Aimar Etxeberria Korta
AHOZKO KOMUNIKAZIOA

Politikariak, euren ahozkotasuna hobetzera behartuta

Aspergarriak eta errepikakorrak izan ohi dira politikarien hitzartzeak eta, ondorioz, herritarrengana iristeko gero eta zailtasun gehiago dituzte. Konturatu dira ordea arazoaz, eta gero eta gehiago dira ahozko komunikazioari garrantzia ematen diotenak. Ahozkotasuna hobetzen laguntzen die Manu Marañonek erakunde eta politikari ezberdinei.

Konbentzitu ala aspertu egiten gaituzte? (GAUR8)
Konbentzitu ala aspertu egiten gaituzte? (GAUR8)

Telebista edo irratia piztea besterik ez da politikarien arteko tertulia edo hitzartze ezberdinak entzun eta zerbait gaizki doala ohartzeko. Batez ere euskaraz ari direnean sortzen da arazoa; herritarrekin konektatzeko arazoak dituzte. Hitzartze errepikakorrak, monotonoak, gatzik gabekoak, asperdura sortzen dutenak, finean, «hitzartze politikoak». Jendartearen eta klase politikoaren arteko distantzia etengabe handitzen ari dela esan ohi da, eta ez da ez arrazoi faltagatik izango.

Orokorrean, politikarien ahozkotasunak duen gabeziaren ondorio bat besterik ez da aurreko baieztapena. Hitzak dira politikarien arma nagusi, eta hauen erabilera egokiak baldintza dezake baten porrota edo garaipena, hitzen bitartez hautesleria konbentzitzean baitago gakoa. Baina, dirudienez, ez dira oraintsu arte ahozkotasunaren garrantziaz jabetu, eta arreta handiagoa jarri dute mezuan –hau da, esan behar duten horretan– hau herritarrengana eurek nahi duten moduan iristean baino –alegia, mezuaren transmisioan baino–.

Bikain ezagutzen ditu aurreko lerrootan luzatutako baieztapenak Manu Marañonek. Zuzenbidean lizentziatua bera, hogei urtez egin du lan EHNE sindikatuarentzat. Haren arabera, sindikatuko jarduna izan du «benetako unibertsitate» ahozkotasunaren mundura salto egin aurretik, bertan eginiko urteetan ahozko komunikazioa lantzea tokatu baitzaio hainbatetan. Behin EHNEko jarduna amaituta, «birziklatu» eta ahozkotasunaren inguruko formakuntza jasotzen hasi zen Manu Marañon, EiTBk eta EHUk elkarlanean antolatutako Irrati eta Telebista Komunikatzaileentzat Masterra eginez, Estatu mailako hainbat profesionalen eskutik formakuntza jasoz edota Pedro Mendiberekin hainbat saio eginez, esaterako.

«Bere garaian konturatu nintzen gabezia handi bat zegoela ahozko komunikazioan, eta horretan ekarpenen bat egin nezakeela iruditu zitzaidan», dio Marañonek. Hala, erakunde eta politikari ezberdinei formakuntza emateaz gain, hauek ahozko komunikazioaren garrantziaz sentsibilizatu nahi ditu. Horretarako formazio saioak eskaintzen ditu eta, “Jendaurrean hitz egitea” titulupean publikatu zuen liburu baten harira, herriz herri ere ibili izan da hitzaldiak ematen, liburua aurkeztuz eta, bide batez, ahozkotasunaren inguruko bere iritziak plazaratzen.

Kontziente da gero eta gehiago direla ahozko komunikazioaren garrantziaz jabetu direnak, «ohartu direlako produktu eta ideia onak erdibidean geratzen direla maiz aurkezpen eskasak egiten direlako». Bestalde, uste du gaur arte garrantzia gehiegi eman zaiola formakuntza teknikoari. Elementu guztiek bat egin dute, beraz, ahozko komunikazioaren aro berri honetan.

Etika oinarrian; gabeziak bistan

Goazen bada ahozko komunikazioan trebea den politikari batek izan beharko lituzkeen ezaugarriak aztertzera. Manu Marañonek elementu bat jartzen du guztiaren erdian: etika. «Etikak esan nahi du konpromisoa, sinesgarritasuna, koherentzia, umiltasuna... Jendaurrean hitz egiten dugunean sinetsi egin behar gaituzte, hau da, komunikatzaile on batek lehendabizi pertsona ona izan behar du, eta ondoren komunikazio teknikak menperatu behar ditu», adierazi du. Zentzu horretan, etika galtzen bada, ez du ezertarako balio Marañonen arabera «ahots polita izateak, eszenaratze on batek edota komunikatzaile on bat izateak».

Etika bada ere guztiaren zentroan kokatzen duen elementua, badira beste sei ezaugarri ahozko komunikatzaile on batek menperatu beharrekoak. Lehenengoa sinpletasuna litzateke, hau da, argi hitz egitea. «Hizkuntza alderdikoietatik alde egin behar dute alderdi politikoek. Gehiegi mintzatzen dira euren hizkuntza propioan, konturatu gabe jendeak bere egunerokoan ez duela hizkuntza hori erabiltzen», azaldu du.

Beste gako bat jendea ustekabean harrapatzea da Marañonen arabera. Egungo aurkezpen politiko gehienak «esperotakoak, aspergarriak eta errepikakorrak» direla uste du, jendea ustekabean harrapatzeko inolako gaitasunik ez dutenak: «Jendeari espero ez duena emanez gero titular on bat, irudi on bat lortuko dugu». Zehatza izateari ere bere garrantzia ematen dio. Politikagintza baieztapenez beteta dago, baina baieztapen horiek ebidentziekin aurkeztu behar direla azpimarratu du Marañonek: «Horregatik, politikariei eskatuko nieke datu eta informazio gehiegirik eman gabe beraien proposamenetan zehatzagoak eta fidagarriagoak izatea».

Horrek sinesgarritasunarekin badu loturarik, honek etikarekin duen bezala. «Beraiek dira esaten duten hori sinetsi behar duten lehenak», dio Marañonek, eta, horrez gain, soluzio edo proposamenetan gehiago zentratu behar dutela iruditzen zaio, «zehatzak eta egingarriak diren proposamenetan». Jendeak bihotzarekin bozkatu eta ondoren emaniko boza buruarekin arrazoitzen duela-eta, hitzartze emotiboek eraginkortasun handiagoa dutela uste du, are gehiago istorioak kontatzen badira. «Gehiago ikasi behar dute jendearen bihotzera iristen. Hautesleriaren babesa lortzeko ondo dago gauzak zuzen azaltzea edo informazio zehatza ematea, baina hori emozioekin uztartu behar da. Jendarteak bihotzarekin erabakitzen du, nahiz eta arrazoi bidez ahaleginduko den justifikatzen».

Horiek badira ahozko komunikazioan maisu izan nahi duten politikariek aintzat hartu beharreko elementuak, honakoa da egin behar ez dutenaren adibide zerrenda, kontuan hartu beharrekoa hau ere. Politikariek euren hitzartzeetan duten irakurtzeko ohiturarekin amaitzea izango litzateke lehenengo urratsa. Horren harira, galdera luzatu du Marañonek: «Normala al da gure politikariek euren hitzartze gehienak –legebiltzarrean edo agerraldi publiko batean, adibidez– irakurriz egitea? Gainera, irakurtzen dituzten testuak korapilatsuak eta konplikatuak izan ohi dira gehienetan. Horrekin ondoriozta daiteke politikan dagoen maila zein den!».

Bestalde, hitzartzeen prestaketa lanetan ere gabezia nabarmenak dituztela uste du: «Ez dute kontuan hartzen beraien lehentasuna eta ofizioaren oinarria ahozko komunikazioa dela». Denbora gehien mezua lantzen pasatzen dutela iruditzen zaio, eta hori akats bat dela uste du, «garrantzitsuagoa baita esaten dena baino nola esaten den». Hor kokatzen ditu Marañonek eszenaratzea, gorputz espresioa, ahotsaren tonua edota begiradak bezalako elementuak.

Politikarien hitzartzeek naturaltasuna ere falta dutela adierazi du, eta naturaltasuna lortzearena oso prozesu artifiziala dela gaineratu du: «Berau lortzeko lan asko, entrenamendu asko, praktika asko eta ordu asko sartu behar da». Eta aurpegia gehiago eman behar dutela iruditzen zaio, hizlarien eta jendearen artean mahai gehiegi, atril gehiegi eta oztopo gehiegi egon ohi direla azpimarratuz.

Nola egiten dute politikariek?

Teoriatik praktikarako saltoa eginez, egun plaza publikoan diharduten hainbat politikariren inguruko bere hausnarketa luzatu du Manu Marañonek. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren inguruan dio ziurtasunari lehentasuna ematen ahalegintzen dela bere hitzartzeetan: «Koherentzia eman nahi dio bere hitzartzeekin Gobernuak duen estrategiari, kudeaketan zentratzearen alde garatzen duen jardunari». Hala, ausardia puntu bat falta zaiola nabarmendu du, «indar eta energia gehiago behar du».

Nafarroako lehendakari izendatu berri duten Uxue Barkosen inguruan dio bere ibilbidearen gakoa ahozko komunikazioa izan dela: «Berak badaki, telebistan lan egin duelako, zer-nolako garrantzia duen zuzena eta argia izateak. Oso ondo egiten du, zaindu egin duelako». Hasier Arraiz Sortuko presidenteari bere buruarengan sinestea falta zaiola uste du, «ongi egiten duela sinestea». «Konfiantza falta puntu bat antzematen zaio, baina hobekuntza nabarmena egin du. Mezu argi eta ulergarriak ematen ditu, eta ahalegin handia egin du didaktiko, ulergarri eta hurbila izate bidean», azpimarratu du. Hala ere, Arnaldo Otegiren pertsonak nolabaiteko eragina egiten diola uste du, bere ahozko gaitasuna medio.

PSEko idazkari nagusi den Idoia Mendiaren inguruan, berriz, serioegi ikusten duela dio Marañonek. Euskararekin lan gehiago egin behar duela iruditzen zaio, baina alderdiaren lidergoa ongi hartu duela eta pentsatzen duena esateko orduan ausardia duela gaineratu du. EAEko PPren presidente den Arantza Quirogak alderdiaren mezuak egungo egoera politikora egokitzeko egin duen saiakera txalotzen du, euskal gaiez mezu berriak botatzen hastea ez dela erraza gaineratuz.

Estatu espainoleko plaza politikora begira jarrita, PSOEko buru Pedro Sanchezek potentzialitate handia duela aurreikusten du Marañonek: «Bere agerraldietan istorio pertsonalak sartzen saiatzen da, baita bere gorputza erakusten ere, atril baxuak eta abar erabiliz». Podemoseko Pablo Iglesiasen inguruan dio haize berria sartu duela espainiar politikan, «jakin duelako une konkretu batean mezu indartsuak botatzen». Baina umilagoa eta hurbilagoa izatea falta omen zaio.

Ciudadanoseko Albert Riverak ahozko komunikazioaren alorrean egin duen formakuntza goraipatzen du Marañonek, eta bere arrakastaren gakoetako bat izan dela gaineratu du: «Ikusten da ez duela berezko zerbait, asko landu duen kontu bat baizik». IUko Alberto Garzon, aldiz, egin gabeko produktu bat bezala ikusten du: «Indarra eta lidergoa falta zaio». Hala ere, pertsona umila eta hurbilekoa dela azpimarratu du, «ezkerrekoa eta koherentea».

Ez da jaiotzen, egin egiten da

Gauza gehienekin gertatzen den bezala, ahozko komunikazioan ona den pertsona bat ez da jaiotzen, egin egiten da. «Prestakuntzan, praktikan eta behatzaile ona izatean dago gakoa», dio Marañonek. Pablo Picasso margolariaren aipu ezagun bat baliatu du bere filosofia laburbiltzeko: «La inspiración existe, pero tiene que encontrarte trabajando». Zentzu horretan, hainbat gomendio luzatu ditu Marañonek ahozkotasuna hobetu nahi duten politikariei zuzenduta. Garrantzitsuena praktikarena da: «Politikariek egin behar dutena da herrietara joan, aurkezpenak egin, hanka sartu, formatu ezberdinetan praktikatu, esperimentatu, istorioak kontatzen ikasi...».

Behaketak ere garrantzia berezia hartzen du ikaste prozesuan Marañonen arabera. «Behatzeak esan nahi du ikustea jendeak ondo egiten dituen gauzak zeintzuk diren eta, zergatik ez kopiatu?», galdetzen du. Berak, adibidez, atzeratuta ez geratzeko eta gauza berriak ikasteko orduan bere ofizioan dagoen jendea jarraitzen du, eurek ondo egiten dituzten gauzak kontuan hartu eta bere estiloan garatuz. «Hau ez da magia, gimnasia baizik». Eta gimnasiak entrenamendua eskatzen du, praktika.