Nagore Belastegi Martin
HAURRAK SAREAN

Nola babestu seme-alabak Interneteko arriskuetatik?

Teknologia berriek aurrerapauso handiak eman dituzten honetan zentzuzkoena ez da horiek geldiaraztea, dauden arrisku horietatik haurrak babesteko bidean teknologia horiekin izan dezaketen lotura oro debekatzea. Bidea arriskuak ulertzea eta horiek kontuan izanik umeak heztea da.

Azken hamarkadotako aurkikuntzarik garrantzitsuenetakoa izan da Internet eta azken urteotan bizitza arrunteko tresna bat gehiago bihurtu da. Lan asko erraztu ditu, baita pertsonen arteko komunikazioa bera ere, baina, dituen abantailez aparte, baditu arriskuak ere, batez ere haurrentzat.

Konputagailuen arteko lehen konexioa, Arpanet, 1969an osatu zuten. Hala ere, World Wide Web (www edo mundu osoko sarea) 1990ean iritsi zen. Hasiera batean erabiltzaileak informatikarekin lotutako langileak ziren. Pixkanaka beste sektore profesionaletan zabalduz joan zen sarea, lanbide mota orotan baliagarria bilakatu zen arte. Etxe guztietara iritsi zen, eskoletan ere sartu zen. Orain pentsaezina zaigu ia Internetik gabeko bizitza, baina duela ez hainbeste gabe ere ederki moldatzen ginen.

2006ko urtarrilaren 3an Interneteko erabiltzaileak 1.100 milioi ziren munduan. Adituek uste dute datorren urterako 2.000 milioi internauta izango direla. Zifrok eta teknologia berriek emandako urrats erraldoiak ikusirik, normala da gurasoek beldurra izatea euren seme-alabek Internet nola erabiltzen duten ikustean. Izan ere, gero eta gazteago hasten dira ordenagailu, tablet zein telefono mugikorretan aplikazioak txertatzen eta, inolako zaintzarik gabe, nahieran erabil ditzakete.

Haurren Internet erabileraren inguruko ikerketa zabal bat egin zuen EU Kids Online nazioarteko ikerketa taldeak, 2010ean. Horren baitan aritu zen Euskal Herriko Unibertsitatea ere, Estatu espainoleko datuak neurtzen. Aurten datu horiek berritze aldera Net Children Go Mobile ikerketa gauzatu dute, nahiz eta oraindik txostena ez duten argitaratu. Maialen Garmendia EHUko taldearen arduradunak aurreratu digunez, bost urteotan haurrek gehiago erabiltzen dute Internet, baina erabiltzeko modua ez da gehiegi aldatu. Aldatu dena euskarria da.

Datu berriak argitaratu bitartean, jada lehenengo konparazioak zabaltzen hasi dira. Adibidez, ordenagailu txikien pareko diren smartphone telefono adimendunen zabalkundearekin batera Internet pribatua eta mugikorra bilakatu da. Hau da, gero eta haur gehiago dira euren gelaren bakardadean edota kalean nabigatzen dutenak. Era berean, haurrek Internet gehiago erabiltzen baldin badute ere, ez dituzte sareak eskainitako aukerak gehiago baliatzen. Sare sozialen erabilpenak ere sekulako aurrerapausoa eman du; 9-10 urteko haurren %22k du Facebook kontu bat, eta 11-12 urtekoen %53k.

Baina Interneten erabilpenak arriskuak ere baditu eta horietatik babesteko garrantzitsua da sarean hainbat neurri hartzea. Hala, pribatutasun-ezarpenak aldatzen dakizkiten haurrak gehiago dira orain (11-13 urte dituzten umeen %55 eta 14-16 urte bitartekoen %79).

Interneten minduta sentitu diren umeak ere gehiago dira; %13 izatetik %17 izatera pasa dira. Hala ere, adituek uste dute proportzionalki aztertuz arriskuak ez direla hainbeste hazi eta orokorrean kalte gehienak ezkorrak diren edukiekin harremana dutela: gorrotozko mezuak, anorexiaren aldekoak, autolesioak erakusten dituztenak... Hori dela eta, edukiotara sarbidea mugatuta arrisku horiek gutxitu egin daitezkeela uste dute adituek.

Arriskuez ari garela, garrantzitsua da jakitea zeintzuk diren Internetek dituen arrisku nagusiak. Helduak ere horietan eror daitezke, baina suposatzen da hauek arduratsuak direla edo, behintzat, sarean hartzen dituzten erabakiak ondorioak aztertuz hartzen dituztela. Haurrek, ordea, Internet kalterik eragiten ez duen tresna dibertigarri gisa ikus dezakete, eta, beraz, beharrezkoa da onurez gain kalteak ere izan daitezkeela azaltzea.

Arriskuak ulertzeko hiztegia

Cyberbullying-a umea Internet bidez lotsarazten, jazartzen ala mehatxatzen dutenean ematen da. Mina emateko intentzioarekin egiten da, bullying edo eskola jazarpenean gertatzen den bezalaxe; kasu honetan, baina, etxean ere ezin da lasai izan haurra, berau sare sozialen bidez xaxatzen jarraitzeko aukera baitu erasotzaileak.

Sexting-a (sex-texting) sexu edukidun mezuak bidaltzea eta jasotzea da. Adituek adibide bat errepikatzen dute behin eta berriro gaztetxoak kontzientziatzeko: jo dezagun bikotekideari argazki sexualak bidaltzen dizkiozula, baina, harremana hautsitakoan, bikotekidea, haserre, argazki horiek zabaltzen hasten dela.

Gromming-a heldu batek sexu kontuetan ase sentitzeko asmoz haur batekin Internet bidezko adiskidetasun harreman bat hastean ematen da. Haurrari argazkiak bidaltzeko eska diezaioke, edota berarekin hitzordua finkatu.

Aipatutakoak ez dira arrisku bakarrak. Nahi gabe beste norbaiten pribatutasuna urratuz gero pertsona horri arazoak sortzea ere posiblea da, eta inork ez du halakorik nahi. Adibidez, sare sozial batean profil bat duen haur batek bere lagunen argazki bat Interneten argitaratzen badu lagunen baimenik gabe, erator daitezkeen ondorioak bere ardura izango dira.

Oinarrizko neurri batzuk

Arrisku horiek guztiak maila handi batean murrizteko neurriak badaude, eta garrantzitsua da gurasoek haurrei horiek irakastea. Honakoak dira, adituen arabera, jarraitu beharreko arau batzuk (sarean aritzen diren helduentzat ere balio dute, noski): sare sozialetan profil bat egiten dugunean pribatutasun ezarpenak aldatu behar dira edukia lagunek bakarrik ikus dezaten; ulertu behar dugu Interneten ezagutzen ditugun pertsonak gure lagunak ez direla, eta, hortaz, ezin dugula beraiengan konfiantza itsua izan.

Horrez gain, ez dugu informazio pertsonalik argitaratu behar (telefonoa, helbidea, pasahitzak...); argazki bat argitaratzean tentuz ibili behar gara, horiek argitaratzen ditugun momentutik euren gaineko kontrola galtzea erraza delako. Gomendio orokorra da publikoki erakutsiko ez zenukeen hori inon ez publikatzea, lagun artean zaudela uste baduzu ere.

Eguneroko bizitzan bezalaxe, jendea errespetuz tratatu behar da sarean ere; norbaitek mintzen bagaitu edo beste pertsonak mintzen ari den norbait antzematen badugu, hura salatzea erabiltzaile guztien ardura da.

Internetera telefono mugikor batetik konektatuz gero, geolokalizazioa deskonektatzea ideia ona da, honela, zerbait publikatzen badugu inork ez du jakingo nondik ari garen. Txat bidezko elkarrizketak gordetzea ere komenigarria da, norbaitekin arazorik izanez gero froga moduan erabil daitezkeelako. Era berean, zerbait gertatzen bazaigu laguntza eskatu behar dugu. Umeen kasuan, gurasoengana jo behar dute, haiek baitira zalantzarik gabe aliaturik onenak; era berean, umeek jakin behar dute norbaitek egin nahi ez duten zerbait egiteko eskatzen badie, ez direla egitera behartuta sentitu behar.

Finean, Interneten seguru aritzeko tresnarik eta filtrorik onena ezagutza bera da, zentzuz jokatzea, alegia.

Eta gizarteak zer?

Ikerketei esker datu kuantitatiboak lortzeaz gain, Interneten erabilerarekin zerikusia duten gauza askoz konturatu dira azterketa egin duten adituak eta horiekin lotuta hainbat gomendio eman dituzte. Konturatu dira mugikorrak erabilera pribatuko gailuak direla eta hala erabiltzen direla gainera, baina smartphone enpresei gomendatu diete tableten ereduari jarraitzea, hau da, mugikor bakar batean kontu desberdinak zabaldu ahal izateko aukera ematea. Honela kontu bakoitzak segurtasun maila bat izan dezake.

Industriari begira berriro ere, ordainpeko zerbitzuen inguruko gardentasun handiagoa eskatzen dute. Haur eta nerabe askok nabarmendu dute ikerketan ordainpekoak zirela jakin gabe hainbat zerbitzu erabili izan dituztela, eta horrek etxean arazoak sortu izan dizkiela.

Nahiz eta gurean telefono mugikorrek ez duten harrera ona eskoletan, Europan gai honetan askoz aurreratuago daude eta Interneten erabilpena pixkanaka sartzen hasi dira. Horren harira, adituek uste dute telefono mugikorren erabilerak desberdintasunak sor ditzakeela haurren artean. Haur guztiek ez dute tablet edo telefonoa, eta dutenen artean guztiek ez dute Internetik. Horregatik, proposatzen dute teknologia inklusiboa sustatzea, alegia, gailuak guztien artean partekatzea eta wifi bidezko doako konexioa eskaintzea. Eskolei telefonoen erabilera didaktikoa sustatzeko ere eskatzen diete. Haur gehienek mugikorrak ondo pasatzeko gailu gisa ikusten dituzte, eurekin asko ikas dezaketela jakin gabe. Era berean, hezitzailea den aldetik, Internetek dituen arriskuak azaltzen askoz aktiboagoa izan behar luke eskolak adituen ustez, batez ere haur eta nerabeek Internet bidez izaten dituzten harreman gehienak eskolako lagunekin izaten dituztelako.

Azkenik, gizarte osoari zuzendutako gomendio bat ematen dute. Sexting kasu baten aurrean, neskatxak ez biktimizatzea (normalean kasuotan neskak izaten dira kaltetuak). «Ezinezkoa da berak horrelako irudiak bidaltzea» eta mota horretako mezuek biktima oraindik okerrago sentiaraztea lortzen dute. Bestalde, jarrera sexistak baztertzea gomendatzen dute; errua ez da soilik neskarena argazki horiek bidali dituelako, baizik eta baita mutilarena ere errespetuz jokatu ez duelako.

 

«Deskonektatu konektatzeko»

 

teknologiarik gabeko egonaldiak

Internetetik “desintoxikatzea” behar dutenen istorio ugari aurki daitezke... sarean. Horietako bat da Levi Felixen kasua. Startup teknologiako zuzendari sortzailea zen Los Angelesen eta astean 60 ordu egiten zituen lan. Une oro zegoen lanarekin harremana zuten deiak jasotzeko prest. Erritmo hori bi urtez mantendu zuen, gehiago iraun ezin izan zuen arte. «Ospitalean amaitu nuen barne odoljario batekin. Uste nuen janariren batek kalte egin zidala, baina nire gorputza zen erritmoa jaisteko eskatzen zidana», azaltzen du. Ordutik bere bizitzako lehentasunak aldatu zituen: bere bikotekidearekin bidaiatzeari ekin zion. Denbora horretan bere osasuna eta umorea aldatu egin zirela konturatu zen. «Begiratzen nuen leku guztietan zegoen norbait pantaila bati begira, inork ez zuen inorekin hitz egiten», eta, hori ikusita, The Digital Detox enpresa sortzea otu zitzaion. Enpresak teknologiarik gabeko asteburu pasa edo oporraldiak prestatzen ditu. «Deskonektatu konektatzeko» da bere leloa eta teknologien menpekotasuna dutenei zein teknologia berriak alde batera utzi nahi dituztenei zuzenduta dago.

Hori bai, oporraldi horietara joan gabe ere praktika dezakegu “desintoxikazioa” etxean bertan. Felixek bost pauso gomendatzen ditu horretarako. Lehena, ordu/egun batzuetan off line izango garen abisua ematea sare sozialetan. Honela, erabiltzailea lasaiago geldituko da. Bigarrena, iratzargailu bat erostea. Jende askok telefonoko alarma erabiltzen du esnatzeko eta hura ohe ondoan izateak mezuak begiratzeko beharra sor dezake. Hirugarrena, otorduetan gailuetatik urrun egotea. Laugarrena, sare sozialetako notifikazioak deuseztatzea. Honela ikonoren bat agertzen den bakoitzean begiratzeko beharra desagertzen da. Felixek gomendatzen du sare sozialak begiratzeko ordutegi bat finkatzea. Azkenik, aspertzean, telefonoa hartu ordez pentsatzea gomendatzen du.