren 19 herrialdetan (besteetan ezin ziren ikerketa horiek egin, 1985ean oraindik erakundetik kanpo zeudelako), 1985etik 2005era bitartean ezberdintasunak gora egin izanak eragin zuen 1990etik 2010era bitarteko hazkunde ekonomikoa %4,7 murriztea.

Thomas Piketty ekonomialariak “Capital in the 21st Century” (Kapitala XXI. mendean) liburuan esplikatu duenez, horrenbeste ondasun pilatu izanak beren ondorengoek ere pribilejiozko posizio horri eustea bermatzen die gizaki gutxi batzuei, «oligarkia berria» osatuz, “guztiok” ordaintzen dugun Estatuaren laguntzarekin (guztiok dirudunak beraiek ezik, aberatsenak baitira bazter guztietan iruzur fiskal gehien egiten dutenak).

Pikettyren arrakasta

Pikettyren lanak sekulako arrakasta izan du AEBetan zein Europan. Zergatik? Vicenç Navarro irakasle katalanak idatzi du herritarrok pilatu dugun haserrearen ondorio dela liburuaren arrakasta: ezberdintasunak berak eta, batez ere, ikaragarri aberats diren horiek eragiten duten haserreak, alegia.

«Gaitzespen maila inoiz baino gorago dago une honetan –idatzi du irakasle beteranoak– . Europar Batasuneko herrialdeetan, esaterako, ezberdintasuna handiegia dela dioten herritarren proportzioa %78koa da; harrigarria bada ere, ia AEBetako proportzio bera (%72). Herritarrak dirudun horiekin nazka-nazka eginda daude, eta aberatsentzat beraientzat okerragoa dena: jendeak ez du uste norberaren posizio soziala merituen araberakoa denik, hau da, herritarrek ez dute uste aberatsek hain aberats izatea merezi dutenik, ez baitaude posizio horretan egindako merituengatik, oso aberats jaiotzeagatik baizik».

AEBetako Occupy Wall Street izeneko giza mugimenduak guztiok ulertzeko moduan adierazi zuen aberatsenen eta pobreenen (edo pobretuenen) arteko gatazka, «kapitalisten klasea» eta konnotazio negatiboak omen dituzten tankerako espresioak erabili beharrik gabe: «%1», horixe baita ikaragarri aberatsen ehunekoa gizartean, gutxi gorabehera.

Arabiar Udaberriak eragindako giroan Madrilen sortu zen 15M mugimenduak (maiatzaren 15a) inspiratu zuen New Yorkekoa, oso egoera ezberdineko lekuetan ere bat egiteko eta batera aritzeko aukerak sortzen direla erakutsiz. Munduan bizi dugun aro berriaren ezaugarrietako bat, itxaropena eragiteko modukoa.

Ditxosozko %1a

Edonola ere, New Yorkeko ekintzaileek aipatzen duten %1 horretan, konpainia handietako jabeekin batera, «kapitalaren kudeatzaileak» ere badaude, bankariak esaterako.

Populazioaren zati horren irabazien bilakaerari erreparatzeak egoera hobeto ulertzen laguntzen du. Horrela, 1979an AEBetako gizarte osoaren irabazien %8 eraman zuten, eta handik 28 urtera, 2007an, %17. Bikoitza eta gehiago, eta, noski, markak hausteko borondatearekin jarraitzen dute gainera.

Nolaz horrenbesteko hazkundea? Globalizazioaren ondorioa al da? Teknologia berrien garapenak eragindako fenomenoa, agian? Tankerako interpretazio ugari egin dira hedabideetan, ezberdintasun ekonomikoak politikarekin zerikusirik izango ez balu bezala.

Europako iparraldean ditugu ideia horiek hankaz gora botatzeko moduko argudio indartsuak. Bertan soldata handiak dituzte langileek (Euskal Herrian baino askoz handiagoak behintzat) eta zerbitzu sozial sare indartsua dute, nahiz eta herrialde horiek erabat globalizatuta dauden.

Izan ere, zerbitzu sozialek ezberdintasunak murrizten laguntzen dute, ondasunaren tartaren zati bat pobretuenei emanda. Beraz, Suedia, Norvegia eta Danimarka bezalako herrialdeetan oso argi ikusten da garrantzitsuena ez dela globalizazioa bera, globalizazio hori nola egiten den baizik.

Eta arlo horretan politikariek dute erabakia; beraien esku dago behekoen interesak babestea edo goikoen interesei erreparatzea erabakitzea. Politika kontu bat da desberdintasuna, ez Jainkoak ezarritako «hondamendi naturala»!

U handia

Ezkerretik, berriz, Karl Marx zaharrak asmatutako kontzeptuak erabili ditu analista batek baino gehiagok XX. mendean gertatu zena esplikatzeko. Klase-borroka, alegia. Kapitala alde batean eta lan mundua bestean: %1a beste %99aren aurka?

Emmanuel Saez Kaliforniako Berkeleyko Unibertsitateko ekonomialariak orain zazpi urte argitaratu zuen ikerketa batek zenbakiak jarri zizkion desberdintasunaren fenomeno arriskutsuari. Desberdintasun sozialak neurtzeko, ekonomialariak AEBetako populazio aberatsenak urte bakoitzean herrialdeko aberastasun guztiaren zein ehuneko pilatzen duen azaltzen du grafikoan. Zehatzago esateko, AEBetako populazioaren %10 aberatsenak metatu duena erakusten digu koadroak.

Grafikoak 1917. urteaz geroztik AEBetako populazioren %10 aberatsenaren «metatze indizea» adierazten digu. Bertan ikus daitekeenez, 1917 eta 1928 bitartean, sektore horri dagokion AEBetako aberastasunaren ehunekoak gora egin zuen, %40tik %49ra.

1920ko hamarkadan hasitako krisi ekonomiko larriak eta amaiera eman zion Bigarren Mundu Gerrak eragin handia izan zuten sektore horrengan eta ehunekoak behera egin zuen, %33raino jaisteko.

«30 urte oparoak»

Berkeleyko ekonomialariak «30 urte oparoak» bezala bataiatzen du Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren hasitako aroari, 1970eko hamarkadako petrolio krisiarekin amaitutako aroari hain zuzen ere. Epe horretan AEBetako aberatsenen metatze indizea ia ez zen aldatu. Urte horietan desberdintasun soziala egungoa baino askoz ere txikiagoa zen.

Alejandro Reuss historialari eta ekonomialariak «30 hamar urte oparo» horietan izandako produktibitatearen bilakaera eduki du kontuan, gertatutakoa esplikatzeko. Jarduera produktibo baten emaitzaren eta produkzio hori lortzeko behar izan diren baliabideen arteko erlazioari deitzen zaio produktibitatea, hiztegiaren arabera.

Urte horietan produktibitateak %3 inguru egiten zuen gora urtean, hau da, langileen soldatek izaten zuten igoera berbera. Beraz, aberatsenek eta pobretuenek jasotzen zuten tartaren proportzioa ez zen aldatzen. Ronald Reagan AEBetan eta Margaret Thatcher Britainia Handian agintera iritsi ziren arte!

Emmanuel Saezen arabera, bilakaera horrek 1981. urtean izan zuen inflexio-puntua. Ronald Reagan errepublikanoa Etxe Zurira eta Margaret Thatcher kontserbadorea Britainia Handiko lehen ministro kargura iritsi izanak izan zuen, noski, zeregina horretan. Ordura arteko nolabaiteko egonkortasuna hor apurtu zen. Nola apurtu gainera! Neoliberalismoak du meritu osoa.

Estatubatuar aberatsenak gero eta ehuneko handiagoa pilatzen hasi ziren, eta joera hori ia ez da eten. Nabarmentzeko moduko salbuespen bakarra 2000. eta 2001. urteetan aurkitzen dugu, Internetekin zerikusia zuen “Ekonomia Berriak” porrot egin zuenean.

Hala ere, gauzak bere onera etorri ziren, aberatsenei komeni zaien egoerara alegia, eta 2006an 1928ko marka hautsi zen. Lehen aldiz, AEBetako populazioaren %10 aberatsenak aberastasun guztien erdia baino gehiago pilatu zuen.

Berkeleyko ekonomialariak beste urrats bat ere eman zuen. Eta %10 horretan, nortzuk dira bilakaera horretatik onura gehien atera dutenak? %1 aberatsenak, jakina! Iaz baino gehiago, datorren urtean baino gutxiago. 1980ko hamarkadaz geroztik produktibitatearen hazkundeak eta soldatek izan duten erlazioa ere aztertu zuen Reussek. Produktibitatearen batez besteko hazkundea %2koa izan da hamarkadotan, eta soldaten igoera %1ean geratu da. Beraz, langileek %2 gehiago ekoizten dute, %1 gehiago kobratzeko. Tartaren zatia murriztu egiten zaie behekoei, eta, handitu, goikoei. Hori izan da bilakaera eta horiek adituek eman dizkiguten esplikazioak.

Gazteen egoera

Sindikatuei eta ezkerreko mugimenduei behin baino gehiagotan entzundako proposamenak eskaini zituen OCDE erakundeak, ezberdintasunak murrizteko asmoarekin: lan arloan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzea, lanpostuen egonkortasuna suspertzea eta formazioari bizitza osoan eustea. Izan ere, 1995etik 2013ra bitartean OCDEko herrialdeetan sortutako lanpostuen erdietan baino gehiagotan lanaldi partzialeko kontratuak sinatu ziren, edo aldi baterakoak ziren, edo lan independenteekin zuten zerikusia. Gazteek jasaten dute egoerarik larriena: aldi baterako kontratuen erdia baino gehiago 30 urte bete gabe dituzten gazteenak ziren. Emakumeei dagokienez, gizonei baino %16 gehiago kostatzen zaie lanpostu bat aurkitzea, eta, lortzen dutenean, lankideek baino %15 gutxiago kobratzen dute.

OCDEko herrialdeen artean Txilek du egoerarik txarrena. Mexiko, Turkia, AEBak eta Israel ageri dira ondoren. Beste muturrean betikoak daude, Europako iparraldeko estatuak: Danimarka eta Norvegia, eta horiekin batera, Eslovenia eta Eslovakia.

 

Ukrainako gatazkak baldintzatutako kluba

OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea instituzio kooperatibo bat da, 34 estatuk osatua. Teorian, bere helburua partaideen politika ekonomiko eta sozialak koordinatzea da. 1961ean sortu zen, honako partaideokin: AEBak, Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Britainia Handia, Estatu espainola, Estatu frantsesa, Grezia, Herbehereak, Irlanda, Islandia, Italia, Kanada, Luxenburgo, Norvegia, Portugal, Suedia, Suitza eta Turkia. Gero sartuko ziren besteok: Australia (1971), Eslovakia (2000), Eslovenia (2010), Estonia (2010), Finlandia (1969), Israel (2010), Hego Korea (1996), Hungaria (1996), Japonia (1964), Mexiko (1994), Polonia (1996), Txekiar Errepublika (1995), Txile (2010) eta Zeelanda Berria (1973). Kolonbiak eta Letoniak 2013an hasi zuten sartzeko prozesua. Errusiak, berriz, 2007an, baina geldirik dago une honetan, Krimeako auzia dela-eta (Ukraina zena Errusia da egun). Txina, India, Indonesia, Hegoafrika eta Brasilekin harremanak sendotzea erabaki zuen OCDEk 2007an.

 

Diruzalekeriak txiroz bete ditu Afrikako hiriak

Tshabalala izeneko emakumeak 41 urte ditu eta Hegoafrikako Johannesburgo hiritik gertu den Diepkloof herrian bizi da, metalezko txapa batzuekin egindako etxola batean egotea bizitzea bada. «Hau izan da nire etxea azken hamasei urteotan. Bertan bizi nintzen senarrarekin batera, 2008an hil zen arte. Orain lau seme-alabekin bizi naiz, bi gela baino ez dituen etxola honetan», esplikatu die kazetariei. Tankerako egoeran bizi dira 863 milioi pertsona mundu osoan (889 milioi aurreikusten dituzte 2020rako), NBE Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera. Eta Afrikari dagokionez, 570 milioi lagun, 1.100 milioi biztanle dituen kontinentean: populazioaren erdia baino gehiago. Kontinenteko hirietako populazioaren %61,7 bandintza horietan bizi da, gehienak alegia. Hegoafrikan bertan proportzioa ez da hain negargarria: 52 milioi biztanletik, 15 milioi inguru dira tankerako eraikin batean bizi beste erremediorik ez dutenak.

Zimbabwen 835.000 pertsona bizi dira hirien ondoan sortzen ari diren auzo txiroetan, inolako ondasunik ez duten eremuetan, biztanleek beraiek bata bestearen gainean egindako eraikinetan, eta baldintza negargarrietan. Hirietako pobreziak eragindako arazoak ikertzen dituen Reall izeneko Britainia Handiko gobernuz kanpoko erakundeak egin ditu kalkuluak eta Gilbert Nyaningwe adituak eskaini du fenomenoaren interpretazioa: «Afrikan ohiko bihurtu da tankerako auzoetan bizitzea. Joera horrekin bizi beste irtenbiderik ez dute. Horren aurka egitea oso zaila da arrazoi ezberdinengatik. Alde batetik ustelkeria politikoa nabarmendu behar da, baina desberdintasun ekonomikoak ere ondorio bera eragiten du».

Langabezia da Afrikako sare sozialeko buruek etxola auzoen fenomenoa esplikatzeko gehien aipatzen duten faktorea. Auzo horiek gero eta ugariagoak dira, nahiz eta herrialde horietan, datu ofizialen arabera, pobrezia asko murriztu den, %50 gutxi gorabehera, 1990ean erregistratu ziren datuekiko alderatuta.

Herrialde guztietan ez dute egoera bera. Egipton, Libian eta Marokon etxola auzoetan bizi diren herritarren kopurua %50 inguru jaitsi da, eta, Tunisian, %100. Ghanan, Senegalen eta Ugandan ere asko aurreratu dute: %20ko murrizketa.

Baina hegoalderago joanez gero, joera erabat aldatzen da. Bertan beste inon baino etxola auzo gehiago dituzte: milioika lagun bandintza kaskarretan bizi dira, eta, agian okerragoa dena, ur hornikuntza eta saneamendu zerbitzu egokirik gabe. Agintariek herritarrei nahikoa zerbitzu eskaini ez izanari leporatu izan diote adituek tankerako auzoen fenomenoa. Kamuzu Banda Malawiko presidente zenaren Gobernuan egon zen Hector Mutharika ekonomialari erretiratuak IPS agentziari honakoa esan zion: «Agintarientzat garrantzitsuagoa da altxor publikoaren diruarekin poltsikoa betetzea baliabide horiek pobreentzat etxeak egiteko erabiltzea baino».

Arrazoi historikoak ere badaude egungo egoeraren atzean, Otapiya Gundurama Ruandako ekintzaileak agentzia berari esan zionez. Berak egindako irakurketaren arabera, kolonizatzaileek ezarri zituzten azpiegituren ondorio ere badira etxola auzoak. Garai hartan etxebizitza gutxi ziren eta herritar gehienak jarduera ekonomiko berean aritzen ziren; hirietako agintea erabat zentralizatuta egoten zen eta sortzen zituzten herri eta auzo berriak gutxiengoaren interesei mesede egiteko eraikitzen zituzten. Zerbitzu guztiak puntu batean, eta batere ez ondokoan. Eta orain komeriak!

Bestalde, herrialde askotan herritarrek ez dute izaten bizi diren lurraren jabetza titulurik. Kasu askotan Gobernuak saldu egiten ditu lurrak (atzerriko konpainiei normalean), bertakoei ezer esan gabe. Hirietako auzo horietara joan beste erremediorik ez dute izaten orduan.