Ainara LERTXUNDI
DESAGERTUAK ETA IKUSGAITZAK

Desagerpenek emakumeengan dituzten ondorioak ez dira beti behar bezala ikertu

International Center for Transitional Justice erakundeak desagerpenek emakumeengan dituzten ondorioak aztertu berri ditu. Desagerpenari aurre egiteaz gain, maiz senideen eta ingurukoen mesfidantzarekin topo egiten dute eta egiaren bilaketan hautu zailak egin behar dituzte, emakumeak egoera bereziki ahulean izanik.

Senide baten desagerpena mingarria da edozein testuingurutan. Bizimodua goitik behera aldatzen da. Kezka, beldurra eta samina nagusitzen dira desagertutakoaren familiaren baitan. Zama hori astunagoa izan ohi da emakumeentzat, batez ere, gizarte eredu patriarkaletan, non emakumeek ez duten ahotsik, ezta protagonismorik ere. Senarraren faltan, etxearen ardura bere gain hartu behar dute, bakarrik, eta horrek komunitatearen eta familiaren beraren mesfidantza eragiten du, ordura arte gizartean zuen papera bestelakoa baitzen.

International Center for Transitional Justice (ICTJ) erakundeak desagerpenek emakumeengan duten eragina aztertu berri du, ‘Desagertuak eta ikusgaitzak’ ikerketa lanean.

Desagerpenaren helburu nagusia «etsai politikoa» deuseztatzea da eta, aldi berean, beldurra eta errepresioa areagotzea, gizartea kontrolpean izateko. Senideen, lagunen eta ekintzaileen artean izua eragiten du.

2006an sinatutako Desagerpenetatik Babesteko NBEren Nazioarteko Itunaren arabera (CED, ingelesez), estatuaren menpe dauden segurtasun indarrek edo estatuaren ezagutzapean gauzatutako atxiloketa eta bahiketak dira desagerpenak. Halakoetan, senideek eta lagunek ez dute deus ere jakiten atxilotutako pertsonari buruz. Ez dakite non dagoen, ezta bizirik edo hilik dagoen ere. Argentinako Rafael Videla diktadoreak elkarrizketa batean adierazi zuenez, «desagertuak ez daude ez hilik, ezta bizirik ere». Mamu hutsak dira.

Pertsona agertu bitartean, delitu jarraitua da desagerpena. Aipaturiko Itunak egia ezagutzeko eskubidea aitortzen duen arren, maiz eskubide hori ez da betetzen. 1974tik hona, hamabi ikerketa batzorde sortu dituzte testuinguru desberdinetan gertaturiko desagerpenak ikertzeko asmoarekin.

Egia jakiteko eskubidearekin batera, bada beste bat, hertsiki lotua, hots; erreparazioa. Baina nolako erreparazioa? Nori zuzenduta egon behar du? Bikoteari? Seme-alabei? Gurasoei? Nortzuk dira gatazka edo biolentzia testuinguru batean gertaturiko desagerpenaren biktimak? Hurbil-hurbilekoak soilik, ala baita ingurukoak ere? Galdera asko, baita erantzun anitz ere, gizarte motaren arabera. Baldintzak eta egoerak aldatzen badira ere, badute komuneko faktore bat. Tradizioan, erlijioan, arrazan edo kulturan oinarritutako genero desberdintasunek zeresan handia dute. Desagerpenaren ondorioak bortitzagoak izan ohi dira emakumearentzat. Kultura askotan, emakumeak senarraren agindupean bizi dira eta hura gabe ezin dute, esaterako, ondasunik saldu, ezta erosi ere, agiririk eskatu, eta desagertutako pertsona ofizialki hilik ez dagoenez, ezin dute, demagun, berriro ezkondu. Senarraren senitartekoek zama izatea leporatzen diete eta mota askotako diskriminazioak pairatzen dituzte maiz. Pobreziak, desagerpenak eragindako traumak eta galera ekonomikoak emakumeen oinazea areagotzen dute.

Lan merkatuaren desafioa

Senarraren faltan, askok lehen aldiz lan merkatuan murgildu behar dute. Esperientzia eta formakuntza gabezia dela eta, gaizki ordaindutako lanpostuak onartu behar dituzte; maiz, beraien bizilekuetatik urrun. Ondorioz, seme-alabak zaintzerik ez dutenez, familiaren baitako tirabirak areagotu egiten dira.

Gizarte askok, gainera, ez dute begi onez ikusten emakumeek etxetik kanpo lan egitea. Testuinguru itxi horietan, ingurukoen arbuioak pairatu behar dituzte, seme-alaben eta etxearen zaintzaz lehen bezala ez arduratzeagatik.

Gertatu ohi da, era berean, emakumea bera desagerpenaren errudun egitea, emazte edo ama bezala huts egin izana leporatzea edota «familiari zorte txarra ekarri izana» aurpegiratzea. Hegoafrikan, familia bateko semeek ama jipoitu zuten, desagertutako alabaren bilaketa lehenetsi zuelako. Muturreko adibidea bada ere, emakumeek presio handia pairatu ohi dute familian, batez ere, berriro ezkontzea erabakitzen badute. Libanoko maroniten eta Nepaleko goi mailako kasten artean, adibidez, bigarren aldiz ezkontzea debekatuta dago. Kaxmirren eta Sri Lankan, desagertutakoaren bikotekidea berriro ezkontzea estigma bat da aita-amaginarrebentzat.

Kultura patriarkaletan, beste harreman bat hasten duten emakumeak seme-alaben zaintza aita-amaginarreben esku uztera behartuta daude. Hori dela eta, askok ordura arte bezala aita-amaginarreben etxean bizitzen jarraitzea erabakitzen dute.

Dirua, informazioaren truke

Desagertutako senidea bilatzea garestia izan daiteke, gainera, batetik, desagerpenaren inguruko xehetasunak ikertzeko leku batetik bestera mugitu behar dutelako eta, bestetik, erakundeen leihatiletan eskatu beharreko agiriengatik.

Informazioa ematearen truke senideengandik etekina lortu nahi dutenak ere badaude. «Gizon batek laguntza eskaini zidan. Indar politikoa zuen. Nire senarra aurkitzeko, hainbat lekutara eraman ninduen. Handik pixka batera, gauean hoteletan elkar ikusteko eskatu zidan». Nepaleko emakume baten lekukotasuna da.

Libanon, ICTJ-k elkarrizketatu zituen 23 emakumeetatik gutxienez 15ek aitortu zuten xantaia saiakera baten biktima izan zirela. Informazioaren truke, 2.000 eta 100.000 dolar artean ordaindu zuten.

Ezinegonak eta kezkak bultzatuta, askok sendalariengana edo gidari espiritualengana jotzen dute. Kaxmirren, desagertutakoen emazteek dirutza gastatu zuten «gizon santuei (darwesh)» laguntza eske edo santutegi sufietan eskaintzak egiten.

Hegoafrikan, senideek sendalari tradizionalei eta iragarleei laguntza eskatu zieten.

Hiltzat eman edo ez

Senidea hiltzat emateko erabakia mingarria eta zaila da. Baina herrialde askotako legediaren arabera, desagertutako pertsonaren ondasunak oinordetzan hartzeko, pertsona horrek hilda egon behar du edo hilda egotearen agiri bat behar du familiak. Hori gutxi balitz bezala, askotan denbora jakin bat igaro behar da norbaiten heriotza ziurtatzeko.

Familia askok uko egiten diote senidea hiltzat emateari, bizirik dagoen itxaropena dutelako eta komunitatearen iritziaren beldur direlako, bilaketa bigarren mailako helburutzat dutela pentsa dezake-eta.

Erreparazioari dagokionez, estatuek gehienetan banako ordainketak egin dituztenez, biktimen artean kontraesanak sortzen dira. Batzuen aburuz, «diru odoldua» da, estatuak norberaren isiltasuna erosteko saiakera huts bat besterik ez.

Brasilen, Arrazoi Politikoengatik Hil eta Desagerrarazi zituztenen Senideen Batzordeak ez zituen ordainketa horiek begi onez ikusi. Giza eskubideen urraketak ikertu nahi ez izatea leporatu zioten estatuari.

Nepalen, antzeko sentimendua nagusitu zen desagertutakoen emazteen artean.

ICTJ-k erreparaziorako eskubidea izateko senarra edo semea hiltzat hartu behar izatea gaitzetsi du. «Emakumeak bidegurutze batean ipintzen ditu. Askorentzat senidea ‘hiltzea’ baita eta ikerketarako oztopo izan daiteke. Erreparazioaren eta egiaren artean hautatzeko beharra igortzen du. Eta hori benetan gogorra eta onartezina da», nabarmendu du.

Horrez gain, herrialde batzuetan, desagerpena bera gertatu izana frogatu behar dute senideek. Frogak edo lekukoak aurkitzea ez da erraza izaten, batez ere desagerpenak modu masiboan gertatu direnean. Emazteen kasuan, desagertuarekin zuten harremana egiaztatu behar dute, ezkon agiriak eskatuz.

Bide luze horretan, familiakoak ez diren gizonekin harremanetan ipini behar dute eta komunitate batzuetan –Nepalen eta Kaxmirren– tabua da. Beste batzuek abokatuengana jo behar dute laguntza eske eta horrek kostu ekonomiko bat dakar.

Nepalen, emazteei inprimaki luzeak betearazi zizkieten. Desagertutako pertsona mugimendu politiko jakin bateko ekintzailea zela frogatzeko, idatzi ofizial bat behar zuten. Horretarako, funtzionarioengana eta alderdi politikoetara jo behar zuten. Desagertutakoen emazteen %74ren hitzetan, desagerpena bera frogatu behar izana zama ikaragarria eta laguntza eskuratzeko traba izan zen. ICTJ-ren inkestan esku hartu zuten emakumeen heren batek arrazoi ekonomikoak, politikoak eta etnikoak zirela-eta nolabaiteko diskriminazioa pairatu izana salatu zuten. Zama arindu beharrean, areagotu egin zen.

Marokoko Adiskidetze eta Berdintasun Batzordea gogor kritikatu dute, desagerpenari emandako trataeragatik. Erreparazioa hilik dauden desagertuen senideei soilik aitortzen die.

Berriz ez gertatzeko, erreparazio programen prozedura arintzeko eskatu du ICTJ-k.

Emakume ekintzaileen kontra

Badira desagerpen baten ondotik protagonismo politikoa eskuratu duten emakumeak. Beraien gizarteetako genero arauak apurtzeagatik jazarpen bortitzagoa pairatzen dute. Beraien eremua etxea dela uste baitute askok. Beste batzuetan, ekintzaile baten bikotekide izateagatik torturatu eta desagerrarazi egin dituzte.

Txilen, Augusto Pinocheten diktaduran, Maria Olga Flores desagerrarazi zuten, senarrarekin atxilotu ondoren. Alderdi Komunistako buruetariko bat zen Bernardo Araya senarra.

Argentinan, Maiatzeko Plazako Amen sortzaileetariko hiru bahitu zituzten –Azucena Villaflor, Esther Ballestrino eta Maria Eugenia de Bianco–, egunkari batean desagertuen zerrenda iragarki bat balitz bezala argitaratzeagatik, gorpuzten zihoan mugimendua indargabetzeko. Militarrek ez zieten halako desafiorik onartu «etxekoandre txoratu haiei» eta sarekada handiago baten baitan harrapatu zituzten, 1977ko abenduaren 8an, Buenos Airesen. ESMAn zabaldu zuten ezkutuko atxiloketa gunera eraman zituzten eta torturatu ostean, «heriotzaren hegaldi» horietako batean, itsasora bota zituzten ustea dago.

Diktadura garaiko desagerpenak ikertzeko batzordearen arabera (CONADEP), bahitu eta desagerrarazi zituzten emakumeen %10 haurdun zeuden. Maiatzeko Plazako Amonek lapurtutako 116 adingabe aurkitzea lortu dute hainbat urtetako borrokari esker, baina oraindik ia 400 gelditzen zaizkie topatzeko.

Beste herrialde batzuetan ere umeen eta amen arteko harremana atxilotutako emakumeari min egiteko erabili izan dute. Marokon, esaterako, emakume batzuk beraien umeekin atxilotu zituzten eta haien oinazea –zela gosearen ondorioz, zela hotz edo beroaren ondorioz– ikustera behartu zituzten. Beste emakume batzuk taldeka bortxatu zituzten.

Genero ikuspegia, faltan

Urteekin, egiaren batzordeek genero ikuspegia aintzat hartu dute. ICTJ taldeak emakumeen ahotsak eta benetako beharrizanak isla ditzaten gomendatu du, lehenengo egiaren batzordeek ez baitzioten lehentasunik ematen genero ikuspegiari.

Txileko Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordeak 1993an argitaratu zuen bere txostena. Desagertuen senideekiko eta beste biolentzia politikoen biktimekiko tratua aztertzen du atal batean, baina ez du emakumeen eta gizonen arteko bereizketarik egiten. Hausnarketa ikuspegi orokor batean oinarritzen da.

Argentinako ‘Nunca Más’ txostenaren lehenengo atalak, esaterako, atxilotutako emakume baten bortxaketa deskribatzen du. Bortxaketak odoljarioa eragin zion. Lekukotasunaren helburua, ordea, ez da diktadura garaiko emakumeen kontrako sexu biolentzia salatzea, ezkutuko atxiloketa guneetan laguntza medikorik ez zegoela nabarmentzea baizik.

Senide diren heinean, emakume askoren testigantzak xehetasunez biltzen dituen arren, ez du aparteko hausnarketarik egiten eskubideen urraketa horiek guztiek emakumeengan izan zuten eraginari buruz.

Hegoafrikako desagerpenak berezko atal batean jasotzen dituen arren, desagerpen horiek nola gertatu ziren aztertzera zuzenduta dago arreta. Guatemalakoak ere ez ditu desagerpenak genero ikuspegitik aztertzen. Hala ere, desagerpenek emakumeengan berezko eragin sozioekonomikoak izan zituztela aitortzen du.

Egiaren batzordeen gabezietariko bat lengoaia da. Oso lengoaia teknikoa erabiltzen dute, emakume askorentzat ulergaitza, batez ere, baserri-giroan bizi direnentzat, indigenentzat edo ikasketak bukatzerik izan ez zutenentzat.

Egiaren batzordeen erronka nagusietariko bat biktima diren emakume horiengana iristea eta haiek ulertzeko moduko lengoaia erabiltzea da. Mesfidantza gainditu behar dute.

Senideen elkarteek eta giza eskubideen defentsan ari diren taldeek lan itzela egin dute urteotan emakumeen lekukotasuna jasotzen. Beraien esperientzia mingarriari buruz lasai hitz egiteko eta hainbeste denboraz isilpean eduki duten korapiloa askatzeko giro egokia behar dute biktimek. Elkarrizketak emakumeen artean soilik egitea proposatu du hartara ICTJ-k.

Argentinan eta Txilen, esaterako, sexu biolentziaren gaia tabua izan da duela gutxi arte. ESMAren epaiketa delitu horren erakusleiho bihurtu zen. «Hasieran, gurekin batera atxilotuta zeuden kideei buruz soilik hitz egiten genuen. Denbora pasatu ahala, errepresoreei izen-abizenak jarri genizkien. Orain, gutako bakoitzari buruz hitz egiteko unea da», esan zuen batek. Azken urteetan Argentinan egin diren epaiketak egiaren batzorde bihurtu dira. Sexu biolentzia delitu gisa tipifikatuta egotea lortu dute biktimek eta lekukoek.

 

EMAKUMEAK AINTZAT HARTZEKO ICTJ-ren GOMENDIOAK

1.-Justizia trantsizionalak genero ikuspegia kontuan hartu behar du.

2.-Desagertutakoaren ondasunak oinordetzan hartu ahal izateko, laguntza ekonomikoak eskuratu ahal izateko edo ezkontza indargabetzeko, desagertutako pertsona hiltzat deklaratu behar ez izatea. Kultura askotan, hori egitea traizio bezala ikusita dago.

3.-Estatuek senideei desagertutako pertsonarekin zuten harremana frogatzeko erraztasunak eman behar dizkiete, hala nola, nortasun agiriak ahalbidetuz eta harreman berriak sortzeko trabak ez jarriz.

4.-Egiaren batzordeak osatu eta erreparazio sinbolikoak finkatu edo memoria guneak adostu baino lehen, estatuek komunitateei eta familiei beraien iritzia galdetu beharko liekete.

5.- Senideek epe luzeko laguntza psikosoziala jaso beharko lukete estatuarengandik.

6.-Egiaren batzordeek emakumeei bermatu behar diete lekukotasuna emateak ez duela desagertutako senidearen bilaketa inola ere baldintzatuko. Bilaketarekin jarraitzeko borondate irmoa plazaratu behar dute egiaren batzordeek. Pairatutako min psikologikoa eta galera ekonomikoak ere aintzat hartu behar dituzte.

7.-Erreparazio programek ez lukete bereizketarik egin behar desagertutako pertsonaren senideen artean.

8.-Ahultasun egoeran dauden biktima askok, amak edo alabak direnak batik bat, egiaren bilaketan pairatzen dituzten eskubide urraketak ekiditeko politikak garatu beharko lituzkete erreparazio programek.